Eroskiko 52.000 langiletik gora kooperatibista

Irati Agirreazaldegi 2009ko urt. 18a, 20:56
Eroski kooperatibak batzar nagusia izan zuen zapatuan Elorrion. Bilerako gai nagusia izan zen erabakitzea kooperatibak dituen 48.000 langileek langile huts izaten jarraitu ala pixkanaka bazkide egin. Batzarrean erabaki zuten guztiak bazkide izatea. Hau da, enpresaren jabetzan, emaitzetan eta kudeaketan etorkizunean parte hartzeko aukera ematea.

Bi urteko azterketa eta barne-eztabaidaren ondoren erabaki zuen Eroskik zapatuan berarekin lan egiten duten sozietate anonimoak, enpresa filialak, kooperatiba bihurtzea. Sozietate anonimo bakoitzeko langileek eratuko den kooperatiba berriaren bazkide izateko proposamenari aldeko botoa ematea erabaki dute, kontratatu zituen enpresaren sozietate anonimo formula aldatuz. Gaur egun Eroski taldea osatzen duten sozietate anonimoak kooperatiba bihurtuko dira, eta langileek jabetza partekatuko dute Eroski kooperatibako langileekin, eta hori izango da gainontzeko guztien oinarria.

Munduko handiena

Hortaz, Eroskin soldatapean lan egiten duten 48.000 langileak bazkide izango dira. Egungo bazkideei gehituta Eroskik 52.000 bazkidetik gora izango ditu munduko kooperatibarik handiena izatera pasatuz.

Espainian barrena hipermerkatu, supermerkatu eta bidaia agentzia guztiak kontuan hartuta 2.400 gunetik gora izango ditu Eroskik. Debagoienean Gure ibarrean 350 langile inguru izango ditu Eroskik. Gehienak Arrasateko Eroski hipermerkatukoak. Gainontzean Eroski supermerkatuetakoak: handietan 20-30 langile daude eta zortzi txikietan. Eroski bidaiak bulegoetan, berriz, langile gutxi izaten dira.

"Erabaki garrantzitsua hartu dugu gaur eta oso harro gaude horrekin. Eroskiko langile guztiek aukera izango dute bazkide kooperatibista izateko eta 50.000tik gora gara gaur. Bazkide guztiok bi urtez egindako eztabaida eta eraikitze lanak eman ditu bere fruituak", esan zuen Agustin Markaide Eroskiko presidenteak batzarraren ondoren.
Aldaketaren helburua da besteen kontura diharduten langileei kooperatibista estatusa ematea, alegia, langile guztiei ezartzea Eroski kooperatibako langileek berez dituzten lan eta gizarte baldintzak. "Berdintasun-legea gaindituz, langile guztiek baldintza ekonomiko eta sozial berberak izango dituzte, sexua edo jatorria gorabehera", dio Eroskik batzarraren harira kaleratutako idatzian.

Mesfidantza

Proiektuak sortu du mesfidantzarik bazkideen artean, Eroskiren erabakitze ahalmena Euskal Herritik kanpora mugituko zen beldurrarengatik. Mondragon Taldeko hainbat kideren esanetan, "Eroskiren erabakitze ahalmena ahulduko luke, bigarren mailako kooperatiba bihurturik, eta horrek bi ondorio ekarriko lituzke: boterean gero eta gehiengo espainol handiagoa biltzea eta eragin praktikoetarako MCCtik irtetea".
Baina Eroskitik diote: "Eroskik erreferentziako kooperatiba izaten jarraitu nahi du eta bere helburu soziala edo egoitzaren kokalekua erabakitzeko ahalmena beretzat gordetzeaz gain, Mondragon Korporazioko kide izaten jarraituko du".

Etapa berriaren hasiera

Erabaki honekin abian ipinitako prozesua modu mailakatuan egingo dute enpresa-eredu kooperatiboa onartu ostean. "Proiektua onartu izanak egutegi bat ezartzen du garatu ahal izateko, eta urte batzuk beharko ditu prozesu horrek", dio zapatuko batzarraren harira Eroskik kaleratutako idatzian.

Jabetza eta kudeaketa 52.000 langile baino gehiagorekin partekatzen duenez, Eroski pertsonek protagonismo handiagoa duten enpresaren ikur bilakatu dela diote enpresatik bertatik.

Eroskiko presidente Agustin Markaideren esanetan, "erabaki hau hartu dugu 40 urte betetzera goazenean eta etapa berri bat zabaltzen dugu kooperatibarendako. Beti kontsumitzailearen zerbitzura eta jakinda Espainiako denda guztietan lan egiten dugunok dendaren jabeak garela. Indar horrekin sartzen gara etapa berrian".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak