HUHEZIk hartuko du Eralan ikerketa-proiektuaren ardura

Maider Arregi 2009ko aza. 4a, 16:35
Mondragon Unibertsitatearen Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak hartuko du Eralan ikerketa-proiektuaren ardura. Bigarren aldi honetan -Eralanek bi ikasturte irauten du, eta orain bigarren aldian dihardu-, aldi honetan ere Nekane Goikoetxea HUHEZIko irakaslea ari da Eralan zuzentzen, Soziolinguistika Klusterrarekin elkarlan estuan.

Joan den urriaren 1ean Nekane Goikoetxeak Donostian hitz egin zuen Kutxak antolatutako jardunaldi batzuetan -bertan ziren Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia, Xabier Iturbe Kutxako lehendakaria, Carlos Ruiz Kutxako Komunikazio arduraduna, Xabier Barandiaran diputatu nagusiaren kabinete burua, Maria Jesus Aranburu Kultura diputatua eta Ainhoa Beola, Donostiako Udaleko zinegotzia-, eta azaldu zien han bildutakoei zertan den Eralan proiektuaren bigarren aldi hau. Beste horrenbeste egin zuen urriaren amaieran, Eusko Legebiltzarrak antolatutako "Hizkuntza gutxituak administrazioan" izeneko jardunaldietan.

Eralan proiektua

Eralan ekimen bat da Soziolinguistika Klusterrak sortua, eta helburua du aztertzea zein faktorek duten eragina lan alorreko hizkuntza normalizazioan. Proiektuak bi aldi izan ditu. Batetik, 2006-2008 aldian identifikatu ziren lan munduan zer aldagaik eragiten duten euskararen erabileran. 2008-2010 aldian, berriz, asmoa izango da lidergoa ikertzea, bi helbururekin:

  • Estrategiak lantzea hizkuntzaren eraldaketa prozesuetako hainbat lider mota sortzeko (euskara teknikaria, euskararen aldeko taldea, lider informalak eta lider instituzionalak), antolatzeko eta eraginkortasuna lortzeko.
  • Sakontzea liderrak zelan landu dezakeen diskurtsoa hizkuntza eraldaketa prozesua bideratzeko, helburua baita argudio bateria bat sortzea lider exekutiboek darabilten diskurtso-moldeetarako.

Hainbat erakundek parte hartzen du Eralanen, Soziolinguistika Klusterreko bazkideak batzuk, beste batzuk ez. Bi aldiak kontuan hartuta, honako hauek bildu dira egitasmoan:

Bizkaiko Foru Aldundia, LAB sindikatua, Eusko Ikaskuntza, Ahize hizkuntza aholkularitza, Elhuyar Aholkularitza, Emun Lana Euskalduntzeko Kooperatiba, Artez Euskara Zerbitzua, Mondragon Unibertsitatea, Bermeoko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia, Euskal Herriko Unibertsitatea, Arabako Foru Aldundia eta Gipuzkoa Donostia Kutxa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak