Bailaran konposta egiteko sistema bi ezarri nahi ditu Mankomunitateak

Leire Kortabarria 2008ko api. 30a, 13:42

Debagoieneko Mankomunitateak konposta egiteko hondakin organikoak batzeko bi sistema ezarri nahi ditu bailaran; bat, egubakoitzean Gipuzkoako Foru Aldundiak aurkeztutakoa, kalean egongo diren edukiontzi batzuetan batuko dena; eta bestea, Mankomunitateak proposatzen duena, etxez etxeko bilketan oinarritutakoa. Aldundiaren eredua Aretxabaletan da ezartzekoa; bestea, zehazteko dagoen "herri baten edo bitan" ezarriko da, Mankomunitateko Ingurumen batzordeburu Pedro Lasagabasterren esanetan.

Bi erakundeok asmo horiek aurrera zelan eraman negoziatzen dabiltza. Lasagabasterrek aurreratu du, seguruenik, "urte bukaerarako" abian izango dela bilketa plana. Helburua da bi sistema horiek indarrean jartzea, "gero biak konparatu eta ikusteko Debagoienerako zein den egokiena", dio Lasagabasterrek.

Desberdintasunak

Aretxabaletaz gain, Azkoitian, Azpeitian, Zumaian, Zarautzen eta Donostiako Amara auzoan abiaraziko dute Aldundiaren plana. 250 edukiontzi jarriko dituzte, eta 5.000 familiak parte hartu ahal izango dute. Aldundiaren sistema horrek eskatzen du familiek borondatez izena ematea; bakoitzari hondakinak batzeko ontzi eta poltsa batzuk emango dizkiote, eta baita kaleko edukiontziak irekitzeko giltza bana ere. Bakar-bakarrik jateko gordinen hondakinak batu ahal izango dira. Prestatu bariko okela eta arrain hondakinak ere kanpoan geratuko dira.

Debagoieneko Mankomunitatearen proposamena Katalunian ikusitako sistema baten inspiratuta dago, eta etxez etxeko bilketa egitea proposatzen du. Beste alde garrantzitsu bat da metodo horrek onartzen dituela jateko gordinen eta baita prestatutakoen hondakinak ere.

Azkenik, Aldundiaren asmoa da ibarreko hondakinak Azpeitiko konpostaje gunean tratatzea, eta Mankomunitateak nahi du halako gune bat Debagoienean bertan egon dadin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak