Gipuzkoako zaborraren %57 birziklatu gura dute 2016. urtean

Mireia Bikuña 2008ko eka. 12a, 11:43
Hiri hondakinen arloan datozen zortzi urteotarako dituen asmoak azaldu zizkien Gipuzkoako Foru Aldundiak astelehenean, mankomunitate, udal eta gizarte eragileei. Hain justu ere, Gipuzkoako Hiri Hondakinen Kudeaketarako Plan Nagusiari (Pigruc) eginiko aldaketak biltzen dituen aurrerapen dokumentua aurkeztu zien, Garapen Iraunkorreko diputatu Carlos Ormazabalek.

Dokumentu horren arabera, 2016. urtean, Gipuzkoan sortuko den zaborraren %57 birziklatzeko eta konpostatzeko erabiliko dute; hain justu ere, 289.000 tona: horietatik, 229.000 tona askotariko gaiei dagokionez, eta beste 60.000 tona materia organikoari dagokionez. Egun 6.000 tona materia organiko konpostatzen dira dokumentuaren arabera, eta kopuru hori hamar aldiz biderkatzeko helburua jarri dute Foru Aldundiko arduradunek. Hain justu ere, 2002. urtean egindako planean baino %14 gehiago da. Bestalde, Foru Aldundiaren asmoa da 2016. urtean sortzen den zaborraren %47 erretzea.

Azpiegiturak

Hiri hondakinen aurrerapen dokumentuaren arabera, Foru Aldundiak 300 milioi euro inbertituko ditu zaborrak kudeatzeko azpiegituretan, eta inbertsioa, Hondakinen Partzuergoren bidez egingo da. Azpiegitura gehienak Zubietako gainetan jarri nahi dituzte, eta 2012rako martxan egongo dira. Hain zuzen, errauste planta, bio-lehortze planta, erraustearen zepak tratatzeko planta eta interpretazio zentroa. Bestalde, 2010a baino lehen, hiru konpostatze planta egingo dituzte: aurreko astean Lapatxen (Azpeitia) zabaldu zena, eta Goierrin eta Donostialdea-Bidasoan jarriko dituztenak.
Aurrerapen Dokumentu osorik ikusi gura duenak www.gipuzkoaingurumena.com helbidea begira dezake. Orain dokumentuari ekarpenak egiteko kanpaina zabaldu du Foru Aldundiak, hain justu ere, uztailaren 18ra arte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak