Haserreak eta etsipena Arrasateko Enplegu Bulegoan

Arritxu Barruso 2009ko abu. 18a, 17:17
Espainiako Gobernuak, atzo, langabeendako 420 euroko diru-laguntzaren legea onartu zuenetik debagoiendar asko hurbildu dira Arrasateko Enplegu Bulegora. Baina, asko eta asko haserre eta esku hutsik itzuli dira etxera 420 euroak jasotzeko langabezia saria abuztuaren 1etik aurrera agortu behar izan dela jakiterakoan.

Krisi ekonomikoaren gordinena pasatu dela dio zenbaitek eta berdeguneak ikusten hasi dira han eta hemengo agintari politikoak; Obama langabezia EEBBetan %0,1 jaitsi zela-eta pozik zen orain dela aste batzuk; Frantzia eta Alemania atzeralditik irten omen dira eta asteon jakin dugu Japon ere atzeralditik atera dela.

Gurera etorrita, baina, krisiak datu gordinak ematen jarraitzen ditu, uztailean langabezia tasak gora egin zuen berriro ere Bizkaia eta Gipuzkoan. Hori horrela, Hego Euskal Herrian gaur egun dauden 154.000 langabe inguruk pozik hartu zuten Espainiako Gobernuak langabeentzat agindutako 420 euroko diru-laguntza. Horrelakoetan gertatzen den moduan, baina, hasiera batean izenburuarekin berarekin bakarrik geratzen gara guztiok: Langabeendako 420 euroko diru-laguntza onartu du Espainiako Gobernuak. Baina, ondoren, iragarkietan gertatzen den moduan diru-laguntzek ere letra txikia eta baldintza asko izaten dituzte. Beraz, zeinek lor ditzake benetan 420 euro horiek? Honakoa azaldu digu Aurelio Angulo Arrasateko Enplegu Bulegoko langileak: "Langabezia saria urte honetako abuztuaren 1etik aurrera amaitu zaien langabeei zuzendutako diru-laguntza da. Horrez gain, gero, baldintza ekonomiko batzuk bete behar dira".

Abuztuaren 1a. Horixe izango litzateke kasu honetako letra txikia eta zeresan eta iskanbila sortu duena. Langabezia saria abuztuaren 1etik aurrera agortutako langabeek bakarrik eskatu ahal izango dute 420 euroko laguntza. Beraz, abuztuaren 1a baino lehenago langabezia sari barik edo ordainketa barik zeudenek ezingo dute laguntza berria eskatu. Horrez gain, eskatzailearen sarrerak Lanbidearteko Gutxieneko Soldata baino %75 baxuagoak izan behar dira. Bestetik, onuradunek 65 urte azpikoak izan beharko dute eta lan zerbitzu publikoaren konpromisoa bete beharko dute, hau da, heziketa eta lanerako plan batean parte hartzeko beharra. Espainiako Gobernuak azaldu du diru-laguntza berria, langabezia tasak %17a gainditzen duen artean mantenduko duela.

Arrasateko Enplegu Bulegoan galdera bakarra entzuten da azken egunotan. 420 euroak jaso al ditzaket? Erantzuna ezezkoa izaten ari da kasu askotan eta haserreak eta kexuak asko izan dira Arrasateko Enplegu Bulegoan. " Atzo mugimendu handia egon zen, eta etorri ziren askok ez zuten laguntza jasotzeko eskubiderik. Modu txarrak, aurpegi txarrak… Horrelako asko egon ziren. Bai, atzokoa egun txarra izan zen", dio Aurelio Angulok.

Arrasateko Enplegu Bulegoko arduradunek aholkatu dute, diru-laguntza jasotzeko baldintzak betez gero, eskaera ahalik eta azkarren egitea. Izan ere onuradunek, diru-laguntza, eskaera egiten den egunetik aurrera jasoko dute eta ez langabezia sari barik geratu ziren egunetik. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak