Debagoieneko kirolari onenek sariak jaso dituzte

Mirari Altube Arrese 2008ko abe. 21a, 17:00

Debagoieneko Kirol Sariak banatu zituzten zapatu arratsaldean Aretxabaletako Arkupe kultura etxean. Lehenengoz antolatu dute halako ekimena eta sei Udalek egin dute bat: Leintz Gatzaga, Eskoriatza, Aretxabaleta, Aramaio, Oñati eta Elgeta. Kolaboratzaile lanetan ibili dira Arteman Komunikazio Enpresa eta Goiena, eta babeslea izan da La Caixa.

Ekitaldia Itxaro Zubillaga eta Xabi Urtzelai kazetariek aurkeztu eta bideratu zuten, eta Aukeran dantza taldeak borobildu zuen. Hamalau sari banatu zituzten guztira; horietatik zortzik 2008an kirolariek egindako lana saritzea zuten helburu eta gainerako seiak antolatzaile ziren udalek banatu zituzten. 

Gizonezko onena, Zuhaitz Ezpeleta

Gizonezko kirolari onenaren saria Zuhaitz Ezpeleta atleta arrasatearrak eskuratu zuen. Espainiako Mendiko Kopa irabazi du aurten, eta pozik azaldu zen sariarekin: "Gaizki erakutsita zaituztedala uste dut; urte borobila izan dut eta goia jo dudalakoan nago". Lesioek eta lanak utziz gero aurrera jarraitzeko gogoa azaldu zuen, eta Itxaro Zubillagak erronka galanta bota zion datorren urterako: Europako Mendiko Kopa.

Emakumezko onena, Maider Unda

Emakumezko kirolari onenaren saria, ostera, Maider Unda borrokalariarendako izan zen. Beijingo Joko Olinpikoetan izan den aramaioarrak pozgarria dela sariak jasotzea adierazi zien  elkartutakoei –aurreko astean herritarrengandik jaso zuen– eta urte askoan lanean ibili ondoren oraintxe dabilela sariak jaso eta jaso gaineratu zuen.

Kirol talde onena, MU-Ointxe!

Debagoieneko kirol talde onenaren saria Arrasateko MU-Ointxe! saskibaloi taldearendako izan zen. 2007-2008 denboraldi bikaina egin zuten arrasatearrek eta EVA ligara igotzeko sailkatu ziren. Ezin izan zuen inork saria jasotzera joan, ekitaldia ospatu bitartean jokatzen zutelako partidua.

Kirol teknikaria, Jon Odriozola

Kirol teknikari onenaren saria Oñatiko Jon Odriozolak eskuratu zuen, oraintsu arte Euskaltel-Euskadi txirrindulari taldeko kirol zuzendari izan denak. Iban Velasco txirrindulari arrasatearraren eskutik jaso zuen, gainera, saria, Euskaltel-Euskadin lankide izan duenaren eskutik, hain zuzen. Ezusteko handia hartu zuela saritua izan behar zela jakiterakoan adierazi zuen, eta benetan pozgarria dela etxekoek emandakoa delako: "Momentu zailak bizitzen nabil, eta egindako lanaren errekonozimendua momentu honetan iristea benetan pozgarria da". Aurrera begira dituen planen gainean galdetu zioten kazetariek: "Kirol talde bat zuzentzea da nire ametsa, beti esan izan dut eta neure ideiekin kontsekuentea naizelako hartu dut azken erabakia. Lanerako gogoa badut eta etxe inguruan bada hobe", erantzun zuen Odriozolak.

Ibilbidearen saria, Alberto Iñurrategik

Kirol ibilbidearen saria herriko seme batek jaso zuen, Alberto Iñurrategi mendizaleak. Rafa Etxabe lagunak eman zion saria. Zubillaga kazetariak datorren urtera begira zein asmo dituen galdetu zion, baina ez zuen ezer aurreratu gura izan: "Zerbait izango da, urtero-urtero zerbait egiteko dinamika hartu dugu eta ez nuke gura kale egiterik. Hala ere, kontuak ondo lotuta izan arte, ez zait gustatzen kanpai jotzen hastea".

Kirol babeslea, ULMA

Kirol babesleak ere oso garrantzitsuak direla gogorarazi zuten DKS Sarien aurkezleek, horiek barik ezingo luketelako aurrera egin talde askok eta beste horrenbeste kirol ekitaldik. Hala, Oñatiko ULMA enpresak jaso zuen kirol babesle fidelaren saria. Txirrindularitza taldea dauka ULMAk, eta Kirolgi Fundazioaren babeslea ere bada, beste batzuen artean. Xabier Mugerza ULMA taldeko presidenteak jaso zuen saria, eta gogorarazi zuen kooperatibak dituen konpromisoen artean dagoela kirolarekin bat egitea. Krisi ekonomikoak eraginik izango duen ematen diren laguntzetan galdetu zioten: "Krisiak errekurtso ekonomikoak murrizten ditu eta horrek eragina izango du, baina kooperatibak dituen printzipioak mantentzea da gure asmoa", erantzun zuen Mugerzak.

Kirolari anonimoa, Maria Jose Gil

Kirolari anonimoak ere saritu gura izan dituzte Udalek, eta Maria Jose Gil Arrasateko atleta beteranoak jaso zuen. 

Herritarren saria Txufiri

Zortzigarren saria herritarrek emandakoa zen. Hautagaiak bost ziren: Zuhaitz Ezpeleta, Maider Unda, Fernando Zufiria, Reyes Azkoitia eta Joseba Iñurrategi. 300 bat boto jaso dituzte Internet bidez eta La Caixako bulegoetako kutxetan, eta aukeratua Fernando Zufiria Txufi arrasatearra izan zen. Atletismo taldeko entrenatzailea da bera, eta Lore Mar eta Maddi Garro ikasleen eskutik jaso zuen saria. 40 urte daramatzala entrenatzaile lanetan eta beste norbaitek txanda hartzeko ordua dela bota zuen saria eskuan. Pozik azaldu zen Arrasaten daukaten atletismo taldearekin eta pertika-jauzia egiten dutenak bikain dabiltzala gaineratu zuen. Lore Mar hain zuzen, Espainiako txapeldun ordea da.

Udalen sariak

Udalek ere saritu zituzten kirolaren alde lanean dabiltzan hainbat herritar. Hona herri bakoitzak sarituak: Leintz Gatzagak, Jose Inazio Beloki; Eskoriatzak, Joseba Iñurrategi; Aretxabaletak, Manolo Zubillaga; Aramaiok, Maider Unda; Oñatik, Mari Sol Ramos; eta Elgetak, Oskarbi Elkartea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak