Fagor Arrasateko hiru langile koarentenan A gripearen protokoloa dela-eta

Iker Barandiaran 2009ko mai. 2a, 22:52
Fagor Arrasatek Querentaron (Mexiko) daukan delegazioan lanean zeuden hiru langile Debagoienera etorri ziren astelehen, martitzen eta eguaztenean, herrialde hartan zabaldu den A gripetik urruntzeko. Heldu bezain laster, Fagor Arrasateko Osasun Zerbitzuak eskatu zien Osasunaren Munduko Erakundeak eta Espainiako Osasun Ministeritzak aurreikusi duen protokoloan sartzeko, badaezpada.

Hala, hiru debagoiendarrak –bi arrasatear eta bergarar bat– koarentenan daude, euren etxeetan. Fagor Arrasateko arduradunek jakinarazi digutenez, langileek sukarra iraunkorra edo gripe sintomak izango balituzte, osasun zerbitzuetara jo beharko lukete. Hala ere, oraindik ez dute halakorik antzeman, eta etxean daude koarentena noiz bukatu zain.

Egoera horretan daude Santi Unamuno eta Ramon Arrese arrasatearra eta Iker Garmendia bergararra. Mexikon zeuden lanean Fagor Arrasatek Querentaro hirian duen delegazioan, baina egoera ikusita etxera bueltatu dira. Orain, Osasunaren Munduko Erakundeak eta Espainiako Osasun Ministerioak emandako gomendioak jarraituz, koarentena egoeran daude.

Informazio gutxi

''Han geundela, entzun izan genituen zurrumurru batzuk, baina hilaren 25a arte ez zen aparteko alarmarik sortu. Egun horretan, lantegian etxera joateko esan zieten langileei, eta astelehenean ere ez joateko lanera'', azaldu digu Ramon Arresek. Egoera horren aurrean, igandean babesteko maskaren bila hasi ziren, ''baina ez genuen inon aurkitu, denak agortuta zeuden''.

Etxera bueltatzeko erabakia astelehenean bertan hartu zuten Fagor Arrasateko osasun zerbitzuekin bildu ostean. ''Badaezpada ere, handik etortzea erabaki genuen. Izan ere, gure bezero diren lantegiak itxita zeuden, egunetik egunera gauza okerragoak entzuten genituen, eta gainera, gaixotzekotan, nahiago genuen hemen gaixotu Mexikon baino, non osasun zerbitzuak ez diren hain onak'' adierazi digu Iker Garmendiak. Etorri, egun ezberdinetan etorri ziren. Garmendiak berak asteartean hartu zuen hegazkina. Hegaldian, galdetegi bat pasa zieten, eta adierazi behar izan zuten zein eserlekutan zeuden, zein den euren telefonoa eta hurrengo hamar egunetan non egon behar ziren. ''Esan zigutenez, asmoa da hegazkineko norbait kutsatzen bada, besteei abisatzea gaixotasuna kontrolatuta izateko. Oso zorrotzak izan ziren, gainera, datuen zehaztasunak eskatzeko orduan'' azaldu digu Garmendiak.

Ramon Arreseren esanetan, bidaiari gehienek maskara bazeramaten ere, baziren zenbait pertsona babesik gabez zetozenak, baita tripulazioako zenbait kide ere.

Etxean, koarentenan

Behin etxera etorrita, koarentenan egon beharko dute hiru debagoiendarrek hamar egunez. '''Esan digutena da jende artera ez joateko, eskua eta laztanak ez emateko, bakarrik lo egiteko...'' adierazi digu Arresek. Dena den, ez dira denbora guztian etxean egoten. Arrese bera, mendira joaten da, eta Garmendia bizikletan ibiltzen da, beti ere, jende asko egon daitekeen guneetatik at.

''Sukarra maiz hartzeko agindu digute. Gripearen sintomak agertuz gero, hau da, eztula, sukarra eta mukiak, egin behar duguna da larrialdietara deitu, eta eurak etorriko dira etxera''  gaineratu digu Garmendiak. Momentuz, baina, ez batak eta ez besteak ez dute sintomarik izan, eta ez daude lar arduratuta ere. Arresek zehaztu digu, baina, hemen egonda, han baino ardura gehiago sortzen diola gripeak.

Iker Garmendia, baina, ez da berria horrelako kontuetan. 2003an, Asian hegazti gripea agertu zenean, Txinan zegoen bergararra, eta bere hitzetan, hura askoz gogorragoa izan zen: jende gehiago hil zen, eta kaleetan-eta, nabaria zen ardura.
Hamar egun pasata, arazorik ezean, betiko bizitzara bueltatu ahalko dute hirurek ere.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak