Ezinduak lanean: lanerako beste edozein bezain gai direla erakutsiz

Irati Agirreazaldegi 2008ko ira. 15a, 12:53
Nahi izatea gai izatearen parte da eta ezintasunak eduki arren lanerako gogoa dutenek euren gaitasuna erakusten dute egunero ibarreko hainbat lantegitan.

Gureak enpresa da ezinduei lanerako aukera ematen dienetariko bat. Euren helburu nagusia da lanera bideratzearen bitartez adimen-urritasuna duten pertsonen integrazio soziala lortzea. Gureak enpresaren baitan hainbat sektore daude. Gure ibarrean Bergarako eta Arrasateko automobil-industria lantegiak daude; Arrasaten Gupost, posta eta banaketa lanetarako; eta Oñatin Belatxarako gasolindegian Gureak taldeko langileak daude.


Bergaran, Labegaraietako industria gunean dagoen Gureak lantegian 78 langile daude; 38 asistentzia-erregimenean eta gainontzekoak lan erregimenean  eta Arrasaten 85 inguru. Gehienak ezintasun intelektualak dituztenak, gaixo mentalak, baita gizarte-bazterketarako arriskua dutenak ere.

Muntaketa lanak

Javier Barrero, Bergarako tailerreko arduradunak esan digu zer egiten duten lantegian: "Katalizatzailerako eta direkziorako piezak eta autoendako faroak egiten ditugu besteak beste. Beti ere ekoizpen eta kalitate exijentzia guztiekin. Izan ere beste edozein enpresaren neurri berean eskatzen digute guri ere".

Buru-belarri lanean aurkitu genituen Bergarako Aitziber Baskaran eta Oñatiko Joseba Aranburu. Lanera gustura joaten direla esan ziguten: "Gustura etortzen gara denetarik egiten dugulako. Lankideekin ere ondo moldatzen gara eta elkarri laguntzen diogu norbaitek lanak amaitzeko zailtasunik izanez gero. Lanean ez ezik kalean ere ibiltzen gara lankide batzuekin", esan ziguten.
Langileen artean ezintasun eta lanerako gaitasun maila ezberdinekoak daude eta pixkanaka saiatzen dira, erregimen okupazionaletik lan erregimenera pasatzen.

Langileak nola moldatzen diren galdetuta Javier Barreroren esanetan, "ikastea kostatzen zaie, lan berrietan hastea. Behin ikasitakoan automatikoki egiten dute guztia, modu ordenatuan. Gainera, marrazkiak eta irudiak ipintzen ditugu lana nola egin behar duten azalduz eta kolore eta zenbakiekin ere jokatzen dugu lana errazteko".

Lanerako ez ezik harremanetarako gaitasuna ere garatzen dute lantokietan. "Lanean hasi aurretik apenas etxetik irteten ziren batzuk. Orain lanera etortzen dira eta lankideekin koadrila osatzen dute, aisialdi taldeetan elkartzen dira, KZgunera edo liburutegira joaten dira… ", esan digu Javi Barrerok
Garai batean enpresak lanerako aukera baino ez zien ematen, baina legea, gizartea eta kultura aldatu ahala gauzak aldatu egin dira. "Saiatzen gara aukera pertsonalizatua eskaintzen, eta  galdetzen zein diren bakoitzaren helburuak. Guk erraztasunak ematen dizkiegu helburu horiek lortzeko", esan digu Gureak lantegiko Irantzu Arangurenek.

Aukera horien artean daude erregimen okupazionalean daudenei lanaz gain beste jardueretarako ematen dizkietenak. Lan orduetako batzuk beste jarduera batzuetan ematen dituzte: irakurtzen, idazten, eskulanetan, ordenagailuan...

Ezindu fisiko eta sentsorialak

Katealegaia ezindu fisikoendako kalitatezko lanpostuak sortzea eta mantentzea helburu duen enpresa da eta gure ibarrean hiru lantegi ditu: Bergaran, Oñatin eta Aretxabaletan.
"Ezindu fisikoak eta sentsorialak dira batik bat gure langileak, eta azken urteotan gaixo mentalak ere; minusbaliotasuna %33tik gorakoa dutenak. Gehienek ez dute aurrez formaziorik, hortaz, hainbat motako lanak egiten ditugu: elektronika arlorako, mekanizatuak, estanpazio lanak, muntaiak… ", azaldu digu Bittor Andonegi Katealegaiako zuzendari komertzialak.
Bergaran Fagor Electronicarendako zirkuituak muntatzen dituzte. Oñatin eta Aretxabaletan   Tesa sarraila enpresarendako lanak egiten dituzte. Oñatin baita ere Polmetasarendako mekanizatuak eta Ulmarendako lan  batzuk, eta Aretxabaletan Coprecirendako.

Katealegaiako Aretxabaletako tailerreko arduraduna da Jose  Antonio Perez eta 55 langileen artean ehuneko handi bat ezindu psikikoa da. "Ezintasun psikikoak dituztenak lantaldean integratzen ahalegindu behar gara. Izan ere,  ohiko  lantegi batean  ez lukete  behar besteko arreta izango. Gainera, tratamendua egiten dute buruko gaitzendako. Lantegian buruko gaitzak dituzten gazteei ezintasun fisikoak dituzten helduagoek asko laguntzen diete", azaldu digu Perezek.
Elkarri ez ezik enpresatik ere ematen diete laguntza. Perezen esanetan, "ahalegintzen gara lanpostua eta eginbeharreko lana  ezintasunera egokitzen. Esaterako, hanketan arazoak dituen langile batek ezingo du lan bat egin zutik egotekoa dena".

Euren lana ez da askorik ezberdintzen  beste edozein muntaia tailerretako lanarekin. "Beste edozeinek adina lan egiten dute eta agian gehiago. Gainera, eurendako lanik egon ezean gainean izaten ditugu lan eske. Hala ere, lana ematen diguten enpresetan oraindik lan zehatzetarako zalantza izaten dute gai izango ote diren", dio Perezek.

Lantegi bereziak dira, jende jakinarendako eta beste enpresek ere ezinduak izan behar dituzte euren langileen artean. "Falta da enpresa handiek apustu hori egitea. Gure lantokietan ibilitako hainbatek egin dute enpresa arruntetarako jauzia, baina gutxik", esan digu Barrerok.
Lantokian, euren nagusiei eta bezeroei erakutsi diete lanerako gai direla. Orain, gaitasun hori gizarteak aitortzea da erronka.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak