Debagoieneko txakolina Getariako Txakolin izendapenean sartzear

Aintzane Irizar 2007ko uzt. 27a, 14:39
Gipuzkoako Foru Aldundiak, Getariako txakolina jatorri izendapenaren kontseilu arautzaileak eta Atxagi elkarteak adostu zuten Gipuzkoa osora zabaltzea Getariako txakolina izendapena. Atxagi elkartea helburu horixe lortzeko sortu zuten izendapenaren barruan ez zeuden Gipuzkoako hemezortzi ekoizlek; tartean, Debagoieneko hiru ekoizle daude: Oñatiko Juanito Zelaia eta Arrasateko Kataide eta Otxia txakolindegiak. Izendapena zabaltzeko prozesua martxan dago eta Diputazioak du horren ardura.

Izendapenaren barruan sartzeko, baina, mahastiak legeztatuta izan behar dituzte ekoizleek. Mahastiak legeztatuta izateak esan nahi du landatzeko eskubidea izatea. Horretarako, behartuta daude eskubideok erostera. Europak zeharo araututa dauka gai hori; hektarea kopuru jakin batendako landatze eskubideak banatzen ditu herrialde guztien artean. Gero, gure kasuan Espainiak Gipuzkoako Foru Aldundiari ematen dizkio eskubide horiek, honek ekoizleen artean bana ditzan. Gipuzkoaren kasuan, dagozkion eskubide guztiak banatuta daudenez, Espainiako hainbat erkidegori erosi behar dizkiote eskubideok. Murtzia, Andaluzia eta Gaztela-Leoni, hain zuzen ere. Guztira, 100 hektarea landatzeko eskubideak erosiko dituzte mahastiak legeztatu beharrean dituzten ekoizleek. Erosketa horiek egiteko tramitazioak egiten dabil Getariako txakolin izendapenaren kontseilua, baina, ekoizleek jarri beharko dute dirua.

Eskubide erosketa horiei esker, Debagoieneko hiru txakolin ekoizleek, Kataidek, Otxiak eta Juanito Zelaiak, hamar hektarea mahasti legeztatu ahal izango dituzte, eta era horretan, Getariako txakolina izendapenaren barruan sartu ahal izango dira.

Felix Etxagibel Otxia txakolindegiko nagusia pozik dago, baina, Diputazioarendako kritikak ere baditu; izan ere, 1998an Europak eskatu zien herrialde guztiei mahasti guztiak deklaratu zitzatela, denak legeztatzeko. “Gipuzkoako Diputazioak, baina, ez zuen ezer egin; garai hartan mahastiak genituenoi ez zizkiguten legeztatu, tren hura galdu genuen eta orain daukagun aukera bakarra da EAEtik kanpo eskubideak erostea. Ez dut uste justua denik gertatu dena, mahastiak legez kanpo eduki behar izan ditugulako; eta gainera, orain, ekoizleok jarri behar dugulako eskubideak erosteko dirua”, adierazi du Etxagibelek.


Otxiako nagusiak azaldu duenez, udazkenerako erosketak eginda izango dituzte eta gero geratuko dena da Getariako txakolinaren izendapena Gipuzkoa osora zabaltzeko prozesuarekin amaitzea. Prozesu horren arduraduna da Gipuzkoako Diputazioa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak