Epeleko araztegia eraikitzen hasi dira

Aintzane Irizar 2007ko ots. 16a, 13:14
Otsailaren 5ean hasi zituzten Epeleko araztegia eraikitzeko lanak. Espainiako Gobernuko Ingurumen Ministerioa da lanen arduraduna; Construcciones Especiales eta Dragados enpresei esleitu zizkien lanok Ministerioak, 26.286.611 euroren truke. Arduradunek espero dute 2011. urtean martxan jartzea araztegia.

Leintz-Gatzaga, Eskoriatza, Aretxabaleta, Arrasate eta Oñatiko urak jasoko dira araztegian, eta behin ur hori araztuta, Deba ibaira isuriko dute.


Iparraldeko Konfederazio Hidrografikoa da lanen arduraduna; euren esanetan, araztegia martxan jarri eta hilabete gutxira igarriko dugu Deba ibaiaren egoera hobetu dela, alde fisikoari eta kimikoari dagokionez. Hobekuntza biologikoak nabaritzeko, ordea, urte batzuk pasatu beharko dira.

Instalazioek bi zati

Bi zati izango ditu Epeleko araztegiak. Bata, Kataideko industria gunearen ondoan eraikiko dute. Beste zatia, berriz, Etxezarreta ondoan eraikiko dute, autobidean sartzeko errepidearen beste aldean, Bergara aldera, hain zuzen ere.

Lehenengo zatian, Kataide ondokoan, kolektoreetatik datozen ur zikinak iragazi eta urak dakartzan hondakin materialak bahetuko dira. Pabilioi itxia izango da eta pabilioi barruan egingo da azaldutako prozesu guztia; horrela, ur zikinek sortzen dituzten usain txarrak kanpora zabaltzea saihestuko da.

Erreaktore biologikoa

Bigarren instalazioa, Etxezarreta ondokoa, irekia izango da, estali gabea. Hemen, lehenengo instalazioko prozesua amaitu eta gero geratzen diren hondakin kutsakorrak guztiz desegingo dituzte, tratamendu biologiko baten bitartez.

Zubillagako kolektorea

Epeleko araztegiaren proiektuaren barruan, gaur egun Oñatitik Zubillagaraino iristen den kolektorea araztegiraino ekarriko dute. Horretarako, mendia zeharkatzen duen tunela eraiki beharko dute. 1.375 metroko luzera izango du horrek tunelak.

Lan konplexua

Felipe Roman ingeniariak azaldu digun moduan, lan konplexua da: "Alde batetik, Zubillagatik Epeleraino kolektorea ekartzeak asko zailtzen du proiektua, tunela egitea lan konplexua izango delako. Bestetik, kontuan hartu behar dugu eremu murritzean egin behar dugula araztegia, errepidearen eta errekaren artean geratzen den lur zatian". Horrela, lanek 48 bat hilabete iraungo dute. Azkeneko sei hilabetetan araztegia martxan jartzeko probak egiten jardungo dute arduradunek.

Errepidearen desbideraketa

Epeleko araztegia egin ahal izateko, GI-627 errepidea desbideratuko dute. Arrasaterako norabidean, Epeleko biribilgunera iritsi aurretik dagoen bihurgunetik biribilgunera bertara, 350 metroko errepide zatia. Romanek azaldu digunez, berehala hasiko dira lanekin; izan ere, araztegiaren lanek aurrera egin ahal izateko beharrezkoa da errepidea desbideratzea. Bestalde, lanek irauten duten bitartean bide-gorria moztu eta oinezkoak errekaren beste aldetik bideratzeko aukera ere aztertzen dabiltza.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak