Debagoienean egindako errenta aitorpenen %16a, euskaraz

Txomin Madina Milikua 2010ko urr. 10a, 22:34
Udalek errenta aitorpena euskaraz egiteko hirugarren kanpaina, orain arteko arrakastatsuena izan da. Proportzioan, Antzuolan aurkeztu dira gehien: %27a izan da euskaraz.

Hirugarren urtez jarraian, Debagoieneko zortzi udalek errenta aitorpena euskaraz aurkezteko kanpaina egin dute aurten, eta emaitzei dagokienez, berau izan da orain arteko arrakastatsuena. Izan ere, 2009 urteari zegozkion 37.293 errenta aitorpen aurkeztu dira aurten ibarrean apirila eta ekaina artean, eta horietatik 4.800 inguru euskaraz izan dira, %16a hain zuzen ere.

Iaz baino hiru puntu gehiago da hori eta 2007ko errenta aitorpenaren kanpainan baino zazpi puntu gehiago. 2000ko datuei begira jarrita, aldea nabarmenagoa da: orduan 1.088 izan ziren euskaraz aurkeztutako errenta aitorpenak. Hamarkada bakarrean, beraz, laukoiztu egin da euskarazko errenta aitorpenen kopurua.

Gehien, Antzuolan

Datuak herrika aztertzen hasita baina, Debagoieneko herrien arteko ezberdintasunak nabarmenak dira. Gauzak horrela, Antzuolan eta Elgetan aurkeztutako errenta aitorpenen laurdena inguru euskaraz izan dira: Antzuolan %27a eta Elgetan, %22a. Esan behar da gainera, euskarazko aitorpenen hazkunde handiena ere, bi herri hauetan izan dela: 2007an baino bederatzi puntu gehiago Antzuolan; eta Elgetan, hamaika.

Muturraren beste aldean, Eskoriatza eta Arrasate daude. Eskoriatzaren kasuan, %9a izan dira euskaraz aurkeztu diren aitorpenak; Arrasaten, %10a. Azpimarratzekoa da baina, gehiago edo gutxiago, baina urtetik urtera, herri guztietan egin duela gora euskarazko errenta aitorpenen kopuruak.

Datu hauek guztiak Debagoieneko udalek eman dituzte jakitera, eta adierazi dutenez, igoera pozgarria da, euren esanetan, apurka-apurka bada ere, gero eta gehiago direlako euskara aukeratzen duten herritarrak.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak