24 orduko lanuztearen ondoren, mobilizazioekin jarraituko dute osasungintzako langileek

Goiena 2008ko urt. 29a, 16:22
Iragarrita zegoen bezala, 24 orduko greba egin dute gaur Osakidetzako langileek. Zortzi sindikatuk deituta, osakidetzak dekretu bidez onartu zituen lan baldintzak berriz ere negoziatu ditzala eskatzea izan da grebaren helburua. Arrasateko ospitalean, sindikatuen arabera, %82ko jarraipena izan du grebak.

Atzo gauean 22:00etako txandarekin hasi zen ELA, LAB, UGT, CCOO, SATSE, ESK, UTESE eta SAE sindikatuek Osakidetzako langileen artean deitutako greba. Debagoieneko ospitalean ere erantzun diote grebari. Asmoa, abenduan Osakidetzak dekretu bidez onartu zuen lan hitzarmena berriz ere negoziatzeko eskatzea izan da.

Gutxieneko zerbitzuak

Orokorrean, grebaren jarraipena oso ona izan dela adierazi dute sindikatuetatik. Gutxieneko zerbitzuak bakarrik egon dira indarrean, asteburutan indarrean egoten diren zerbitzuak hain zuzen ere.

Aparteko arazorik ez

Erabiltzaileek grebaren inguruan izan duten jarreraren inguruan, sindikatuek esan dute ez dela aparteko arazorik egon, besteak beste duela hilabete iragarri baitzuten gaurko greba egun osokoa izango zela.

Lanuztearen datuak

Greba mediku ez diren langileen sindikatuek deitu dute, eta Debagoieneko Ospitaleko enpresa batzordeko presidente Rebeca Garciak adierazi digunez, ospitalean medikuek ez dute grebarekin bat egin. Sindikatuek zabaldu dituzten datuen arabera, langileen %82ak jarraitu du greba. 

Ospitaleko kudeatzailearekin harremanetan jarrita, ez du grebaren inguruko baloraziorik egin gura izan. Dena den, adierazi dute euren datuen arabera, ospitaleko langileen %35k erantzun diola grebari.

Anbulatorioak 

Aretxabaletan eta Eskoriatzan, zerbitzu osagarria eskaini dute. Hala, Eskoriatzan, 8etatik 11ak arte zerbitzu minimoak eskaini dituzte: mediku, erizain eta administratibo bana. Bertan azaldu digutenez, pediatrak eta beste mediku bat ere ez dira lanera joan. Aretxabaletan, hamaiketatik arratsaldeko zortziak arte zerbitzu minimoak izan dituzte, eta hemen, pediatra eta medikuak lanean aritu dira. 

Bergarako osasun etxeko zortzi medikuak lanera joan dira, eta erizainei dagokienean lauk, hau da erdiak bat egin du grebarekin, eta beste lauk, hau da beste erdia lanera joan da. 

Oñatin bertan aritzen diren sei medikuak lanera joan dira, eta gainerakoan zerbitzu minimoak izan dituzte, hau da, sarrerakoa eta hiru erizain. 

Antzuolan medikua lanean egon da, erizaina berriz ez, eta Elgeta eta Aramaioren kasuan, medikua eta erizaina, biak joan dira lanera. 

Hainbat erabiltzaile gerturatu dira gaur egunean zehar osasun etxeetara, zenbaitek ez baitzekiten greba eguna zenik ere. Dena den, honek ez die aparteko arazorik eragin.

Nondik dator Osakidetzako arazoa?

Urtebete baino gehiago negoziatu gabe egon ostean, iazko ekainean hasi ziren Osakidetzako sindikatuak eta Eusko Jaurlaritza hitz egiten. Hainbat bilera egin zituen negoziazio mahaiak, eta Jaurlaritzak akordioa itxi zuen Erkidegoko Medikuen Sindikatuarekin. Gainerako sindikatuek ez zuten akordio hura izenpetu, eta ondorengo bilerek ere ez zuten fruiturik eman. Iazko abenduaren 26an dekretu bidez ezarri zituen Jaurlaritzak 2009. urtera arteko Osakidetzako langileen baldintzak, Medikuen Sindikatuarekin lortutako akordioa oinarri hartuta. ELA, SATSE, LAB CCOO, UGT, ESK, UTESE eta SAE sindikatuek erabakia salatu eta "edukidun negoziazioari" berriro ekiteko eskatu zioten Jaurlaritzari.

Jaurlaritzaren ustez, ordea, "arduragabea" da sindikatuen jarrera. Dena den, dekretua onartu izanak ez duela negoziazioen bidea ixten zehaztu zuen orain bi aste Miren Azkarate Eusko Jaurlaritzako eledunak. Harrezkero, negoziazioei berriro heltzeko eskatzeko mobilizazioak egin dituzte sindikatuek.

Testuinguru horretan kokatzen dira gaurko eta martxoaren 6rako deitutako greba egunak, eta baita otsaileko lanuzteak ere. 2005. urtetik hona Osakidetzan mobilizazio ugari bai, baina egun osoko grebarik ez da izan.

Sindikatuen eskaerak

Osasungintzako langileen soldaten arteko desberdintasunak murrizteko eskaera egin dute sindikatuek; Garapen profesionala jasotzeko aukera langile guztiek izatea eskatzen dute, langile finkoa edo behin-behinekoa izan; eta lanpostu bakoitzaren funtzioak zein izan behar diren aztertzeko, definitzeko eta hitzartzeko aldarrikapena taula bateratuan jasoa dute.

Lan taldea handitzea da eskarietako beste bat. Lan erritmo eta kargak kontrolatzeko eskatzen dute, eta beharren arabera handitzeko taldea. Halaber, langileen batez besteko adina aintzat hartuta, taldea gaztetzeko neurriak hartzea proposatzen dute, besteak beste, 55 urtetik gorakoei lan orduak murriztuz edo ordezkatze eta txandakatze kontratuak bultzatuz.

Bestalde, zerbitzuak ez pribatizatzea eta orain arte pribatizatutakoak lehengoratzea nahi dute sindikatuek. Osakidetzako lan taldea euskalduntzeko neurriak, aurrekontuak eta epeak ezartzeko eskatzen diote, halaber, Jaurlaritzari.

Desadostasunak

Osakidetzak, bere aldetik, dio euren eskaintzak jasotzen dituela zerrenda horretako hainbat puntu, baina ez sindikatuek eskatutako baldintza berdinetan. Euren arabera, lau punturen bueltan dituzte ezadostasunik handienak. Hain zuzen ere, Osakidetzak ezetza eman dio lansari finkoetan %37rainoko soldata-gehikuntzari, eta 55 urtetik gorakoentzako lanaldia %25 murrizteari. 55 urterekin erretiro aurreratua hartzeko sistema propio bat sortzea sostengaezina dela dio, eta ez dago prest milaka lanpostu gehitzeko azterketarik egin gabe aurretik.

Egoera honetan, Osakidetzako sindikatuek greba deitu dute berriz ere martxoaren 6rako eta geldialdiak iragarri dituzte otsailerako. Lanuzteak deitu dituzte osasun zentro publikoetan otsailaren 12, 14, 19, 21, 26 eta 28rako. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak