Gizarte politika indartzea eta ibarreko garraioa hobetzea eskatu du Aralarrek Aldundian

Txomin Madina Milikua 2008ko abe. 10a, 19:54
Abenduaren 22an onartuko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak datorren urterako aurrekontuak, eta Aralar alderdiak, 236 zuzenketa aurkeztu dizkio aurrekontu horien proiektuari. Zuzenketa horietako batzuk zuzenean Debagoieneko kontuei eragingo diete: besteak beste, garraio publikoa hobetzea eskatzen dute, baita Arrasateko La Merced Ikastetxe zena zahar egoitza bihurtzea ere.

Rebeka Ubera Aralarko batzarkideak eta Joxe Etxeberria  Arrasateko zinegotziak egindako agerraldian azaldu dutenez, Aldundiaren datorren urteko aurrekontuei aurkeztutako 236 zuzenketek abiapuntu bera dute, hau da, aurrekontuetan eragitea sozialagoak, aurrerakoiagoak eta euskaltzaleagoak izan daitezen.

Adierazi dutenez, iazko aurrekontuetan garraio publikoari eman bazioten garrantzia, aurten, eta egoera ekonomikoa medio, gizarte politikak indartu gura dituzte.

Hala, eskatu dute Udalek ez ordaintzea Diputazioarekin dituzten zorrak eta pertsona nagusien zaintzara bideratutako dirua 8,3 milioi eurotara igotzea ere eskatu dute, zaharren egoitzak sortu eta hobetu, etxez etxeko laguntzak gehitu eta eguneko zentroak indartzeko. Zentzu horretan, Debagoienerako badute proposamenik; gaur egun hutsik dagoen Arrasateko La Merced ikastetxea zahharen egoitza bihurtzea adibidez.

Garraio publikoa

Garraio publikoaren ingurukoa da Debagoienerako espresuki egiten duten beste proposamen bat. Zentzu horretan, ibarreko herrien arteko komunikazioa hobetzea eskatzen dute, baita Debagoiena eta Bizkaia lotuko dituzten zerbitzuak aztertzea ere.

Aralarren zuzenketek, beste hainbat gai ere jorratzen dituzte, hala nola,  bidegorrien eraikuntza bultzatzea (besteak beste Landa-Mekolaldeko bidegorrirako eta Antzuola-Bergara tarterako diru lerroak handituz), mugikortasuna hobetzea, hondakinei dagokienez errauskailua beharrean gasifikazioaren alde egitea eta errenta baxuenak Lanbidearteko Gutxieneko Soldatarekin parekatzea. Etxebizitzen arazoari irtenbidea emateko egiten duten proposamena da Aldundiak lurrak erosi eta lurren banku bat sortu ta kudeatzea, Udalek alokairu sozialeko etxeak egin ahal ditzaten.



ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak