Atzo, eguena, urteko batzar nagusia egitekoa zen Euskalan Elkartea, Arrasateko Kulturaten. Hantxe, iaz egindakoen eta ekitaldi berrirako egitasmoen berri ematekoak ziren.
Batzar nagusira berritasun garrantzitsu batekin iritsi da Euskalan elkartea; izan ere, lehenengo aldiz, enpresak sartu dira elkartean bazkide. Enpresa garrantzitsu eta indartsuak, gainera: Ulma talde osoa, Fagor talde osoa, Euskadiko Kutxa eta Emun, hain zuzen ere. Elkartearen hamar urteko bizitzan, orain arte norbanakoak izan dira bazkide bakarrak.
Estatutuak aldatzen
Enpresak bazkide sartu izanak estatutuak aldatu beharra ekarri dio elkarteari. Zeregin horretan buru-belarri dihardute momentu honetan. Errukane Aperribai elkarteko kudeatzaileak adierazi digunez, "aldaketa momentuan dago elkartea". Hilabete batzuk barru, beste batzar nagusi bat egin beharko dute, estatutu berriak onartzeko.
Euskara lan munduan
Orain dela hamar urte sortu zuten Euskalan Elkartea, euskarari lan munduan sarbidea emateko helburuarekin.
Elkartearen lan-ildo nagusiak dira euskara planak dituzten enpresen arteko koordinazio lana egitea eta euskara planik ez duten enpresetara jotzea, plan horiek sustatzeko. Bestalde, jendartean euskara planen aldeko mugimendua sortzea ere garrantzitsua da Euskalanendako.
Lan horiek egiteko hiru lan-talde dituzte; taldeotan zein Zuzendaritza batzordean enpresak, sindikatuak, euskara elkarteak eta Mankomunitateko ordezkariak daude.
Debagoieneko egoera, hobea
Debagoienean lan egiten du Euskalan Elkarteak. Errukane Aperribaik horrelaxe berba egin digu gure ibarreko egoeraren gainean: "Debagoienean aurrerapausu garrantzitsuak emanda daude lan munduan euskara sustatzeko; EAEko beste toki batzuekin alderatuta, beste maila batean gaude, maila hobean".