Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzan sartuko da Debagoiena

Aintzane Irizar 2007ko urt. 26a, 10:46
Ibarreko udalek horretarako baimena eman beharko diote Debagoieneko Mankomunitateari. Erakunde horren helburua izango da Gipuzkoa osoko garraioa antolatzea eta kudeatzea.

Otsailean eratuko dute ofizialki Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritza. Elkarte anonimoa izango da eta haren zeregina, Gipuzkoako garraio publikoa kudeatzea, koordinatzea eta antolatzea. Elkarte horretako kide izango da Debagoieneko Mankomunitatea. Honako erakundeek osatuko dute elkartea: Gipuzkoako Foru Aldundiak (kapitalaren %46rekin); Eusko Jaurlaritzak (%15); Donostiako Udalak (%15), Irungoak (%6), Debagoieneko Mankomunitateak (%6), Garapen Ekonomikorako Debabarreneko elkarteak (%6) eta Oarsoaldeko Garapen Agentziak (%6).
Hamalau aholkulari edo ordezkari izango ditu elkarteak; gure Mankomunitateak ordezkari bat izango du hantxe.
 
Debagoienak 18.000 euro

Hasiera baten, 300.000 euroko kapitalarekin ekingo diote ibilbideari; Debagoieneko Mankomunitateari 18.000 euro jartzea egokitu zaio (kapital osoaren %6, lehen aipatu bezala). Mankomunitatea osatzen duten udal guztien artean jarriko dute diru kopuru hori, herri bakoitzaren biztanle kopuruaren arabera.

Kontuan hartu behar dugu, hala ere, Debagoieneko Mankomunitatea elkarte horretan sartzeko, Mankomunitatea osatzen duten udal guztiek horretarako baimena eman beharko diotela, osoko bilkuretan halaxe erabakita. Oraindik ez dute erabaki hori hartu udal guztietan. Urtarrilaren 31rako, baina, guztiek izan behar dute hartuta erabaki hori.
Bergara eta Arrasateko udalen kasuetan, gainera, herri barruko garraio publikoaren kudeaketaren ardura Gipuzkoako Garraioaren Lurralde Agintaritzaren esku lagako dute.
 
Txartel bakarra
Esan bezala, otsailean eratuko dute formalki elkartea, baina elkarte horrek egingo duen lanak baditu aurrekariak; German Berezibar Debagoieneko Mankomunitateko gerenteak zera azaldu digu: "Lurraldebus egitasmoarekin eman genituen lehendabiziko urratsak; Debagoienean, udalek Diputazioarekin hitzarmena sinatu zuten eta autobus linea gehiago eta maiztasun handiagoarekin ditugu harrezkero. Aurrera begira, berriz, txartel bakarraren sistema jarri nahi dugu Gipuzkoa osoan. Udaberria aurretik izango da hori, seguruena".
 
Panel elektronikoak autobus geltokietan
Bestalde, elkartearen beste zeregin bat zera izango da: geltoki guztietan sistema automatizatuak jartzea. Horrek esan nahi du panel elektronikoak jarriko dituztela; besteak beste, hurrengo autobusa noiz helduko den, iristeko zenbat minutu falta diren, adieraziko da panel horietan.
Azkenik, aipatzekoa da, elkarte honek, gure ibarrari dagokionez, autobus zerbitzuak kudeatuko dituela, oraingoz, beste garraio publikorik ez daukagulako. Etorkizunean, baina, tranbiaren zerbitzuaz ere arduratuko da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak