Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoko ordezkaritza berritu du Debagoienak

Aintzane Irizar 2007ko urr. 11a, 13:28
Aurreko astean Debagoieneko Mankomunitateko gobernu batzordeak egindako batzarrean izendatu zituzten Gipuzkoako Hondakinen Partzuergorako Debagoieneko ordezkariak; izango dira Ino Galparsoro (EAE), Pedro Lasagabaster (EAE) eta Oxel Erostarbe (Aralar). Debagoiena, Debabarrena, Urola Kosta, Urola Erdia, San Markos eta Sasietako mankomunitateek eta Diputazioak osatzen dute partzuergoa.

Aurtengo otsailean sinatu zuten lankidetzarako hitzarmena, Gipuzkoako hiri-hondakinen kudeaketa definitzeko. Hitzarmen horretan jasotzen zen Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoa osatzea hiru hilabeteko epean; azkenean, maiatzean geratu zen partzuergoa osatuta. Txingudikoa izan zen partzuergoan sartu ez zen mankomunitate bakarra, baina aurreko astean egin zuen eskaera partzuergoan sartzeko eta oraingo asteko batzarrean partzuergoak erabaki du eskaera hori onartzea. Botoen %10 izango du Txingudiko Mankomunitateak; horrek ekarriko du beste guztien portzentajeak aldatu beharra.

Partzuergoko kide den erakunde bakoitzak hiru ordezkari ditu partzuergoan; boto guztiek, baina, ez dute balio bera. Botoen balioa izango da erakunde bakoitzak ordezkatzen duen biztanle kopuruaren araberakoa. Horrela daude banatuta botoak, oraingoz: Diputazioak dauka botoen %33; San Markos Mankomunitateak %32; Debabarrenak %8; Sasietak %7; Debagoienak %7; Tolosaldeak %6; Urola Kostak %4; eta Urola Erdiak %3.

Helburuak

Partzuergoaren helburu nagusia da Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorrean (PIGRUG 2002-2016) aurrez ikusita dauden azpiegiturak sortzea eta ustiatzea. Plan orokor hori onartu zen 2002an eta hiru printzipio nagusi hauek ezartzen ditu: ahalik eta hondakin gutxien sortzea (prebentzioa); zaborrak jada sortu badira, izan ditzaketen baliabideak ahalik eta gehien aprobetxatzea, zabor horiek birziklatuz, konposta eginez eta energia berreskuratzeko moduan erraustuz; hirugarren printzipioa da zabortegietan ahalik eta zabor gutxien biltzea eta betiere ingurumen berme handienekin.

Erraustegia, gai nagusia

Azkeneko urteotan erraustegiaren gaiak zeresan ugari eman du eta ika-mika asko sortu. Plan Orokorra aurrera eramatearen aldekoa da partzuergoaren gehiengoa eta hori argi geratu zen martitzeneko batzarrean. Horrek esan nahi du gehiengoa erraustegiaren aldekoa dela. San Markos eta Debagoieneko mankomunitateak dira aurka dauden bakarrak.

Martitzenean partzuergoak egin zuen lehen batzarrean erraustegia eraikitzeko lehen urratsak eman zituzten; izan ere, erabaki zuten batzorde bat osatzea plan orokorrean aurrez ikusten diren azpiegiturak egiteko, tartean, erraustegia. Baita azpiegitura horiek egiteko lehenengo azterketak eta aurreproiektuak egitea ere.

Bestalde, honako puntuak ere onartu zituzten: Donostiarekin hirigintza hitzarmena egitea Zubietako erraustegia egin ahal izateko; Azpeitian, Lapatxen, konpostaje-planta pilotu bat egiteko hitzarmena sinatzea eta edukiontzietan jasotako ontziak bereizteko Legazpin planta bat lortzeko lehendabiziko urratsak ematen hastea.

Izendapen eta aurrekontuak

Bestalde, Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoaren lehendakaria eta lehendakariordea izendatu zituzten. Lehendakari berria da Carlos Ormazabal, Garapen Iraunkorreko Gipuzkoako diputatua; lehendakariordea Denis Itxaso, Donostiako Udaleko Ingurumen batzordeko zinegotzia.

Aurtengo aurrekontuak ere onartu zituzten: Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak izango du hiru milioi euroko aurrekontua 2007an. Milioi bat jarriko du Gipuzkoako Foru Aldundiak eta gainerako bi milioiak mankomunitateen artean. Debagoieneko Mankomunitateari egokitu zaio 210.000 euro jartzea.

Debagoienaren desadostasuna

Ino Galparsoro Debagoieneko Mankomunitateko lehendakariak eta partzuergoko ordezkariak hauxe adierazi du: "Martitzeneko batzarrean 25 punturen gaineko erabakiak hartu behar genituen; guk eskatu genuen lehendakaria eta lehendakariordea izendatzea, baina gainerako guztiak mahai gainean lagatzea".

Horren arrazoia da lehenengo batzarrean dagoeneko erabaki hain garrantzitsuak hartzea ez dela egokia, Debagoieneko ordezkarien ustez. "Ez dugu izan ez aukerarik ez astirik gai horiek guztiak behar bezala aztertzeko", dio Galparsorok. Debagoieneko ordezkariez gain, eskaera bera egin zuten Urola Erdikoek eta San Markosekoek, Donostiako Udaleko ordezkariak izan ezik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak