Ibarreko 21 lagun 'Ehun milak' ultratrail proban

Xabier Urtzelai 2010ko uzt. 16a, 11:25
Iritsi da eguna. Gaur, egubakoitza, 18:00etan hasita ibarreko 21 lagunek –seguru dagoeneko norbaitek atzera egin duela– hasiko dute Euskal Herriko mendietan inoiz egin den iraupen luzeko probarik gogorrena, Ehun milak. Balentria batzuendako, erokeria beste askorendako, Beasainen hasi eta amaituko duten proba egiteko mendizaleek 48 ordu izango dituzte.

Eta tartean, oinetan babak, giharretako arazoak, deshidratazioa, lo falta, erorikoak eta beste kalamitate asko gainditu beharko dituzte mendizaleek;  eta kontraesana da, baina zailtasun horiek gainditzean dago grazia.

Has dadila, behingoz

Urtarrilean izena eman zutenetik zazpi hilabete pasa dira, eta dagoeneko proba hasteko deseatzen daude gehienak, hasi, amaitu, eta ahaztu: "Mendira gustuz joaten gara, eta eskerrak, baina dagoeneko luze ere egiten ari zaigu. Jendeak galdetu egiten du ea entrenamenduak zelan doazen, asteburuetan ordu asko eskaini dizkiogu ondo entrenatzeari, beste mendi proba batzuetan ere izan gara... proba hasi eta amaitzeko deseatzen nago, eta udari behar den moduan heltzeko, zaletasun honetatik ere oporrak hartzeko", adierazi digu ibarreko 21 ordezkarietako batek, Arkaitz Arregi arrasatearrak.

Hiru handiak, entrenamendu

Arregi Hiru handiak proban egon zen ekainean. Entrenamendu modura hartu zuen 100 kilometroko mendi zeharkaldia, eta Xabier Iñurritegi oñatiarrak ere gauza bera egin zuen: "Gustura amaitu nuen, 17 orduren bueltan ibili ginen, baina, normala den moduan, Araiara nekatuta iritsi ginen. Helmugan, Ehun miliak proban egin beharreko lanaz akordatu ginen, beste 67 kilometro izango ditugula egiteko, baina motibazio kontua da dena, eta neu, behintzat, oso motibatuta nago". Iñurritegik bi urte daramatza iraupen luzeko probak egiten, badaki Chamonix-eko proba amaitzea zer den (The North Face Ultratrail du Mont Blanc), eta horrelako proba bat etxean egin behar zutela jakin zuenean ez zuen birritan pentsatu: "Baina Ehun miliak gogorragoa izango da, bai distantzian, bai maila igo eta jaitsi beharreko desnibelean ere". Izan ere, atletek gaurtik domeka arte 11.000 metro igo beharko dituzte, eta 11.000 metro jaitsi.

Erreferentzia falta

Ehun miliak egiteko orduan, mendizaleek gainditu beharreko zailtasunetako bat da ez dutela beste edizio batzuetako erreferentziarik. Esaterako, Hiru handiak probaren ibilbidean aurten egin duten noranzko aldaketak erakutsi du hori: "Itsuan irtengo gara denok, eta, hain justu, horregatik, jendea oso lasai irtengo dela esango nuke. Lasterketako lehenengo zatia ez da gogorra. Gehiago esango dut, 100 kilometroko proba izango balitz, ez luke aparteko gogortasunik izango. Baina bigarren zatian hasten da gogorrena, eta indarrak gorde beharko ditugu", adierazi du Iñurritegik. Eta ondo dabil, 100. kilometroan Txindoki eta 140. kilometroan Aizkorri igo beharko dute-eta: "Joan den astean ibili ginen paraje horietan, Aizkorri eta Aratz inguruan, eta zera komentatu genuen, domekan itxura ederrarekin igoko ditugula aldapa horiek, begiak oker, seguru".

Tolosan lo-kuluxka

Ibilbidean zehar mendizaleek izango dute lo-kuluxka egiteko aukera: "Tolosan bizpahiru orduz atseden hartzeko asmoa dugu. Dutxa bat hartu, lo apur bat egin eta berriro aurrera. Ez dakiguna da atseden hartu ostean gorputzak zelan erantzungo duen berriro ere martxan jartzerakoan. Hori ere entrenatu egiten da, eta guk ez dugu horrelakorik egin".

Asteburuan lasterkariak animatzeko asmoa duenak jakin behar du gaur gauerdian Gorlako Altzasu elkartetik igaroko direla lasterkariak, eta zapatu eguerdian Txindoki inguruan ibiliko direla atleta asko. Hortik aurrerakoak...

Ehun milatan izango direnak

ANTZUOLA

  • Luis Urigoen Irusta   

ARAMAIO

  • Iñigo Eriz Unzueta

ARETXABALETA

  • Jose Miguel Mediavilla    

ARRASATE

  • Arkaitz Arregi Sagasta 
  • Zigor Jimenez Benito 
  • Ander Ugalde Etxebarria

BERGARA

  • Jose Inazio Balentziaga
  • Aitor Elkoro Fernandez
  • Xabier Elkoro Fernandez 
  • Xabier Uribesalgo Bikuña

ESKORIATZA

  • Iñigo Biteri Pagaldai

OÑATI

  • Aitzol Guridi Zubia 
  • Xabier Iñurritegi Alzelai
  • Argider Isasti Lazkano 
  • Iban Isasti Lazkano 
  • Alberto Larrea Alava 
  • Jesus Odriozola Agirrezabal
  • Andoni Urtaza Agirrezabal 
  • Iker Agirrebalzategi Guridi 
  • Jon Aizpeurrutia Alzelai 
  • Pablo Arejolaleiba Ugarte

 

Iturria: Ehun milak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak