Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina jarri dute abian udalek

Arantzazu Ezkibel Galdos 2009ko api. 24a, 13:52
Debagoieneko udalek errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina jarri dute abian. 'Nora begira zaude? Errenta aitorpena egizu euskaraz!' da kanpainaren leloa. Etxerik etxe banatu dituzte eskuorriak; informazio orokorraz gain, hiztegi txiki bat ere badakar eskuorriak.

Errenta aitorpena egiteko lau modu daude eta denetan erabil daiteke euskara. Autolikidazio proposamenean, etxean jasoko du zergadunak Ogasunak bidalitako proposamena. Hura ontzat emanez gero onartzeko hiru bide daude: telefonoz, Internet bidez edo Bergarako bulegoan.

Ogasunarekin harremanak euskaraz

Telefonoz euskaraz berba egiten baduzu, Ogasuneko langileak euskaraz beteko du orria, eta gainera aurrerantzean Ogasunarekin dituzun harremanak euskaraz izan gura dituzun galdetuko dizu. Aitorpena egiteko beste hiru moduak dira: mekanizatua, telematikoa eta inprimakia eta disketea. Modu mekanizatuan Bergarako bulegoan egiten da aitorpena. Bulegoan bertan adierazi behar da euskaraz egin gura dela aitorpena. Aurrerantzean Ogasunarekin izango dituzun harremanak euskaraz izango dira zuk besterik adierazi ezean.
Modu telematikoan eta inprimakian eta disketean, errentak programa internetetikk euskaraz jaisteko eta inprimakiak euskaraz jasotzeko aukera egongo da.

Aitorpena egiteko epea

Aitorpenak aurkezteko epea martitzenean hasi zen eta ekainaren 25era arte luzatuko da. Hitzorduak eskatu edo kontsultak egiteko deitu 902 100 040 zenbakira, Bergarako Hazienda bulegora joan edo www.gipuzkoa.net/ogasuna webgunean sartu.

Euskaraz egin dutenak

Gipuzkoako Foru Aldundiaren datuen arabera, 2007an 37.347 lagunek egin zuten errenta aitorpena gurean; horietatik 3.261 lagunek (%8,73) euskaraz egin zuten. Herririk herri begiratuta, Antzuolak du datu altuena: 1.285 lagunek egin zuten aitorpena, eta horietatik 236 lagunek (%18,36) euskaraz egin zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak