Lehenengo ponentzian, kooperatiba filialen figura sortu eta zehaztu dute. Enplegu kooperatiboa sustatzea da helburua, sortutako enpresak hasieratik kooperatibak izan daitezen. Filial horiek korporazioko kidearen izaera dutela berretsi dute, horrek dakartzan ondorioekin. Hala ere ezingo dira Kongresuko kideak izan, ezta Dibisioetako Batzar Orokorretako kideak ere, horrek enpresa hauen ordezkaritza bikoiztea ekarriko lukeelako.
Egiturazko langabezia
Bigarren ponentzia ere, egiturazko langabeziari buruzkoa, gehiengoz onartu dute. Kooperatibetako egiturazko langabezi egoerak konpontzeko eraginkortasun handiagoa lortu gura da honekin. Mekanismo prebentiboa da, salbuespeneko izaera duena eta elkartasun egoera bereziak eskatzen dituzten egoera zailei erantzuteko sortua.
Funtsezko neurrietako bat langileak birkokatzea da, batez ere behin betiko birkokapenak egitea. Azken hauek arazoak sortu dituzte zenbait kooperatibatan birkokatutako langileen adinarengatik edo postuak eskatzen dituen kalifikazioak ez betetzeagatik.
Birkokatze arazoei aurre egiteko, Batzarrak hainbat proposamen onartu ditu. Hala, kooperatiba eskatzailea egiturazko langabezian dagoen ala ez zehazteko bete beharreko baldintzak finkatu dira. Lagun Aroko Jarraipen batzorde bat arduratuko da baldintzak betetzen direla ziurtatu eta enpresa egiturazko langabezia egoeran dagoela aldarrikatzeaz
Birkokatzeko langileak asignatu edo esleitzeko irizpideei dagokienez, Batzarrak onartu du, kooperatiba hartzaileak derrigorrez hartu beharreko behin betiko langileen kopurua ez dela bere plantillaren %2a baino handiagoa izango.
Aurretiko erretiroa
Horrez gain, eta langileen birkokatzea bideraezina suertatzen denean, aurretiko erretiroa 55 urterekin hartzeko aukera ere zehaztu dute, gehienez ere 6 urteko iraupenarekin. Orain arte, 58 urterekin zegoen aurretiko erretiroa hartzeko aukera.
Dena den, azpimarratu dute neurri hau salbuespen gisa hartzen dela, egoera zailean dauden eta egiturazko langabezia kualifikatua duten kooperatiben kasuan hain zuzen ere. Gaineratu dute aukera honek ez duela esan nahi aurretiko erretiroa hartzeko prozesuei ate bat ireki gura zaienik. Korporazioko kideek azpimarratu dute erreferentzia 65 urterekin erretiratzea dela.
Halere egiturazko langabeziari buruzko behin betiko erabakia martxoan hartuko da, Lagun Aroren batzar orokorrean.
Gaurko Kongresuko presidentea Juan Mari Otaegi, Lagun Aroko presidentea izan da, eta aipatzekoa da gaur izan duela bere azkena, erretiroa hartu behar du-eta.