Bergaran izango da Mundumira, ibarrekoen parte hartze gehiagorekin

Jon Berezibar 2008ko ots. 8a, 16:42
Aurtengo urteari begira, Debagoieneko Mankomunitateak turismo gida berri bat atera gura du. Hala azaldu du Oxel Erostarbe Mankomunitateko Turismo arduradunak: "Debagoieneko informazio gida izango da". Gidak, besteak beste, herri guztietako ibilbideak jasoko ditu. Ibilbide hauek adierazita daude eta Gipuzkoako Mendi Federazioak homologatuak.

Gainera, atera behar duten gidak berrikuntzak ere izango ditu: "Gidaren amaieran Debagoieneko ibilbide kulturalak proposatzen ditugu: Erdi Aroa, XVII. mendea, dorretxeak eta jauregiak...". Datorren astean egingo dute gidaren aurkezpena.


    Herri bakoitzak eskainiko duenari buruz galdetuta, honako hau erantzun du Oxel Erostarbek: "Herri guztietako ibilbideak jasotzen dira gidan. Gehienetan bi ibilbide daude adierazita, eta horien ezaugarriak daude: iraupena, ibilbidea, interesguneak... Horrez guztiaz gain, herri bakoitzean gara daitezken ibilbideak lantzen ari gara. Adibidez, 36ko gerran Intxortan (Elgeta) gertatutakoak ulertzeko ibilbidea jarri nahi dugu martxan".

 

Ekainean Bergaran

Bestalde, aurtengo Mundumira festa ekainaren 6an, 7an eta 8an izango dela aurreratu digu Erostarbek: "Helburu nagusia Debagoiena ezagutzera ematea da. Jendea erakartzeko derrigorrezkoa da kontzertuetan izena duten artistak ekartzea. Baina asmoa da Debagoieneko artistei eta artista euskaldunei ere aukera ematea. Aurten, lehenengo pausoa ematea da asmoa eta aurrerago, hobeto finkatzea", jarri ditu helburutzat Mankomunitateko arduradunak.
Eskualdeko baliabide kulturalak eta turistikoak ezagutzera ematea da Mundumira festaren helburu nagusia. "Baita Debagoienetik kanpo gure eskualdean daudenak eta egiten ditugunak ezagutzera ematea ere", gaineratu du Erostarbek.

    Aurreko edizioetan Arrasaten, Oñatin eta Aretxabaletan egin zuten moduan, atal nagusiek jarraitu egingo dute Bergaran ere. Jaialdiak etorkizuneko gizartearen isla izan gura du; bizirik dagoen lurralde batean sor daitekeenaren adierazle. Betiere, norberaren kulturaren ezaugarriak mantenduz eta beste kulturen ezaugarriak ezagutuz. Antolatzaileak Mankomunitatea eta Euskal Herria aldizkaria dira.

Fiturreko balorazioa

Urtarrilaren 30etik otsailaren 3ra egindako Fiturreko azokan izan ziren, Gipuzkoako ordezkarien artean, ibarrekoak. Ana Heriz Mankomunitateko turismo teknikariaren esanetan, "gustura geratu gara azokak izan duen erantzunarekin". Fitur oso azoka handia izaten da; horregatik, halako azoketan egotea beti izaten dela interesgarria gaineratu digu: "Egunean zehar, jende asko ezagutzeko aukera ematen du azokak; eta, harremanak egiteko ere leku egokia izaten da Fitur".
Azokak iraun duen bost egunetan, jende asko ibili da: guztira, 249.260. Horietatik, 97.482 aste bukaerako bisitariak izan dira. Gainera, azokak iraun duen bost egunetatik bitan bakarrik egon dira ateak zabalik: aste bukaeran, hain zuzen.

Bi proiektu nagusi

"Aurreko batean esan bezala, Debagoieneko eskaintzaren ardatz nagusia bi proiektu izan dira: batetik, beste lurralde batzuekin batera dugun proiektua dago, Ignaziotar Lurraldea; eta, bestetik, Arrikrutzeko kobak. Kontuan hartu behar da gure ibarrean daukagun berrikuntza handiena direla Arrikrutzeko kobak. Hortaz, horiek izan dira gure eskaintzaren ardatz nagusiak", azaldu digu Herizek.
    Orokorrean, Debagoieneko mahaira hurbildu den jendeak bi proiektu horien gainean galdetu du. Baina bestelako interesa agertu duenik ere izan dela esan du Herizek: "Ibilbide naturalen gainean galdetu digute, eta artearen inguruan baita ere. Ibarrean zer egin daitekeen galdetu digute orokorrean", gaineratu digu Mankomunitateko Turismo teknikariak.
    Baina, Fitur azokan ibili denak zer daki Debagoienari buruz? "Egia esatearren, ez gaituzte ezagutzen; hori eskatzea, Madril batean, gehiegi da", dio Herizek. "Jendea, orokorrean, Gipuzkoan zer dagoen ikustera hurbiltzen da mahaira; barnealdeko eta kostaldeko eskaintzak ezagutu gura dituzte".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak