ETAren iragarpena: balorazioak

Usoa Agirre 2010ko ira. 6a, 10:58
Atzo arratsaldeko lehen orduan BBC telebista kateak zabaldutako adierazpenaren ostean alderdi politikoek egindako balorazioak bildu ditugu hemen. Ibarreko alderdi politiko guztien iritziak dituzue alde batetik, baina baita kanpoko politikarienak ere: Patxi Lopez, Alfredo Perez Rubalcaba, Rodolfo Ares, Brian Currin eta Gerry Adamsenak.

Patxi Lopez lehendakariak esandakoak MUren ekitaldian

Esan du ez dela albiste txarra ETAren adierazpena: "beti da albiste ona atentaturik gabeko egunak pasatzea, baina ez da espero genuen albistea, ETAk armak uztea".

Lopezek esan du ETAren adierazpena ez dela euskal gizarteak eta ezker abertzaleak berak eskatzen zutena. Orain pilota "ETA eta bere inguruaren teilatuan" dagoela esan du, "ez demokraten teilatuan".

Esan du "demokratak elkartuta egoteko unea" dela eta "indarkeriari aurre egiten" jarraituko dutela "zuzenbide estatuarekin".

Ibarreko politikariak

Galderak:

  1. Zelan baloratzen duzu komunikatua eta erabakia?
  2. Zer pausu eman beharko litzateke orain?
  3. Zer eszenatoki irudikatzen duzu etorkizunerako?
  4. Bakea eta normalizazioa lortzeko behin-betiko aukera izan daiteke?

Xabier Zubizarreta (Ezker abertzalea)

  1. Denok espero genuen.Horren ondorioa da Espainiako Estatuaren esku dagoela orain urrats garrantzitsuak ematea.
  2. Estatuak Frankismotik ez ditu demokrazia baterako urratsak eman. Preso politikoen gutxieneko baldintzak bete behar dira eta independentismoaren aukera guztiei bidea eman. Horren alde presioa egin behar dugu herritarrok
  3. Aldatzeko zantzuak daude. Euskaldunok beti erakutsi dugu gaitasuna aurrera jotzeko eta helburu politikoak lortzeko gehiago saiatu behar gara.
  4. ETAk borroka armatua uztea ez da nahikoa bakea lortzeko. Bi aldeetatik erasoak egon dira eta hori amaitu behar da. Espainiako Estatuak urrats hori eman behar du. Horren ondorioz, negoziaziora jo beharko litzateke.

Lourdes Idoiaga (EAJ)

  1. Pentsamendu kontrajarriak dauzkat. Su-etena eskatzen 40 pasa ditugu eta berandu dator. Herri honetarako ona bada, eta interesgarria denok zelai berdinean jolasteko, demokratikoki.
  2. EAJk jarraituko du laguntza ematen, benetako su-etena bada, herriaren burujabetzaren bidean.
  3. Herri honen autodeterminazio eskubidearen edo autogobernuaren alde hitzaren bidez egitea.
  4. Horrela izatea nahiko nuke,, presoen hurbilketa nahiko nuke, bestela ez da negoziaketa politikoa izango. Desio dudana da preso politiko guztiak hurbiltzea, eta aske egon behar direnak, askatzea.

Aritz Arrieta (PSE-EE)

  1. Armak definitiboki uztea espero genuen. Sinesgarritasunik ez du. EAk eta ezker abertzaleak egindako adierazpenaren testuinguru horretan kokatu behar da.
  2. Pausu bakarra dago: ETA desagertzea. Hauteskundeei begira egindako iragarpena da. ETAk fabore moduko bat egiten dio; nik eten teknikoa deituko nuke.
  3. Batasunak argi izan behar du ETA badago, modurik ez duela izango politikan jarduteko.
  4. ETAk egin behar du, ze guk gehiago ezin dugu egin. Traba bakarra ETA da. Nik ez du su-etenean sinisten.

Rebeka Ubera (Aralar)

  1. Baikor gara, baina ez da nahikoa. Beste urrats batzuk eman behar dira, eragile guztion artean bultzatu behar ditugu. ETAk behin betiko utzi behar du borroka armatua kontraprestazio barik. Oraingoan ezin dugu huts egin eta ETAk zeresan handia dauka.
  2. Aralarrek beti aldarrikatu dio ETAri alde bakarreko borroka armatua uztea, kontraprestazio barik. Horrek asko lagunduko luke normalkuntzan.
  3. Lehendabizi, oinarrizkoa da giza eskubideetan oinarritutako normalkuntza zibil eta politikoa. Horrez gain, biktima eta kaltetu guztien erreparazioa behar da.
  4. Itzulera barikoa izan behar da. Aralar ahaleginduko da herriak eskatzen duen ETArik gabeko gizartea izatea; sufrimendu asko ekarri dio gizarteari.

Peio Urizar (EA)

  1. Askok eskatua genuen: nazioarteko bitartekariek, Bruselan, ezker abertzaleak... gizarteak eskatutakoa zen. Pauso garrantzitsua da eta orain pilota Espainiako gobernuaren teilatuan dago.
  2. Erantzukizunez jokatu behar dugu. Eragile politikoek, sindikalek, gizartekoek badute zer egina eta zer esana, prozesuaren zailtasunak ekiditeko. Hurrengo urratsa da Estatuak pausoak ematea hau benetakoa izan dadin.
  3. Gutxieneko demokratikoak bermatu behar dira: giza eskubideak eta eskubide politikoak denontzat. Hori gabe ez dago ezer.
  4. Ezker Abertzaleak bakarka hasi zuen bide hau eta ETAren iragarpena beste pauso bat da. Hala, beste aldekoak baldintzatzen ditu eurek beste urrats bat eman dezaten.

Itziar Lamarain (PP)

  1. Ondo hartuko nahiko nuke,  baina ezkor naiz, ez delako halako jakinarazpen bat egiten duten lehenengo aldia. Armak utzi behar dituzte.
  2. ETAk armak behingoz utzi behar ditu. Halako jakinarazpen nahasi baten aurrean, zer egingo dugu bada? Ez da nahikoa.
  3. Ez nuke nahi hauteskundeetan egon ahal izateko trikimailu bat izatea. Hala balitz, nazkagarria litzateke.
  4. Hala izan dadila! Etxafuegoak botako nituzke! Egoera oso gogorrak bizi izan ditugu eta bada ordua.

Iñaki Galdos (H1!)

  1. Poza hartzen dugu, mehatxupean dauden lagunengatik. Baina gabezia asko ditu eta ez da nahikoa. ETAk bere burua jarri gura du ireki gura duen prozesu bateko bermatzaile.
  2. ETAren desagerpena da benetako pausua. Euskal Herrian pasatu behar dena euskal herritarrek erabakiko dute.
  3. Une garrantzitsuak datoz. Datorren urteko hauteskundeek berebiziko garrantzia izango dute; Euskal Herria apurka bake eta normalizazio bidean jarriko da, ETAri irabazi diolako.
  4. Momentu onean gaude. Bakea lortzen baldin bada gizartearen garaipena izango da, ez ETArena.

Juan Luis Merino (EB-Berdeak)

  1. Positiboki baloratzen badugu ere, ez da nahikoa. ETAk ezin du esan armak uzten dituela horiek entregatu eta su-etena behin-betiko den edo ez zehaztu barik.
  2. Politika kontua da hemendik aurrerakoa. Hortaz, alderdi guztiak ados jarri behar dira, egoera berriaren aurrean nola jokatu behar den erabakitzeko.
  3. Positiboak gara, baina ETAk hainbat su-eten eszenaratu ditu eta ez gara fidatzen. Herritarrek behin-betiko su-etena espero dute. Espainiako Gobernuak malgutasuna izan beharko luke, ezker abertzalea pausuak ari da-eta ematen.
  4. Horrela izatea gustatuko litzaidake. Esan bezala, oso positiboki baloratzen dugu.

Ander Rodriguez (Alternatiba)

  1. Norabide onean emandako urratsa da, atzokoa baino egoera hobean uzten gaitu-eta.
  2. Mitchell printzipioetara lotuta etorri beharko litzateke hurrengo urratsak nazioarte mailako erantzunarekin.
  3. Herritarren mobilizazioan dago gakoa, egoera definitiboa atzera bueltarik gabea izan dadin.
  4. Honek izan behar du aukera. Baditu ezaugarri bereizgarriak  oraingoak, ezker abertzalea delako orain ekimen politikoaren jabe dena.

Mikel Irizar kolaboratzaileak Arrasate Irratian esandakoak

Kanpoko iritziak

Alfredo Perez Rubalcaba (Espainiako Barne Ministroa)

Rubalcabak Espainiako Gobernuaren izenean berba egin du eta esan du "eszeptiko" daudela ETAren iragarpenarekin eta Barne sailak "bere horretan" utziko duela "politika antiterrorista". Azpimarratu du Gobernuak ez duela negoziatuko ETArekin: "ETAk hil egiten du inposatzeko, beraz, ezin da hitz egin. Horregatik, Estatuak behin eta berriz esango dio ez, ez eta ez".

Rodolfo Ares (Herrizaingo sailburua)

Rodolfo Aresek uste du ez dela nahikoa ETAk gaur esandakoa -jakinarazi du "eraso ekintza armaturik" ez egitea erabaki zuela duela- eta, gainera, "ez da agiri sinesgarria". Haren arabera, "su-etenen garaia pasatu zen". ETAk "ekinbide terrorista utzi" beharko luke, eta hori da euskal gizarteak eskatzen duena. "Horixe dioen agiria baizik ez dugu nahi, ez gaurko anbiguo hau". Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak "terroristen eta haiek babesten dituztenen kontra segituko du, Zuzenbide Estatuko tresna denak baliatuta".

Ezker abertzalea

Gustura hartu du ezker abertzaleak ETAren adierazpena, "bakea ezartzeko eta gatazkaren behin betiko konponbidearen ildoan balio ukaezineko ekarpena" delako, eta gaurko "blokeo egoera behin betiko gainditzeko ateak irekitzen ari dira", haren ustez. "Ezker abertzaleak era burujabean garatutako eztabaidak eta ETAren eskutik zehazturiko konpromisoak Euskal Herrian fase politiko berri baten abiatzea atzeraezin bihurtzen dute".

Brian Currin (Hegoafrikako abokatu eta nazioarteko bitartekaria)

Brian Currinek indarkeria bukatzeko "gertaera on" bezala jo du ETAk atentatuen etetea jakinarazi izana. Izan ere, haren ustez, "nahiz eta ETAk borroka armatuaren etete iraunkorra ez duen iragarri, Euskal Herriarentzako marko demokratikoa eraikitzeko garaia iritsi dela dio". Erakunde armatuak "alde bakarreko eta baldintzarik gabeko adierazpen historikoa" egin duela dio Currinek, eta erabakiaren "handitasuna eta garrantzia" horretan datzala.

Gerry Adams (Sinn Feineko buruzagia)

Gerry Adamsek oso harrera ona egin dio ETAren erabakiari: "Adierazpen garrantzitsua da eta Euskal Herriko gatazka luzearentzako betiko amaiera ekartzeko potentzialitatea dauka". Baina hori gerta dadin, Espainiako Gobernuak ere urratsa egin behar duela uste du; Madrilen jarrera hil edo bizikoa izango dela iritzi dio: "Orain hil edo bizikoa da Espainiako Gobernuak modu positiboan erantzutea eta gaurko iragarpenak sortutako bake prozesuan aurrera egiteko aukera baliatzea, eta laster negoziazio politikoak abiatzea".

BBCko kazetariaren kontakizuna

BBCko Clive Myrie kazetariak eman zuen atzo Donostiatik BBCk ETAren bideoa eta iragarpena osatzeko prestaturiko albistea. Eta gaur goizaldean, artikulua argitaratu du bideoa eta primizia nola jaso zituen azaltzen. Pertsonalki berak jaso zuela ETAko kide batengatik. ETAkide horrek gatazkaren inguruan aitortu zizkionak ere kontatu ditu Myriek artikuluan; hitzotan uler daiteke ETAkideak etsita daudela eta orain arteko ibilbidea kolokan jartzen hasiak direla. Artikulu hori itzulita duzue http://sustatu.com/1283754600

ETAren iragarpena


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak