Hobeto birziklatzeko kanpainak 400 euroko sariak banatuko ditu

Leire Kortabarria 2009ko ira. 21a, 19:03

'Birziklatu, ontziek bizitza luzea dute' izenarekin, edukiontzi horia hobeto eta sarriago erabiltzeko kanpaina aurkeztu dute gaur Mankomunitateko Ingurumen Batzordeko arduradunek eta kanpaina prestatu duen Arteman komunikazio agentziak. Kanpaina horren berezitasun bat da banatuko duten inkesta bat betetzen eta entregatzen dutenen artean 400 euroko hiru sari zozketatuko dituztela. GOITBn ere diru-sariak banatuko dira.

Irailaren 28an hasiko dira Debagoieneko etxebizitza guztietan 24.000 esku-orri buzoietan sartzen, eta GOITBn iragarkiak ematen. Kanpainak hilabete iraungo du, eta helburua da debagoiendarrongan kontzientzia piztea edukiontzi horia erabiltzeko, eta informazio garbia ematea han zer sartu behar den. Baita hara botatako materialarekin zer egiten den ere. Izan ere, Mankomunitateko Ingurumen Batzordeko arduradunen esanetan, edukiontzi horia gutxiegi erabiltzen dugu: "Oso erabilpen portzentaje baxua dugu: %19. Kartoiaren edukiontzia %57 erabiltzen da, eta beirarena, %70. Gainera, Gipuzkoan baino gutxiago erabiltzen dugu: Gipuzkoako batezbestekoa da 13 kilo material batuta biztanleko eta urteko, eta Debagoienekoa, 10 kilo", esan zuen Jose Mari Iturbe Ingurumen Batzordeko kideak.

Edozein modutan, arazoa ez da zer botatzen den; arduradunek esan zuten "oso material ona" jasotzen dela edukiontzi horietan. Badirudi arazo handiena dela jendeak zalantzak dituela hondakin batzuekin: "Zalantzaren aurrean, zaborretara botatzen dugu", esan zuen Pedro Lasagabaster Ingurumen batzordeburuak.

Bada, esku-orri horretan zehazten da edukiontzi horian zer bota behar den eta zer ez; eta batutako hondakinak birziklatu ondoren, zer egiten den horrekin.

Birziklatzearen gainean jakitearren, sariak

Esku-orriarekin batera, inkesta labur bat jasoko dute debagoiendarrok, eta hori betetzera animatzen dute arduradunek. Gero, horretarako propio jarriko dituzten kutxa batzuetan sartu, eta 400 euroko hiru sariren zozketan sartuko dira bederatzi galdera zuzen erantzuten dituztenek. Bestalde, urrian barrena, GOITBko Goiena Magazinea-ren barruan tarte bat izango du kanpainak, eta 200 euro banatuko dute saritan saio bakoitzean.

Inkesta hori Interneten betetzeko aukera ere badago. Kanpainaren berri ere jaso daiteke Mankomunitatearen webgunean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak