Hiesaren Aurkako Nazioarteko Eguna: harreman sexualen bidez kutsatzen da jende gehien

Usoa Agirre 2009ko abe. 1a, 12:25
Harreman sexual berri bat hastean ei dago arrisku gehien HIESAz kutsatzeko, zaila delako bikote berriari osasun sexualaz galdetzea, osasun saileko arduradunek diotenez. Eta hiesaren beldur handirik ez dagoenez gaur egun, sarri ez da hartzen prebentzio neurririk. Horregatik, aurtengo kanpaina bikote berriei begira dago batez ere; arriskurik hartu ez eta GIB birusaren proba egitea eskatzen zaie. Iñaki Peña Debagoieneko ospitaleko medikuarekin egon gara eta berak eman dizkigu hiesaren eta GIB birusaren gaineko xehetasunak.

Kanpaina honekin, hies kasu berriak gutxitzea gura du Osasun Sailak. Joan den urtean, Euskal Autonomia Erkidegoan, GIB birusarekin kutsatutako ia 200 kasu berri antzeman zituzten, erdiak baino gehiago gizonezkoak, heterosexualak eta 38 urte ingurukoak. Aurten, 192 lagun kutsatu dira.

Baina beti ez da horrela izan. Azken 25 urtetan, Euskal Herrian hiesaren aztarna lehen aldiz agertu zenetik, hiesak izan duen eboluzioa liburuxka baten bildu du Jaurlaritzak. Gaur egun, hiesa dutenak gaixo kroniko bihurtu dira eta behar bereziak dituzte, horiei aurre egitea da osasun arduradunen erronka.
 
Datu gehiago ere eman ditu Rafael Bengoa Osasun Sailburuak. Dio 1980ko hamarkadaren erdialdean urtero 500 lagun kutsatzen zirela, joan den urtean, berriz, 70 kasu berri egon zirela. Datuei begiratuta, Osasun Sailburuak kezka agertu du, hiesak behera egin arren, GIB gaitza sortzen duen birusa igo egin delako azken urteetan, igoera motela izan bada ere. Aipatu, baita ere, hiesak urtean 40 lagun hiltzen dituela Euskal Autonomia Erkidegoan.

GIB frogak Arrasaten

Bestalde, hiesaren kontrako egunaren harira, bihar, eguaztena, Arrasaten GIB frogak egingo dituzte, Sexologia Zerbitzuan.

Hain zuzen ere, giza immunoeskasiaren birusaren antigorputzen presentzia detektatzeko frogak dira bihar egingo dituztenak. 15 minutu inguruko froga da.

Hitzordua egin dute 17:00etatik 19:00ak bitartean, Garibai etxearen bigarren solairuan. Eta iragarri dute Arabako hiesaren kontrako batzordekideak etorriko direla froga horiek egitera gura duen edozeini. Informazio gehiago behar izanez gero: 943 25 20 66 eta www.sexologiazerbitzua.com

Osasun tartea hiesaren gainean

Gaurko Goitb-ko Goiena Magazinea-n hiesaren gainean jardungo dugu. Iñaki Peña medikuak esandakoak jasoko ditugu eta horrez gain, Txerra Bolinaga izango dugu platoan, Arabako Hiesaren Kontrako batzordekidea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak