Gero eta ekitaldi gehiago, emakumeen eskubideen alde egiteko

Iker Barandiaran 2009ko mar. 9a, 00:20
Arrasaten Takarraran lasterketa, azoka eta kale agerraldia egin zuten domekan. Horrez gain, datozen egunetan, antzezlanak, erakusketak eta berbaldiak egingo dituzte ibarrean.

Atzo, domeka, Emakumeen Nazioarteko Eguna, ospatu zuten mundu osoan; eta Debagoienean gero eta ekitaldi gehiago egiten dituzte horren inguruan.
Eguna martxoaren 8a bada ere, joera da emakumeen aldeko ekitaldiak egun gehiagotan egitea. Hala egin dute aurten ibarreko udal gehienek. Horien artean Arrasate nabarmendu beharra dago udalerri horretan atzorako, domeka, inoiz baino ekitaldi gehiago egin zituztelako.

Baserritarrak eta artisauak

Domeka goizetik eguerdira,  urtero ohitura duten moduan, emakume baserritarren eta artisauen azoka egin zuten Seber Altube plazan. Goizean ez zen jende asko ibili, baina eguerdian herritar asko batu ziren arbigarak, babarrunak edota ogiak erostera; eta baita artisautza lanak ikusi eta erostera.

Takarraran lasterketa

Ia ordu berean, Udaleko Emakume Sailak sortu berri duen Takarraran lasterketari hasiera eman zioten Seber Altubetik oso gertu, Portaloian bertan. Emakumeendako lasterketa da, eta harrera oso ona izan zuen. Parte hartzaile nahiko batu ziren. Arrasateko, Aretxabaletako eta inguruko beste herri batzuetako 50 bat lagun, eta tartean lan baldintzengatik protestan dauden Iturbide egoitzako langileak ere.  Hiru bat kilometroko ibilbidea egin zuten Arrasateko erdigunetik barrena. Hellen Campbell izan zen irabazlea.

Kale agerraldia eta ekitaldia

Horrez gain, eguerdian Arrasateko eta inguruetako hainbat emakumek herri bazkaria egin zuten Arrasateko Uarkape jatetxean. Iluntzean, ordea, kale agerraldia egin zuten Arrasateko kaleetan zehar –antolatzaileen esanetan, inoiz baino jende gehiagok esku hartu zuen–; eta horren bukaeran ekitaldia egin zuten Herriko Plazan. Lehenik eta behin, Ain_1 taldeak musika eta dantza emanaldia egin zuen. Horren ostean, Arrasateko hainbat emakume ezagunei egindako galdeketekin osatutako bideoa eman zuten. Eta bukatzeko, Oihana Aranburu zinegotziak eta Sagra Lopez militante feministak komunikatu bat irakurri zuten.

Bestelako ekitaldiak ibarrean

Baina Arrasate ez da emakumeen eskubideen alde ekitaldiak antolatu dituen herri bakarra. Oñatin elkarretaratzea egin zuten atzo eguerdian herriko plazan; eta Eskoriatzako Amuska emakumeen elkartekoek Burgosera irteera egin zuten.
Bergaran, berriz, atzo Marimenditarrak ikus-entzunezkoa eman zuten; eta bihar, astelehena, txokolate-jana egingo dute Artatse elkartean, 17:00etan. 

Aretxabaletan, eguenean, hilaren 12an, emakume pakistandarren integrazio prozesuaren gaineko berbaldia egingo dute kultura etxean, 15:00etan; eta Aretxabaletako kultura etxean, Emakumeak aniztasunean izeneko erakusketa ikusgai dago hilaren 22ra bitartean. Ez hori bakarrik, Aretxabaletan jarraituta, martitzenean, hilaren 10ean,  ikus-entzunezkoa eta solasaldia egingo dute Enma Larretarekin; eta eguaztenean, hilaren 11n, La Resistens taldeak Metidas en harina antzezlana egingo du Arkupe kultura etxean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak