Bideberri: bi urteko ibilbidea elkarrekin ibarreko herri txikienek

Edu Mendibil 2009ko urt. 30a, 11:43
Bideberri Mankomunitateak bi urte beteko ditu laster. Debagoieneko herri txikienek, Antzuolak, Leintz Gatzagak eta Elgetak osatzen dute. Gizarte zerbitzuak hobeto kudeatzeko helburu nagusiarekin sortu zuten Bideberri, 2007. urtean; azken agintaldia hasi baino zertxobait lehenago, hain zuzen.

Mamen Jauregi Antzuolako Ongizate zinegotzia da mankomunitateko presidentea eta herritar kopuruaren araberako ordezkaritza daukate hiru herriek: Antzuolak lau ordezkari ditu Gobernu batzordean, Elgetak hiru eta Leintz Gatzagak bakarra. Aurtengo aurrekontua joan den abenduko Gobernu batzordean aurkeztu zuten. Iazko aurrekontua ia bikoiztu egin dute: 302.380 euroko aurrekontua aurreikusi dute 2009an (164.502 euro iaz).

Aurrekontua handitzearen arrazoiak bi dira, nagusiki: alde batetik, bi gizarte langileen balorazioa egin dute (lan karga dela eta, bata lan jardun osora pasatuz eta bestea lan jardun erditik hiru laurdenekora); eta bestetik, Auzolan programa abian jartzea.   

Auzolan programa

Esan bezala, Auzolan programa da berritasunetako bat aurten. Pedro Iturbe Antzuolako alkatearen arabera, zortzi lagunez osatutako brigadatxo bat osatzeko asmoa dago: "Oraindik guztiz definitzeko dago brigada horren zeregina, baina edozein udal brigadak egiten dituen lanak egingo lituzke: mendi parkeak garbitu, pintaketa lanak, barandak berreskuratzeko lanak eta horrelakoak", diosku Iturbek. Auzolan programak 90.000 euroko aurrekontua dauka. Bideberri osatzen duten udalek 30.000 euroko ekarpena egingo dute, Gizarte Segurantzako eta enpresa kostuak ordaindu ahal izateko, eta Jaurlaritzak 60.000 euro ordainduko ditu. Bereziki lan munduan sartzeko zailtasunak dituzten herritarrei bideratutako egitasmoa da Auzolan.

Bestalde, berdintasun plana eta droga-menpekotasun plana abian jarriko ditu Bideberrik. Berdintasun plana Iruñeko Equala enpresa dabil egiten eta diagnostiko fasean dago oraindik: hiru herrietan gizon eta emakumeen aukera berdintasuna aztertzeko helburua daukate, eta, emaitzen arabera, zertan hobe daitekeen benetako berdintasuna izateko.
Droga-menpekotasun planari dagokionez, bost urterako plana da eta ekimenak abiarazi aurretik gaurko egoera zein den jakin nahi dute. Bien bitartean, gurasoendako argitaratuko den Guraso aldizkarian hartuko dute parte.

Pedro Iturbek azpimarratzen duenez, garraioa da herri txikien premia larrienetako bat. Elkarlana da irtenbideak topatzeko modua. "Arazo antzekoak ditugu, herri egitura berdintsua dugulako, eta aurrera egiteko eta harremanak sendotzeko esperientzia aberasgarria izaten ari da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak