Debagoieneko 12 enpresatako produktuak BECen erakusgai

Miren Arregi Amasorrain 2008ko mar. 7a, 11:08
Ibarreko enpresek diote BEC ezinbesteko hitzordua dela harremanak egiteko. Enpresa gehienek urte mordoa daramate BECen produktuak erakusgai ipintzen.

Guztira, 38 herrialdetako 1.761 enpresarendako tokia egokitu dute BECen. Horien artean, ezin falta Debagoieneko enpresak: Bergarako sei, Arrasateko hiru eta Elgeta, Aretxabaleta eta Antzuolako enpresa banak ipini dituzte produktuak BECen erakusgai. Sektorearen arabera sei pabiloitan banatuta, Debagoieneko enpresak euren produktu eta zerbitzuak merkatuan zabaltzen ahalegindu dira. Erakusmahai guztietako arduradunen iritzi orokorra da erakustazokak, saltzeko baino gehiago, kontaktuak egiteko balio izaten duela.

Debagoienetik, hamabi

Bergarako Tecnologia y Sistemas para EDM enpresak elektroerosio bidez zuloak egiten dituen makinak aurkeztu ditu BECen: "Hemen ipini dugu elektroerosio bidez 0,1 diametroko zuloak egin ditzaketen makinak", azaldu du enpresako gerente Asier Etxeberriak. Soraluce S. Coop. enpresa Danobat taldeko enpresa da. Fresatzeko makinak egiten dituzte eta BECen dagoen erakusmahai handiena da eurena. Han egoteak irudia eta merkatuan egoteko aukerak ahalbidetzen ditu, Eleazar Raya komertzio arduradunaren esanetan. Orni SL enpresa ere Bergarakoa da, eta piezei bizarra kentzeko makinak egiten dituzte. Bezero bakoitzaren beharren arabera egiten dituzte piezei bizarra kentzeko makinak: "Jantziak neurrira egitea bezala da", esan digu Iban Escribanok, komertzio ingeniariak. Sitalu enpresak, Bergarakoa hura ere, ALUSIC talde italiarrak egindako aluminioa saldu eta komertzializatzen du. BECen erakusgai ipini duten pieza bereziena aire konprimituen instalazioak egiteko erabiltzen dutena da. BECen erakusgai dagoen Bergarako azken enpresa Filtroman enpresa da. Olio eta taladrina iragazketa sistemak egiten dituzte. Merkatuan dagoen ur-arazketa mailarik handienak lortzen dituen ekipo bat dute erakusgai.

Arrasateko enpresei dagokienez, Fagor Arrasatek erakusmahai informatiboa ipini du. Dituzten negozio ildo desberdinen gaineko informazioa eman dute; hala nola forjarako sistemak, prentsak eta estanpazio sistemak, prentsa hidraulikoak... Arrasateko Lasa Lineas Automaticas enpresak prentsa eta alimentazio linea batuko dituen makina aurkeztu du. Fagor Automationek kontrol numerikoak egiten dituen CNC 8070 makina bat eta Aretxabaletako Mondragon Sistemas enpresak, berriz, industria mailako kontrolak eta laborategiko instalazioen kontrol eta neurketak egiteko moduak aurkeztu ditu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak