Etorkinak herri handienetan batzen dira, lan gehiago dagoen tokian

Xabier Urtzelai 2007ko mai. 18a, 12:05
Mankomunitateko Garapen Ekonomiarako Agentziaren bitartez, Jone Morras arrasatearrak ibarreko immigrazioa aztertzen duen txostena egin du. Egun, gizartean inoiz baino kolore, kultura eta jaioterri gehiagotako jendea ikusten ari gara, baita Debagoienean ere.

Hasteko, komeni da argitzea txosten horretan egiten den ikerketak badituela bere mugak. Egileak berak aurreratu moduan, alde batetik, erroldetan agertzen ez diren etorkinen datuak falta dira. Horrekin batera, erroldak askotan aldatzen dira eta inmigrazioaren joerak ezagutzeko hainbat urtetako datuak alderatu behar dira. Horrekin guztiarekin, bistan dago azterketa horrek egungo inmigrazio egoeraren errealitatera gerturatzen gaituela.
Datozen lerrootan Morrasek azterketan zehar azpimarratu dituen datu esanguratsuenak batu ditugu. Hala, iaz, Debagoienean 2.005 etorkin zeuden erroldatuta. Ibarreko biztanleria osoa (61.724) kontutan hartuta, etorkinak biztanleriaren %3,25 dira. Banaketa herrika eginez gero, Bergara da ibarrean etorkin gehien duen herria (727). Hau da, Debagoieneko etorkinen %36,6 Bergaran bizi da. Ondoren datoz Arrasate (530) eta Oñati (298). Aretxabaletan erroldatuta daude 178 lagun, Eskoriatzan 107, Antzuolan 90, Elgetan 68 eta Leintz Gatzagan 7.
Sexuari dagokionez, gizonezko etorkinak (%53) emakumezkoak (%47) baino gehiago dira, nahiz eta Oñatin egoera bestelakoa den; emakumeen portzentajea gizonezkoena baino handiagoa da.


Zergatik herri handietan?
Erantzuna bistan dago, lana topatzeko aukera handiagoa dagoelako herri handietan txikietan baino. Hori da etorkinen lehentasuna, lana bilatzea, eta txostenaren arabera, lana bilatzeko etorkinek enplegatze zerbitzuak sarritan erabiltzen dituzte.

Migrazioen joera aldatuta
Txostenak erakusten digu azken urteotan aldatu egin dela migrazio mugimenduen joera. 70eko eta 90eko hamarkada artean etortzen ziren etorkin gehienak komunitarioak –Europa 15 deritzonak– eta Magreb eskualdekoak ziren. Egun baino kopuru txikiagoa zen, eta formazioa edo lana bilatzea zuten helburu.
2000 urtetik gaur arte, berriz, Europako erkidegokoak ez diren lurraldeetatik datoz etorkin gehienak, eta bereziki hegoamerikarrak dabiltza nagusitzen. Horrekin batera, baina, aipatzekoa da 2001-2003 urte bitartean pakistandarren, bulgariarren eta errumaniarren etorkin kopuruak nabarmen egin duela gora.

Txosneta osorik ikusi gura duenak, egin klik hemen: www.debagoiena.com/Garapen_Agentzia/Txostenak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak