Ezkututik agerira pauso asko emateko homosexualitatean

Usoa Agirre 2008ko eka. 27a, 14:48
Ekainaren 28a gay, lesbiana, bisexual eta transexualen askapenerako eguna da. Pixkanaka, garai batean uste zen gaixotasun izateari utzi eta aukera sexual moduan onartzeko pausoak ematen dihardu gizarteak. Aurrerapausoak eman diren arren, oraindik giza eskubideak urratu egiten dira, orientazio sexuala edo sexu identitatea dela eta. Ibilbide horretan euren esperientziak kontatu dizkigute ibarreko hiru bikotek: Bergarako eta Eibarko Floren Oteizak eta Juan Carlos Olivenzak; Aretxabaletako eta Cadizko Angel Irurek eta Javi Gilek; eta Oñatiko eta Arrasateko Ainhoa Rodriguezek eta Oihana Caballerok.

Homosexualitatea aitortu

Euren homosexualitatea aitortzeari buruz galdetuta, Floren Oteizak esan digu berak ez duela sekula arazorik izan: "Txiki-txikitatik argi izan dut zer nahi dudan. Zein zeinekin ohera joaten den inori ez zaio axola, inporta dena pertsona bera da". Haren senar Juan Carlos Olivenzak Floren ezagutu zuenean eman zuen pausoa: "Niri asko kosta zitzaidan esatea, Floreni esker eman nuen pausoa, eta arrebak lagundu zidan. Amari kosta egin zitzaion onartzea. Lanean eta lagunekin ez dut arazorik izan, nahiz eta hasieran harritu egin ziren".

Angeli kosta egin zitzaion esatea homosexuala zela: "Behin esandakoan, niretzat garrantzitsua zen jendeak ondo hartu zuen eta hori nahiko izan zen".

Ainhoak kontatu digunez. "Donostiara ikastera joan nintzenean Gehitun sartu eta ikusi nuen denetariko jendea zegoela. Horrek konfiantza eman zidan eta erabaki nuen etxean esatea. Ama min emango zidaten beldur zen, Oñatitik kanpo joan beharko nuela uste zuen, eta, alaba bakarra izanik, gogorra izan zen harendako".

Oihana Caballerok Ainhoa lanean ezagutu zuen: "Emakume batekin izan dudan lehen esperientzia da eta uztailean ezkondu egingo gara; orain arte mutilak izan ditut bikotekide".

Lanean oso ondo hartu dutela esan digute, hasieran harritu egin ziren arren, batik bat Oihana mutilekin ibili izan delako."Etxean eta lagun artean ondo hartu dute nik Ainhoa bikotekide izatea, baina orain batik bat Oñatin irteten gara eta Arrasaten ez dut uste jende askok dakienik", esan digu Oihanak.

Jendartean onarpena

Ingurukoen onarpena da gauza bat eta oro har jendartean dagoen jarrera bestea. Denak bat etorri dira esatean homosexualekiko jokaerak aldatuz doazela. "Kontua aldatzen doa, gero eta jende gehiagok onartzen eta azaltzen duelako norbere homosexualitatea. Beti dago homosexualen artean baten bat ohi baino atentzio handiagoa ematen duena, baina denok ezin gaituzte zaku berean sartu homosexual izate hutsarengatik", dio Florenek.

Angelek uste du denetariko jendea dagoela: "Badaude onartzen dutenak eta oraindik onartzen ez gaituztenak. Elizakoek, esaterako, homosexualen gainean zer esaten duten jakinekoa da. Niri homosexuala izateagatik atzera egin didanik ez da egon".

Ainhoak eta Oihanak aurrerapauso asko eman direla uste duten arren, lesbianek oraindik zailagoa dutela uste dute: "Gizonezkoena hobeto ikusita dago. Agerikoagoak dira, erreferente gehiago dago… Emakumeok gizartean gutxietsita gaude, eta lesbianak areago. Erakutsi nahi dugu lesbianok hor gaudela eta era askotako emakume lesbianak gaudela, estereotipoak hautsi nahi ditugu. Emakume asko dago homosexuala dena baina ez duena onartu nahi, besteek esango dutenaren beldur direlako".

Kalean eskutik helduta

Kalean oraindik modu arraroan begiratzen dienik badagoela uste dute. Juan Carlos Olivenzak dio eurak ez direla kalean eskutik helduta joaten diren horietakoak. "Donostian eta Bilbon jende gehiago ikusten da musuka kalean eta nik uste dut iritsiko dela noizbait eguna herri txikiagoetan ere lasai ibiliko garena horrela homosexualak".

Angel Irureren esanetan, "oraindik kalean eskutik helduta goazenean jendeak buelta eman eta begiratu egiten digu, batik bat ezezagunek; dakitenek normaltzat jotzen dute. Orain, Lukun bizi gara eta 60 biztanleko herri txikia izan arren denok gara ezagunak. Herriko jaietako bazkarian hartzen dugu parte eta abadea ere bertan izaten da eta inork ez du ezer esaten", azaldu du.

Ainhoa eta Oihana ez dira kalean euren homosexualitatea erakusten joaten: "Momentu batean elkarri musu emateko gogoa edo eskutik helduta joateko gogoa badugu, naturaltasunez egiten dugu". Hala ere, inoiz entzun dituzte berba itsusiak bikote direnetik eta ezagun batzuen aldetik jarrera aldaketak ere ikusi dituzte, eta horrek mindu egin ditu.

Ezkontza

Ezkonduta daude batzuk eta ezkontzear beste batzuk eta homosexualen arteko ezkontza legeztatzea aurrerapausotzat jo dute.

"Batzuek uste dute homosexualen arteko ezkontzak familia kristaua desegiten duela, baina guk ez diogu inori kalterik egiten. Besteek bezala betebeharrak baditugu, zergatik ez ditugu eskubide berak izan behar? Ezkontzeko pausoa besteek bezala eskubideak izateko eman genuen", esan digu Florenek.
Angel Irure ere bat dator aurrerapausoa dela esatean: "Bizimodua bikote moduan eginez gero, gauza asko partekatzen dira; testamentua egiteko ere ezkonduta egonez gero, ezberdina da… hortaz, ezkontzea onerako da. Errenta aitorpena egiterakoan nire senarraren datuak eman beharra normaltzat hartzen dut nik neuk, noski, baina jendartean ere gero eta gehiago normaltzat hartzen dira".
Ainhoa eta Oihana uztailean ezkonduko dira eta argi dute eskubideak aldarrikatzeko egiten dutela, batik bat: "Ezkonduko gara beste edozein bikotek dituen eskubide berberak izateko: biotako bat gaixotzen bada, baimena izateko besteak, esaterako".

Pausoak aurrera eman arren oraindik asko dago egiteko, euren esanetan.

Ekainaren 28a

Hala ere, euren askapenerako eguna ez dute modu berezian ospatuko. "Heterosexualak ez dira euren heterosexualtasuna aldarrikatzera kalera ateratzen egun zehatz batean; hortaz, guk ez dugu zertan ospatu, are gutxiago gauzak neurri batean normaltasunera bidean doazenean. Kontra ez gaude, baina ez dugu ospatzen", dio Javi Gilek.

Homosexual bikoteak dira eta, hala behar ez lukeen arren, beste edozein bikotek ez bezala zeresana ematen dute. Oraindik normaltzat jotzen ez dugun seinale.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak