Debagoienak ez du sinatu Partzuergoarekin hondakin organikoen kudeaketarako hitzarmena

Debagoieneko Mankomunitateak ez du sinatu Gipuzkoako Hondakinen Partzuergoak hondakin organikoei buruz proposatutako ituna. Debagoienekoa eta San Marcos izan dira ituna sinatu ez duten bi mankomunitateak, argudiatuta partzuergoaren helburua dela zaborren kudeaketaren kontrol osoa edukitzea, eta bide batez Zubietako errauste plantaren proiektua justifikatzea.

 

Gipuzkoako zortzi mankomunitateetatik seik sinatu dute partzuergoarekin hondakin organikoen kudeaketaren gaineko hitzarmena. Adierazi dutenez hitzarmenarekin gura dute hondakin organikoen kalitatea ziurtatzea, hau ezinbestekoa baita zabor horretatik konpost erabilgarria lortzeko. Gainera, akordioarekin zabor mota honen fakturan %25eko hobaria izango dute udalek. Hondakin organikoak Azpeitiko Lapatxeko konpostatze plantara eramango dituzte.  Gipuzkoako Partzuergoko arduradunek adierazi dute hondakinen kudeaketa eredu berriarekin birziklapena, berrerabilpena eta hondakinen energiatarako erabilpena bultzatuko dutela.

Debagoieneko eta San Markoko mankomunitateek, baina, ez dute hitzarmena sinatu. Euren ustez, Partzuergoak errauste planta ez den zaborren kudeaketarako bestelako sistemak oztopatu nahi ditu azken finean, eta horretarako, gai organikoen kudeaketarako dituzten eskumenak de facto kendu nahi dizkie udalei, hondakinen tratamendu osoa kontrolatuz.

Zabor organikoa bereizita jasoko duten udalerriek izango duten %25eko hobariaren gainean, berriz, nahikoa ez dela diote Debagoieneko eta San Markoko mankomunitateek. Zaborra konpostatze plantara eramateko eta jasotzeko gastua udalek beren gain hartuko dutela kontuan izanda, hobari hori ezerezean geratzen dela diote.

Debagoienean, Aretxabaletan bakarrik daude gaur egun hondakin organikoak biltzeko edukiontzi marroiak. Mankomunitatetik adierazi dute ekonomikoa dela ekimena herri gehiagotara ez zabaltzeko arrazoi nagusia, baina aztertzen ari direla aurrera begira ze bidetatik jarraitu. Aretxabaletan jasotzen diren hondakinak ere Azpeitiko Lapatxera eramaten dira, eta ekimenaren emaitza ona ari da izaten.

Debagoienean bertan konpostatze planta egiteko asmoa ere badago. Epele inguruan egingo dute, baina ez urte pare bat baino lehenago, Pedro Lasagabaster Mankomunitateko Ingurumen batzordeburuaren arabera. Bergarako lurretan egongo da planta, eta egin ahal izateko udalerriko plan orokorra egokitu behar ei da aurrena. Dena dela, hondakin organikoen bilketa masiboki egiten ez den bitartean Lapatxeko planta nahikoa eta Debagoienekoa hain presazkoa ez dela gaineratu du Lasagabasterrek.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.