Ikasle Abertzaleek MUren Europara egokitzeko plana kritikatu dute

Txomin Madina Milikua 2008ko api. 17a, 20:34
Arrasateko Goi Eskola Politeknikoan egin duten prentsaurrekoan, neoliberalismoak hezkuntza bereganatu eta merkatu kapitalistaren mesedetarako instrumentu bilakatzen duela salatu dute.

Mondragon Unibertsitateak Europako Goi Irakaskuntzara egokitzeko planarekin izan duen jarrera ere ez dute begi onez ikusten Ikasle Abertzaleek, eta faltsutzat jo dute, esanez  planari buruzko informazioa eskatzera joan direnean, planaren existentzia bera ere ukatu egin zaiela.

Aipatu dute baita ere, HUHEZIko fakultateko hezkuntza komunitatea izan dela Europako hezkuntza ereduaren zilegitasuna eztabaidan jarri duenetariko bat, eta ondorioz Euskal Herriko hainbat eragilek adostutako adierazpena oinarri hartuta eztabaida bidezko dinamika bat zabaldu dutela. Gaineratu dute, gelen %75ak atxikimendua eman diela ondorengoa dioen aldarrikapenari: "Europar Goi Hezkuntza Sistemaren inposaketaren aurrean, gure herriaren mesedetara egokitutako hezkuntza sistema behar dugu; komunitate osoaren eztabaida partehartzaile eta irekiaren bidez bermatuko dena".

Ordutegiak eta kanpora irtetzea

Mondragon Unibertsitateak bere planean aipatzen dituen neurrien artean, eskolaz kanpo sartu beharreko orduen kuantifikazioa eta kontrola dagoela esan du IAk, eta salatu dute guzti horrek ikasleak 40 orduko lanastera ohitzea duela helburu, ez diela ikasleei euren denbora behar bezala antolatzen uzten, eta ikasketak ordaintzeko lan egiten dutenentzat traba bat dela.

 

Ikasleak ikastera atzerrira bidaltzeko nahia obsesibo xamarra iruditzen zaiela gaineratu dute, eta horrek herri identitate gabeko teknokratak sortzea ekarriko duela iragarri. Salatu dute baita plan horrek euskararen murriztapena eta kuoten igoera ekarriko duela.

Ikasle Abertzaleen eskaria

Hiru eskari egin dituzte Ikasle Abertzaleek:

  • ikasleen hitza kontutan hartzen duen eztabaida eman arte planaren aplikazioa etetea.
  • bide inposatzaileak alde batera uztea.
  • Europar merkatuak ez baldintzatzea bertako hezkuntza sistemaren izaera.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak