Festa batekin bukatu dute Euskal Kulturgintzaren Transmisioa ikastaroa

Arritxu Barruso 2009ko uzt. 6a, 18:58
Uztailaren 1ean eman zitzaion amaiera Euskal Kulturgintzaren Transmisioa aditu tituluaren bigarren aldiari. Antolatzaileek adierazi zutenez, hurrengoa bi urte barru egingo da, 2010-2011 ikasturtean. Azken eskola amaituta, agur ekitaldi bat egin zen fakultateko kaperan, eta bertan banatu zitzaizkien diplomak ikasle guztiei. Ondoren, afaria egin zen Aretxabaletan, Larriño auzoko elkartean, eta bertan parte hartu zuten irakasleek eta ikasleek, iazko zenbait ikasle ohirekin batera.

Azken ekitaldia

Julen Arexolaleibak ireki zuen azken ekitaldia, ikastaroko zuzendaria bera, eta adierazi zuen beretzat esperientzia bikaina izan dela EKT ikastaroa zuzentzea, ikasleen jarrera aparta izan baita eta hizlarien ardura eta kemena nabarmentzekoak. Eskertu egin zuen bere taldearen lana, eta euskal hedabideetan ikastaroak jaso duen arreta. Baita zenbait enpresa eta euskara elkarte, beren jendea bidali dutelako ikastarora. Nahiz eta datorren ikasturtean ez den egingo ikastarorik, taldeak lanean segituko du, Sorguneak ikerketa guneak bi lan ditu-eta esku artean. Bestetik, formazio iraunkorra ere landuko du, ikastaro bat egingo baitu Eibarren Iralerentzat.

Hurrengo, bideo bat ikusi zen, ikastaroaren bigarren edizioa laburbiltzen duena. Ondoren Maialen Lujanbio bertsolariak egin zuen berba, azaldu zuen-eta zelan egin duen koaderno bat antolatzaileen enkarguz, eta bertan zelan isuri duen bere interpretazioa, aurreko edizioan ikasle izan baitzen EKT ikastaroan.

EKT 2. edizioa 2008-2009 from Joxe Aranzabal on Vimeo.

Ikasleen txanda

Ikasleek ere parte handia izan zuten azken ekitaldian, Aitor Oiarbidek aurkeztuta. Fernando Iraetak bertso batzuk kantatu zituen Azkoitian izandako greba baten inguruan, eta hor Ibon Rodriguezen laguntza izan zuen gitarrarekin. Jarraian Ibonek berak Gabriel Arestiren abesti bat kantatu zuen, Bartzelonako unibertsitate ikasle euskaldunei eskainia. Marilu Arrutik denen barreak eragin zituen garbitzaile piuran sartu zenean aretoan, eta errepaso oso berezia egin zionean ikastaroari, adar soinuan beti ere. Miriam Lukik poema batzuk errezitatu zituen. Juan Mari Juaristik, berriz, bertso jarriak ekarri zituen, ikastaroari eskainiak, eta denen artean kantatu ziren. Ikastaroko antolatzaileek Hatsa abestia kantatu zuten gero, Imanol Larrañagak eta Arkaitz Arrietak dantza egin aurretik, Imanol Minerren zeharkako txirularen laguntzarekin.

Diplomak eta afaria

Ekitaldia amaitzeko, antolatzaileek diplomak banatu zizkieten ikasle guztiei. Ondoren, berriz, nahi izan zuten guztiek afaria egin zuten Aretxabaletan, Larriño auzoko elkartean, Urkulu urtegiaren gainaldean. Argazkiak ikusi nahi dituenak Flickr-en ditu ikusgai, ekitaldikoak eta afarikoak:

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak