Hiru garraiolari autonomoen sindikatuak ez du greba hori deitu, baina aste honetarako mobilizazioak egitea aurreikusi du: hala, gaur, 10:00etan, Jundizko industrialdean protesta bilkura egingo dute, eta 11:00etan, Eusko Jaurlaritza parean, Lakuan. Hiruk argi utzi du ez duela Fenadismer elkarteak deitutako huelgarekin bat egingo.
Sindikatuko idazkari tekniko Esteban Muruamendiaratz bergararrak azaldu du azken bederatzi urteetan gasolioa %200 inguru igo dela. Urte hasieratik hona bakarrik, %30eko igoera izan duela gaineratu du. Hona hemen bergararrak igoera horri emandako zergatia: "Prezioak igotzen badira ere, orain arte erregaiak berdin saldu dira eta beraz, joera garestitzea izan dela. Azkenaldian, aldiz, kontsumoak apur bat jaitsi direnez, prezioek ere joera bera hartu dute.
Garraiolari motak
Garraiolarien artean hainbat egoera daudela aipatu du. Hala, nabarmendu nahi izan du ez dela gauza bera atzerritik edo ingurunetik ibiltzea. "Batzuk Alemaniara joaten dira, eta beste batzuk, Bergarara, Oñatira eta, noizean behin, Donostiara. Horien egoera zeharo ezberdina da. Lehenengoendako, kostua oso altua da, eta bigarrenendako, berriz, ez hainbeste", dio Muruamendiaratzek. Horren harira, azpimarratu du Debagoienean garraiolari asko daudela Espainian barrena ibiltzen direnak: "Fagorren edo horrelako enpresetan lan egiten dutenendako, gasolioa bakarrik kostuen %40 da. Kamioiari hilean bost mila litro botatzen dizkion batek 900 euro gehiago gastatu behar du hilero".
Edozein modutan, gaineratu du guztiok eragiten dugun zerbait dela: "Nik neuk autoari gasolioa botatzen diodanean prezioa igo dela konturatzen naiz".
Litro bakoitza, 1,70 eurotan
Erregaien prezioa, gainera, oraindik gehiago igo behar dela ematen du. Interneten, esaterako, mezu bat dabil egunotan non aipatzen den gasolina litro bakoitza 1,70 eurotara balio izatera hel daitekeela.
Hainbat kasutan, egoera "jasanezina" dela ohartarazi du bergararrak. Ardura, zati batean,, administrazioarena dela dio. Hiruko idazkariak esan du, lehen, prezioak bi edo hirutan igotzen zirela urtero. "Orain, berriz, egunero igotzen da; eta bezeroari ezin diogu egunero esan lan sarien prezioak igotzeko". Bere ustetan, administrazioak lege bat egin behar du, garraioaren ustiaketan gasolioak duen eragina aldizkako egokitzapen automatikoaren gainean, prezioen igoeraren edo jaitsieraren araberakoa.
Espainiako garraiolarien hainbat elkartek deitutako grebaz ere hitz egin du: "Elkarte horien aldarrikapenek ez dute benetako arazoa ukitzen. Zergen jaitsiera eta horrelakoak eskatzen dituzte, eta hori ezinezkoa da. Beraz, ezin ditugu onartu egiten dituzten planteamenduak".