Diputazioak 32 milioi euro gastatuko ditu Debagoienean

Mirian Biteri 2008ko urt. 11a, 10:13
Bide azpiegiturek eta gizarte politikek hartuko dute zati handiena: 11 eta 18 milioi, hurrenez hurren geltokia Arrasaten geltoki intermodala egiteko 600.000 euro aurrez ikusi dituzte; iaztik atzeratuta dator partida hori.

EAJ, EA, EB ETA Aralar Joan zen urteko azken Batzar Nagusietako osoko bilkuran onartu zen Gipuzkoako aurrekontua, EAJ, EA, EB eta Aralarren aldeko botoarekin. 786 milioi euro Aurtengo aurrekontua 786 milioi euro da; horietatik, 32 milioi Debagoienerako izango dira, azpiegitura eta gizarte politikak aurrera ateratzeko bereziki.

 

Gipuzkoako Batzar Nagusiek aurtengo aurrekontuak onartu dituzte dagoeneko. Abenduko hasierako egunetan. Diputazioa gidatzen duten EAJ eta EA taldeak akordio batera iritsi ziren horren gainean EB eta Aralarrekin.
Azken orduko ezusterik ez zen izan eta joan zen abenduaren 20ko osoko bilkuran, urteko azken osoko bilkuran, aurrera atera zen kontuen proiektua. Esandako lau alderdietako batzarkideen aldeko botoa eskuratu zuen egitasmoak. PSE eta PP, berriz, horren aurka azaldu ziren.
Guztira, 786 milioi aurreikusten ditu 2008ko Gipuzkoako aurrekontuak. Joan zen urtekoarekin alderatuta, kopurua zertxobait jaitsi da, ibilbide horretakoa 805 milioi euro izan zen-eta. Ohikoa den moduan, zati inportanteena, politika sozialetarako bideratuko da: %35,6, hain zuzen. Hala, 276.654 milioi euro izango ditu eskura Diputazioak hainbat proiektu aurrera ateratzeko.
Debagoienera 31.821.913,90 euro iritsiko dira aurten. Eta Bide Azpiegituretako eta Gizarte Politikako Departamentuek gastatuko dute diru gehien. Lehenak 11.855.015 eta bigarrenak 14.861.540,52 euro inbertituko dituzte ibarrean, hain zuzen ere.

Dirua, Herririk herri

Kopuru handiena eskuratuko duen udalerria, berriz, Arrasate izango da. Guztira, 13.378.791,60 euro jasoko ditu. Jarraian Bergara 9.200.533,96 eurorekin eta Oñati, 3.339.318,60 eurorekin daude. Antzuolara 2.284.654,82 iritsiko dira; Aretxabaletara 1.618.192,04; Eskoriatzara 1.413.486,78; Elgetara 298.675,58; eta, azkenik, Leintz Gatzagara 288.260,52 euro.
Bide Azpiegituretako Departamentuko erdia bailarako errepideen artapen obretarako erabiliko dute: 5.427.600 euro. Besteak beste, Bergarako Amillaga biribilgunerako erabiliko dute kopuru hori.

Arrasateko saihesbidea

Arrasate mendebaleko saihesbidearen eraikuntzarako, berriz, 4.837.415 euro eta saihesbide horren obren zuzendaritzarako beste 660.000 euro bideratuko ditu Gipuzkoako Diputazioak aurten. Hasiera baino ez da hori. Izan ere, azpiegitura hori eraikitzeko, 2009an 24.662.585 eta hurrengo urtean 12.000.000 euro gehiago ematea aurreikusita dago.
Jakina denez, esandako saihesbideak (GI-2620) 2.014 metro luze izango du eta Debagoiena eta Aramaioko bailara arteko komunikazioa hobetzen lagunduko du. Horretarako, Olandixo parean 860 metroko tunel bat eraiki beharko dute. Lanak udaberri aldean hastea aurreikusita dago. Mendebaleko saihesbidea  eraikitzeko epea 27 hilabetekoa da.
Bestalde, Urretxu eta Bergara lotuko dituen errepideko eraikuntza proiektua egiteko 990.000 euro jarriko ditu Diputazioak. Antzuola udalerriko tarterako 660.000 eta Bergararako, berriz, gainontzeko 330.000 euro bideratuko ditu.
Beasain-Durango autobiaren zatietako bat da Urretxu eta Bergara artekoa. Tarte horrek 6,7 kilometroko luzera izango du eta 2010erako bukatzeko asmoa du Markel Olano jelkideak gidatzen duen gobernuak. Horretarako, 100 milioi euroko aurrekontua du aurreikusita.

Nagusien egoitzak

Gizarte Politikako Departamentuari dagokionez, Debagoienean dauden hirugarren adineko egoitzek jasoko dute diru gehien. Hala, Bergarako Mizpirualde egoitza indarrean dagoen araudiari egokitzeko eta plaza berriak sortzeko, besteak beste, 1.382.935 euro erabiliko dira.
Arrasateko Iturbide egoitzak, berriz, 1.928.744 euro jasoko ditu,  Oñatiko San Martinek 679.127,  Eskoriatzako Nuestra Señora de las Mercedesek 367.153 eta Aretxabaletako Urats-Gainek 286.128 euro izango dituzte.

Antzuolako landa zentroa

Bestalde, Antzuolan landa eremuko balio askotariko zentroa eraikiko dute. Horretarako, 150.000 euroko partida aurreikusita dago aurrekontuetan. Gipuzkoan horrelako bi zentro egiteko asmoa du Diputazioak: bat Antzuolan eta bestea Tolosaldean eraikiko dute.
Horrez gain, Aretxabaletan Atzegik babestutako etxebizitzendako 270.640 euro bideratuko dira eta Eskoriatzan eguneko udal zentroa finantzatzen laguntzeko 135.198 euro aurreikusten dira. Arrasaten, berriz, Aita Menni eguneko zentro psikogeriatrikorako 345.444 euro jarriko dituzte, Aita Menni egoitzarako 634.764 euro eta Aita Menni atsedenerako egoitzarako 69.752 euro.
Bergarak gizarte politikendako partida garrantzitsuak jasoko ditu. Uliazpi fundazioak Zubillagan duen zentroa berritzeko, esaterako, 760.152 euro emango ditu Diputazioak. Hango Gureak lantegi babestuetarako 1.066.256 euro eta Aspace eguneko zentrorako 572.970 euro aurreikusi dira.

Etxeko laguntza zerbitzua 

Etxeko laguntza zerbitzuetan ere inbertsio handia egingo dute aurten. Bailara osoan 1.415.332 euro utziko dira. Antzuolan 86.840 euro; Aretxabaletan 182.151; Arrasaten 467.848; Bergaran 314.795; Elgetan 41.002; Eskoriatzan 53.111; eta Oñatin 269.585. Leintz Gatzagarako, azkenik, ez du gai horren gaineko partidarik aurreikusi Diputazioak. 
Landa Ingurunearen Garapenerako Sailak 773.888,39 euro gastatuko ditu gurean. Erdia Oñatira bideratuko da: 358.305,48 euro, hain zuzen. Eraikinak egokitzeko, Aizkorri-Aratzeko parketxea eraikitzeko, larreak, seinaleztapena, baso tratamenduak, baso bideak mantentzeko eta Debagoieneko Mankomunitateko hiltegirako erabiliko da, besteak beste.
Leintz Gatzagan ere diru nahikotxo jasoko dute Landa Ingurunearen Garapenerako Departamentuaren eskutik: 73.349,20 euro. Baso tratamenduetan, larretan, baso bideen irekitzean eta seinaleztapenean joango da esandako udalerrira kopuru hori. Aretxabaletak, bestalde, 28.620 euro jasoko ditu, Debagoieneko Abelazle Elkartearendako.

Antzuola-Bergara Bidegorria

Garapen Iraunkorreko Departamentuaren barruan, Bergara eta Antzuola arteko bidegorrirako dirua jarriko du aurten Diputazioak. Hala, 2.242.610 euroko partida garrantzitsua aurreikusi du aurrekontuen proiektuak. Antzuolako tarteak 675.000 euro hartuko ditu eta gainontzeko 1.567.610 euroak Bergararako izango dira.
Kiroletako eta Kanpo Ekintzako Departamentuko partida Baketik fundaziorako da. Joan zen urtean moduan, 100.000 euro eskuratuko ditu. Diputatu Nagusitik, berriz, 350.000 euro irtengo dira, orain dela gutxi eratu den Arantzazuren sustapenerako fundaziorako.   
Geltoki intermodala
Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketan, Debagoieneko geltoki intermodalerako 600.000 euro bideratuko dira. Geltoki hori Arrasaten egongo da kokatua. Joan zen urtean kopuru bera jarri zuen Diputazioak, baina ez zen erabili. Proiektu horren gaineko informazio handirik ez dago. Euskotren eta Udalaren arteko hitzarmenik ez dago oraindik. 
Lehendakaritzako eta Foru Administrazioko Departamentua suhiltzaileen gastu eta inbertsioez arduratuko da. Hain zuzen ere, 342.159,99 euro bideratuko ditu Zubillagara. Kultura eta Euskara Departamentuaren eskutik, azkenik, Bergarako UNEDek 540.750 euroko jasoko ditu aurten.
Orain arte aipatutako partidak 2008ko aurrekontuen egitasmoan azaltzen dira. Horiek guztiak proiektu zehatzetarako dira. Bada, horrez gain, Gipuzkoako eskualde guztietan eragiten duten proiektuak ere badaude. Horiek ez dira orain arte aipatutako kontuetan agertzen. Urtean zehar dauden helburu eta beharren arabera onartzen dira partida orokor horiek, baldin eta ez badago diru lerro berezirik proiektu konkretu batendako.

Garraio publikoa horren adibidea da. Joan zen urtean garraio publikoa hobetzeko plana onartu zen Batzar Nagusietan. Besteak beste, deskontu garrantzitsuak aurreikusten ditu autobusetan egiten den lehenengo bidaiatik. Plan hori Gipuzkoa osorako da eta neurri batzuk eskualde batzuetan martxan jarri dira dagoeneko, baina Debagoienera oraindik ez dira iritsi.
Garraio publikoaz gain, ur sareek eta hiri hondakinek ere aparteko inbertsioak izaten dituzte, beste arlo askoren artean. Urtea aurrera joan ahala ezagutuko dira partida horiek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak