Herritarrek parte hartzeko foroa, Azkoitia-Urretxu arteko errepidea definitzeko

Usoa Agirre 2009ko eka. 11a, 17:11

Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatuko du herritarrek parte hartzeko esperientzia hori, zehazki GI-631 errepideko 13 kilometroko tarte batean, Azkoititik Urretxuko hirigunerako sarrerara artekoan, errepidearen eraberritzea nola egingo den definitzeko. Herritarren parte-hartze prozesua Mondragon Unibertsitateak gidatuko du, bidea doan udalen laguntzaz (Azkoitia, Urretxu, Zumarraga, Antzuola eta Bergara).

Horretarako, Diputatuen Kontseiluak onartu du "GI-631 (Azkoitia-Urretxu) errepidearen trazatua definitzeko herritarren parte hartzea" proiektua, Mondragon Unibertsitateak prestatua, herritarrek parte hartzeko jarraituko diren urratsak eta mekanismoak zehaztuz. Gaur, eguena, aurkeztu dute proiektu hori.

Parte hartzeko metodoa

Antzuola, Azkoitia, Bergara, Urretxu eta Zumarragako 18 urtetik gorako biztanleen artean 50 herritar ausaz hautatu eta haiekin lansaio batzuk egingo dira.
 
Parte-hartzaileei hobekuntza proiektuaren gaineko informazioa ikuspuntu desberdinetatik emango zaie, eta gero haiek adieraziko diote Foru Aldundiari zer proposamen edo irizpide diren beren ustez egokienak errepidearen behin betiko trazatua eta ezaugarriak erabakitzeko.
 
Gipuzkoako Foru Aldundiak, berriz, parte hartzaileek mahai gainean jartzen dizkioten gai guztiei baiezkoarekin edo ezezkoarekin erantzungo die, hala dagokienean egin egingo ditu, eta lanak egiteko denbora plangintzaren berri emango die. Prozesuan parte hartzen duten parte-hartzaileen azken erabakia Aldundiarentzat proposamen edo gomendioa izango da, ez da loteslea izango.

Helburua

Informazio azterketa mailan, GI-631 errepidea Azkoititik hasi eta Urretxuko udalerrian Zumarragako saihesbidearen hasierarainoko zatia hobetzeko aukera desberdinak aztertzea da helburua. Izan ere, gaur egun trazatu laua dauka baina oso bihurgunetsua; 12 kilometro luze da; eta gehienbat Urola ibaiaren ertzetik doa, bailararen zati handi bat hartuz.
 
Errepideak 3,50 metroko bi lerro eta metro bateko bazterbideak izango ditu. Aztertu da, halaber, zein aukera egon daitekeen aurreratzeko guneak jartzeko zati batzuetan, dela noranzko baterako zein besterako, txandaka, lerro berri bat jarrita orografiak aukera ematen duen lekuetan.
 
Hobekuntza horien helburua da Urola bailara (Azkoitia, Azpeitia) hegoaldera eta gaitasun handiko sarera lotzea (Beasain-Bergara ardatza), eta honen bidez N-Iera eta AP-1era.    

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak