Baketik-en ikastaroek gainditu egin dute ezarritako helburua

Maider Arregi 2006ko abe. 7a, 17:40
Astelehenean, abenduak 4, Baketik Arantzazuko Bake Zentroko arduradunek prentsaurrekoa egin zuten Donostian. Bertan, Baketik-en egitasmo nagusia den Bider Mila proiektuaren berri eman zuten. Gainera, Jonan Fernandezek 'Ser humano en los conflictos' liburua aurkeztu zuen.

Prentsaurrekoan egon ziren, Fernandezekin batera, Olatz Prat, Baketik-en Komunikazio arduraduna, eta Errektore Kontseiluko kide Gorka Landaburu eta Arantxa Urretabizkaia.  1.000 lagun trebatzea zen Baketik-en helburua eta 1.323k eman dute dagoeneko izena.
Jonan Fernandezek adierazi zuen gizartea bospasei urte aurreratu zaiola bake prozesuari.

1.323 lagun ikastaroetan

Baketik-ek 2006-2007 ikasturterako esku artean duen egitasmo nagusia da Bider Mila proiektua. Proiektu horren helburua da, gatazkak etikoki lantzeko ikastaroen bitartez, 2008a baino lehen mila berradiskidetze eragile trebatzea; eragile horiek, gainera, gizartean efektu biderkatzailea izatea da ikastaroen helburua.
Baketik zentroa urriaren 14an inauguratu zuten; 50 egun besterik pasatu ez denean, dagoeneko 1.323 lagunek eman dute ikastaro horietarako izena. Horietatik, 560 lagunek dagoeneko egin dute ikastaroa eta gainerakoek datozen hilabeteotan egingo dute.
Horren harira, oso pozik eta itxaropentsu azaldu ziren bake zentroko arduradunak. Euren esanetan, datu hori oso esanguratsua da, datu itxaropentsua da. "Bake prozesuak zailtasunak dituen arren, etorkizunari bultzada emateko prest dagoen masa sozial kritiko eta konprometitua dagoen seinale da", adierazi digute Baketik-eko arduradunek. Jonan Fernandez Baketik zentroko zuzendariak zera gaineratu zuen: "Gizartea bost edo sei urtez aurreratu zaio bake prozesuari".

Hamar orduko ikastaroak

Trebakuntza eta diploma eskuratzeko sei edo hamar orduko ikastaro baten parte hartu behar da. Ikastaro hori hiru modulutan banatu dute: gatazka suntsitzaileen prebentzioa, bitartekaritza (elkarrizketa, lankidetza, akordioa...) eta berradiskidetzea.
Ikastaroak Arantzazun bertan edo kanpoan ematen dituzte. Hala eskatzen duten herri, erakunde edo enpresatan ere eskaintzen dute gatazkak etikoki lantzeko ikastaro hori.
Bi erabilgarritasun ditu ikastaro horrek: batetik, eguneroko bizitzan izan ditzakegun edozein motatako gatazkei etikoki aurre egiten laguntzen digu, eta bestetik, berradiskidetze prozesua prestatu eta aurrera eramatea.

'Ser humano en los conflictos', Jonan Fernandezen liburua

Ikastaroen berri emateaz gain, asteleheneko prentsaurrekoan Jonan Fernandezen Ser humano en los conflictos liburua aurkeztu zuten. Alianza argitaletxeak eman du argitara liburu hori eta hantxe jasotzen da ikastaroetako material teorikoa. Jonan Fernandezek zera adierazi zuen liburuaren gainean: "Berradiskidetzea prestatzen laguntzea da liburuaren ardatzetako bat. Berradiskidetzea da errespetuan eta elkar onartzean oinarritutako bizikidetza berreskuratzea". Euskal gatazkan izandako 20 urteko esperientzia batzen du Fernandezek liburuan.


ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak