Bidaiarien beharretara egokitutako autobus zerbitzua lantzen dabiltza

Arantzazu Ezkibel Galdos 2008ko api. 25a, 15:44
Herri txikietan eta landa eremuetan autobus zerbitzua ezartzeko sistema informatikoa lantzen dabil Mondragon Unibertsitateko ikasle talde bat. Sistema berri honen bitartez, autobusak ibilbidea momentuan momentuko beharrizanen arabera definituko luke.

Bidaiariek telefono bidez egindako eskariak kontuan hartuz, gidariak geltoki batera edo bestera joateko erabakia hartuko luke. Autobus zerbitzua, pertsonentzat eta merkantziendako pentsatuta dago. Garraio sistema gestionatzeko oinarrizko elementuak internet eta posizionamendu sarea (GPS) lirateke.

Sistema berriaren onurak

MUko ikasleek asmatutako sistema honen onurak ondorengoak dira: garraio publikoa erabiltzea ahalbideratzen du; gaur egun dauden garraio sareen optimizazioa, erabiltzaile gehiago, baina, ere berean, auto gutxiago ahalbideratuz; eta, auto-pilaketa gutxitzea eta baita, kontaminazioa gutxitzea ere.
Taldea osatzen dute Julen Barrena, Daniel Reguera, Xabier Etxeita, Hibai Martinez, Ibon Ugarte eta Gorka Kintanak; eta, ingenieritza informatikoko 5. mailako ikasleak dira. Unibertsitateko praktika bezala hasi ziren proiektuarekin. Gaia aukeratzeko orduan, taldekideen bizipenak izan zituzten kontuan. Hala azaldu du Julen Barrenak: "Proiektu akademikoa egiteko hainbat gai izan genituen buruan. Konturatu ginen, autobus asko utzik joaten zirela; bestalde, nekazal guneetan autobus zerbitzu finkoaren gabezia ikusten genuen. Hortaz, hori optimizatze aldera hasi ginen proiektuarekin". Linea finkoa jarri barik, errentagarria izan eta era berean erabiltzaileen garraio eskubidea bermatuko lukeen sistema gauzatzen hasi ziren.

Beharrizanen arabera

"Erabiltzaileen eskakizunaren arabera autobusaren ibilbidea aldatzea ahalbideratzen du sistema honek", azaldu du Barrenak. "Eskariak bidegarriak diren edo ez erabaki ondoren, bide jakin batetik joango litzateke autobusa eskari guztiak jaso eta kudeatzeko", gaineratu du.
Gehienbat nekazal eremuetara zuzenduta dago sistema; baina, edozein eremutan garatu daitekeen sistema da. "Erabiltzaileak SMS, internet edo ohiko telefono dei bidez autobusa ze ordutan eta non gura duen eskatuko du. Sistema honek, mezua jaso eta ea autobusa eskakizuna betetzeko gai den jakingo du", azaldu du Barrenak. "Hala bada, baiezkoa erantzungo zaio erabiltzaileari eta autobusak bide hori hartuko luke. Ezezkoa bada, beste aukera bat eskainiko zaio erabiltzaileari", gaineratu du.
Hala, erabiltzaileak bere oniritzia ematean, autobusak bide jakin hori hartuko lukeen.

Garatzea falta da

Sistemaren nondik norakoa egin du MUko ikasle taldeak baina oraindik sistema bera garatzea falta da. "Adibidez, deiak gestionatuko dituen zerbitzaria garatzea da falta dena", diote ikasleek. Horretarako laguntza beharra dute; hau da, proiektua garatu ahal izateko laguntza gura dute. Euren ustez, laguntza hori jasoz gero, urte betean sistemaren prototipoa edukitzea posible izango litzateke. Informazio gehiago aurkitu solutions wegunean jarri dute.
Unibertsitateko praktika Iñaki Lakarra irakaslearekin egin zuten. Orain, behin proiektua bukatuta, Nestor Arana irakaslearen laguntza dute proiektua gorpuztu eta errealitatera eramateko. " Unibertsitatearen ardura metodologia aktiboa sustatzea da. Ikasleek arazoak aztertu eta irtenbideak aurkitu behar dituzte. Hala, eurek ikusitako arazoari irtenbidea eman diote sistema honekin", dio Aranak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak