Gipuzkoako lehenengo ibilbide natural egokitua Aizkorriko parkean egongo da

Leire Kortabarria 2008ko ots. 22a, 09:53
Arantzazutik Gomistegira doan bide egokitua hasi dute; 1.865 metrokoa da. Ezberdintasun funtzionalak dituztenendako egokituta egongo da.


Gipuzkoako ibilbide natural egokituen sarea egingo du Foru Aldundiak, eta bide horietatik lehenengoa Oñatin egongo da: Arantzazuko Santutegia eta Gomistegi baserria batuko ditu bide horrek. Lanak dagoeneko hasita daude.
Ibilbide natural egokituen sarea atzo, eguena, aurkeztu zuten Gipuzkoako Foru Aldundiko Landa Ingurunearen Garapeneko eta Mendietako eta Natura Inguruneko arduradunek, Oñatiko alkate Lourdes Idoiagak eta La Caixako Gizarte programetako arduradunek –izan ere, erakunde horrek finantzatzen du Oñatiko bidea, zati baten.
zailtasunak dituztenendako
Ibilbide natural egokituen sarearen bidez, ezberdintasun funtzionalak –modu bateko edo besteko mugak, ezintasunak– dituztenei ibilbide interesgarrietan ibiltzeko aukera eman nahi die Aldundiak. Ezberdintasun mota asko hartu dituzte kontuan: fisikoa –gurpildun jesarlekuak edo makuluak darabiltzaten pertsonak, adindunak, ume-kotxeak daramatzatenak, bizikletan dabiltzan umeak…– ikusmenekoa, entzumenekoa edo intelektuala –ulermen, orientazio edo erabakiak hartzeko maila txikiagoa dutenak. Horien premiei erantzuteko, bideek baldintza batzuk betetzen dituzte, eta hauek egokituko dituzte: aparkalekuak, zabalera, malda, ateak eta hesiak, informazio eta atsedenerako guneak, altzariak, segurtasuna, zerbitzuak eta argiak.
Irizpide horietan oinarrituta, lehen hautaketa baten, lau ibilbide hartu dituzte Gipuzkoako parke naturaletan: Aizkorri, Aralar, Pagoeta eta Aiako Harria. Horietatik, Aizkorrikoa –Arantzazutik Gomistegira doana– dagoeneko badabiltza egiten. Proiektu osoa egiteko, 1,5 milioi euro jarri ditu Aldundiak.

"Garrantzi historiko handia"

Aizkorriko parke naturaleko ibilbidea aspaldikoa da, eta, garai baten, maiz egiten ziren Gomiztegi eta Arantzazu arteko joan-etorriak, baina, gaur egun, gutxi erabiltzen da ibilbide hori.
Aldundiak dioenez, "garrantzi historiko handiko ibilbidea da", eta erakargarritasun handiko bi leku batzen ditu. 1.865 metro luze da; horietatik 1.125 menditik doaz, eta Artzain Eskolara daramaten 740 metroak dagoeneko hormigoiz estalita daude.

Proiektua aurrera eramaterakoan, Foru Aldundiko Landa Ingurunearen Garapeneko Sailak lankide izan ditu Oñatiko Udala eta La Caixa Gizarte Ekintza. Aurrekontua 910.000 eurotik gorakoa du; horietatik 100.000 Oñatiko Udalak ipini ditu; 211.000 euro, finantza erakundeak; eta gainerako 600.000 euroak, Gipuzkoako Foru Aldundiak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak