Gorenak ezingo ditu EAE-ANVkoak izandako udalak desegin, oraingoz

Jon Berezibar 2008ko aza. 3a, 19:06
Estatuaren Abokatuaren txosten batek zehaztutakoaren arabera, Gorenaren EAE-ANV legez kanporatzeko epaiak ez du uzten alderdi horretako hautetsiek osatutako Udalak desegiten. Legeak zehazten duenez, udalbatzak desegiteko "terrorismoa modu errepikatuan eta larrian babestu edo lagundu" behar da eta txostenak aitatzen du birritan soilik gertatu dela hori – Elorrion eta Hernanin –. Agirian, Estatuaren Abokatuak berak dio bi kasuak ez dutela ekintza hori modu errepikatuan egin denik erakusten eta, oraindik orain, ezingo litzateke, legea eskuan, udalbatzarik desegin.

Toki araubidearen oinarriak arautzen dituen legean oinarritu dira eta, berez, Espainiako Ministroen Kontseiluari ahalmena ematen dio horrek Udalak desegiteko. Araudi horretan bertan zehazten da udalbatzak bertan behera utz daitezkeela hura  osatzen duten kideek "terrorismoari babesa edo laguntza emanez gero, modu errepikatu eta larrian" edo "biktimak gutxiesten edo umiliatzen dituzte ekintzak babesten badituzte".

Legeak horixe zehazten du baina Espainiako zenbait hedabidetan argitaratu berri

denez, "terrorismoa babesteko" ekintzok modu errepikatuan gertatu ez direnez ezin lirateke desegin.

 

Elorrio eta Hernani

Bi kasu zehatz aitatzen dira txosten berean. Bat Elorrioko Udalari dagokio "preso eta errepresaliatuen batzordea" eratzeagatik eta Hernanikoa, kasurik ezagunena, hango alkateak ekitaldi baten presoen aldeko txaloak eskatzeagatik. Biak ala biak, terrorismoa babesteko ekintza moduan ulertu ditu Gorenak baina ez dute, antza, balio "terrorismoaren aldeko" berrespen moduan.

Era berean, Gorenak ez ditu ikusi "garrantzitsu"· moduan, hainbat Udalek AHTaren aurka egindako adierazpenak, txostenean jasotzen denez.

 

Deseginez gero, Aldundiak bereganatuko luke kudeaketa

Momentuz, beraz, ezingo dira ANVko kide ohiek osatutako Udalak desegin. Hala ere, aitatutako baldintzak bete eta Ministroek Udalbatzak desegitea erabakiko balute, Estatuaren Abokatuaren txostenak zer gertatuko litzatekeen eransten du. Kasu horretan, Udalak Foru Aldundiaren esku geratuko liratekeela ezartzen du txostenak, hurrengo hauteskundeak deitu arte, hau da, 2011an.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak