Hala ere, emaitza globalek ez diote balio izan Iniziatiba Internazionalistari Europan ordezkaririk izateko.
Baina Debagoieneko hiru herri nagusienak kontuan hartuta, beste alderdi batzuek irabazi dute. Hala, Iniziatiba Internazionalista izan da alderdi bozkatuena Aretxabaletan, Eskoriatzan, Antzuolan, Aramaion eta Leintz Gatzagan; Europaren Aldeko Koalizioa nagusitu da Bergaran, Oñatin eta Elgetan; eta PSOEk irabazi du, berriz, Arrasaten.
Bigarren, alde txikiarekin, EAJren Europaren Aldeko Koalizioa izan da, baina behera egin du 2004tik: 6.025 boto lortu ditu, eman diren baliozko botoen %28,91 (2004an, 7.312 boto eta %31,27 puntu lortu zituen).
PSOE, Arrasaten garaile
Hauteskundeek utzi duten beste datu deigarri bat da PSOEk Debagoienean izan duen igoera indartsua. Hala, Arrasaten irabazi egin du –Iniziatiba Internazionalistarekiko alde txikiarekin–, hango botoen %27,02 lortuz. Debagoienean ia lau puntu igo da: 4.071 bozka lortu ditu, boto guztien %19,53 (2004an, 3.779 eta %16,36, hurrenez hurren). PSOE da bailaran igo den alderdi bakarra, Iniziatiba Internazionalistaz gain (Herritarren Zerrendarekin egin da konparaketa).
Gehienak, behera
EAJ jaitsi egin da, baina hala izan da alderdi gehienen kasuan: EAJk, PPk, Ezker Batua-Berdeek eta Aralarrek eta EAk osatutako Herrien Europa-Berdeak taldeak jaitsi egin dira. Jaitsiera nabarmenena Ezker Batuarena da: bi puntu jaitsi da Debagoienean, 500 boto, eta gutxiengoko alderdi bihurtzeko arriskuan dago bailaran.
Horrez gain, alderdi berri bat ere egon da Debagoienean: Ezker Batuko talde bananduak, Alternatibak, babesten zuen Izquierda Anticapitalista-Revolta Global koalizioa. Bada, azkenean, ez dituzte aparteko emaitzarik izan ibarrean: denetara, 89 bozka jaso dituzte Debagoienean, denetatik %0,42. Hori bai, herri guztietan izan du botorik koalizio horrek, Leintz Gatzagan izan ezik.