Debagunek 'Niri euskaraz' dioen pegatina atera du Euskararen Egunaren harira

Arantzazu Ezkibel Galdos 2009ko aza. 24a, 13:11

Abenduaren 3rako, Euskararen Eguna, prestatuko ekimena da atzo Debagunek aurkeztu zuena. 'Niri euskaraz' lelopean 3.500 pegatina atera ditu Debagoieneko euskara elkarteen elkargoak. Asmoa da, besteak beste, herriko dendetan eta udal langileen artean banatzea pegatinok. Gainera, ekimenean interesa duten eragileek pegatinak eskatzeko aukera izango dute azaroaren 26a baino lehen.

Debagunek abenduaren 3rako pentsatu duen ekimena da ahalik eta jende gehienak Niri euskaraz pegatina jartzea. Euskara elkarteko kideak joango dira jende aurrean lan egiten dutenengana pegatina jar dezaten eskatzera. Baina gonbita herritar guztiei luzatu nahi diete. Hala, pegatina lortu nahi duenak euskara elkarteetara jo beharko du pegatina eskuratzeko.

Azaroaren 26a baino lehen eskatu

Bergarako kasuan, adibidez, ikastetxeek interesa azaldu dute ikasleen artean pegatina jartzeko. Hortaz, beste herrietan ere ikastetxe edo eragileek interesa balute, aukera izango dute azaroaren 26a baino lehen euskara elkarteekin harremanetan jarri eta pegatinak lortzeko.

3.500 pegatina

Debagunek ez du egitarau osatu bat prestatu abenduaren 3rako. Ekimen orokorra izango da aurrez esandakoa: pegatina jartzeko deia. Hala ere, prentsaurrekoan esan zuten sorpresaren bat egon litekeela.
Hasiera batean 3.500 pegatina eskatu ditu Debagunek baina aurreikusten dute gehiago izan daitezkeela. Izan ere, azaroaren 26ra arte –eguena– dago pegatinak eskatzeko aukera.

Euskararen inguruko gogoeta

Euskara elkarteek euskararen inguruan egin dute gogoeta azaldu zuten prentsaurrekoan. Eñaut Muxikak hartu zuen hitza. "Ba al dago zerbait ospatzeko? Gogoeta eginda, guk uste dugu badagoela zer ospatu. Egoera ez da beltz-beltza, norbanako eta eragile askok egin dugun lanari esker, euskara areagotzeko egin den lana nabari da. Dena den, ukaezina da oraindik badela zer eginik. Zentzu horretan kezkaz ikusten ditugu bai krisi ekonomikoa dela euskara elkarteei egin zaizkiokeen murrizketak, eta baita ere hezkuntzan, hezkuntza ereduen inguruan ematen ari den eztabaida", azaldu zuen Muxikak.

Euskara elkarteen egoeraz ere jardun zuen Muxikak: "Oñati, Antzuola… baditugu zenbait adibide. Dena den ez dugu uste hil kanpaiak berehalakoan entzungo ditugunik. Euskararen egoera pattala den bitartean, gure eguneroko bizitzan gaztelania jaun eta jabe den bitartean, beti egongo da euskararen inguruan antolatuko den herritarrik. Era berean gure antolaketan eta batasunean dago indarra. Izan ere, euskaldunok izan bagara debagoienean. Hori nabari gera dadin gura dugu Debaguneko euskara elkarteok. Harro egon gaitezen, harrokeria gabe gure hizkuntzaz. Jakin dezatela gure herrikideek ere euskal hiztunak garela. Hola akaso lehenengo berba euskaraz egingo digute edo egingo dugu. Eta euskaraz ez dakitenekin zer? Erakuts diezaiegun euskararik gabe zer ari diren galtzen, zenbat gozamen ari diren galtzen hizkuntza oso bat alboratzen dutenean. Ospatu eta lanean jarraitu, ez dago besterik. Dena den, egoera ikusita bigarrenean jarri beharko ditugu gure indarrik handienak. Horregatik, gure bazkideei, gainontzeko herritarrei, euskaltzaleei eta gainerako herritarrei dei egiten diegu gure soinean euskararen aldeko pegatina jar dezaten".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak