Guardiak Arrasaten egitea proposatzen dute farmazialariek

Asier Alkorta 2010ko urr. 8a, 15:01

Gaueko guardiak beste modu batera antolatzeko proposamena bidali dio Gipuzkoako farmazilarien elkarteak Osasun Sailari. Gaur egun Debagoienean gauetan lau herritako farmaziak egoten dira zabalik eta zerbitzu hobea eskaintze aldera, farmazialariek proposatzen dute guardiak Arrasaten bakarrik egitea.

Gaur egungo antolaketarekin, Debagoieneko bederatzi herrietako lau farmazia egoten dira zabalik gauero: bat Aretxabaletan edo Eskoriatzan, bat Arrasaten, bat Bergaran eta bat Oñatin. Antzuolan, Elgetan eta Aramaion ez dago gaueko guardiarik.

Gipuzkoako Sendagaien elkarteak dio, Debagoieneko gaueko guardiako farmazia zerbitzua beste modu batera antolatu behar dela. Izan ere, diote modu honetara diru asko galtzen dutela farmazilariek (120 eta 150 euro inguru gauero), lan karga handia jasaten dutela eta gainera zerbitzua ez dela erabiltzen.

Hori ikusita, honako proposamena ipini dute Osasun Sailaren mahai gainean: Debagoieneko gaueko guardia guztiak urte osoan Arrasaten bakarrik egitea, larrialdietarako zerbitzuak dauden herrian, alegia. Maribi Anitua farmazilariak dio, jendearentzako ere errazagoa izango dela sistema hori eta gaineratzen du, guardiako zerbitzua oso gutxi erabiltzen dela.

Proposamenaren gaineko azken erabakia osasun sailarena da eta onartzen bada, datorren urtean hasiko lirateke modu horretan lanean. Proposamena Debagoieneko udaletara helarazi du Osasun Sailak, baina, bakarrik iritzi gisa baloratuko da.

Guardiak emateko lekua ez litzateke aldaketa bakarra izango, izan ere, guardiak ematen dituzten farmaziak espezializatu egingo lirateke, eta horrek abantaila asko ekarriko lituzke. Donostian adibidez, horrela egiten da; guardiako farmazialariak medikuarekin harremanetan egongo lirateke eta sor daitezkeen arazoak unean konponduko lirateke.

Proposamena da, botikari guztiek diru bat ipinita, hiru farmazialari kontratatzea soilik gaueko guardia emateko. Farmazialari horiek gaur egungo botiketan egingo lukete lan. Dena dela, erabakitzeko dago Arrasateko farmazia guztiak sartuko liratekeen edo ez.

Antolaketa hori Gipuzkoa osoan egin nahi dute, eta eskualde batzuetan dagoeneko hala egiten da. Zonalde bakoitza bere kabuz antolatzen da guardiak emateko. Finantzaketa modu hori ere Gipuzkoa osorako izango litzateke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak