Badago aukera jaioberriak euskaraz erregistratzeko

Jon Berezibar 2008ko ots. 8a, 16:54
Hizkuntza Eskubideen Behatokiak haurrak euskaraz erregistratzeko kanpaina jarri du abian. Etxahun Iturriotz Arando aretxabaletarra izan zen euskaraz erregistratu zen lehen umea, 2007ko abenduaren 19an.

Ordutik hona asko izan dira Behatokira jo dutenak euren umeak euskaraz inskribatzeko helburuarekin, eta Bilbon, adibidez, lortu da. Debagoienari dagokionez, Etxahun aretxabaletarraz gain, badira Aretxabaletan bertan egin diren beste bi eskari ere, eta ikusi beharko da zer gertatzen den. Hori guztia kontuan izanda, haur jaioberria euskaraz inskribatzeko jarraitu beharreko prozedura azaltzen duen dokumentua prestatu du Behatokiak, eta beharrezkoak diren formularioak ere eskuragarri ditu. "Seguru aski, oztoporen bat jartzen saiatuko dira, eta horrexegatik denboraz egiteko eskatu nahi diegu hala egin nahi duten gurasoei. Prozedura oso sinplea da, baina gainean egon beharko dugu, ondo egiten diren ikusteko. Bide beretik, esan behar da umea behin besterik ezin dela erregistratu eta horretarako epea dagoela jaiotzen denetik aurrera; beraz, komenigarria da jaio aurretik guztia lotuta izatea", esan digu Paul Bilbaok, Behatokiko zuzendariak.

 

Ondorengo pausoak jarraitu behar dira

1. Eskaera izeneko dokumentua ireki eta bete. Bertan, umearen gurasoen datuak eta umea noizko espero den idatzi behar da.

 

2. Dokumentuaren goialdean eskaera zein erregistrori zuzentzen zaion bete beharko da: haurraren jaiotza inskribatuko den erregistro zibila.

 

3. Dokumentu horretan euskaraz erregistratzeko eskaera egiten da.

 

4. Eskaera delako dokumentua bete ostean, bi kopia atera eta aitak eta amak sinatu behar dute.

 

5. Eskaeraren bi kopiei Bergarako erregistro zibileko epaileak emandako autoak erantsi: Autoa izeneko dokumentua.

 

6. Inskripzioa egiteko asmoa dagoen erregistro zibilera eraman eta sarrera emateko eskatu.

 

7. Erantzunaren zain egon. Erantzuna jaso bezain laster, harremanetan jarri Behatokiarekin eta bidali erantzuna faxez edo posta elektronikoz. Erantzunaren arabera erabakiko da zer egin.

 

8. Erantzunik jaso ezean, Behatokiarekin harremanetan jarri.

 

 

 

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak