Astelehenean jarriko dute martxan etxeko ospitalizazio zerbitzua

Miren Arregi Amasorrain 2008ko mai. 29a, 18:45
Etxeko ospitalizazio zerbitzua prest du Debagoieneko ospitaleak. Datorren astelehenean, ekainak 2, ipiniko dute martxan eta zerbitzuak gertu ditu beharrezko dituen giza baliabide eta baliabide materialak. 9 pertsonak osatuko dute zerbitzua, 3 medikuk, 5 erizainek eta administrazioko langile batek.

Etxeko ospitalizazio zerbitzua, gaixoaren etxean bertan ematen den asistentzia da. Horretarako, ospitalean erabiltzen diren giza baliabide eta baliabide materialak erabiliko dituzte. Julio sandoval doktorea buru duela, 3 sendagilek, 5 erizainek eta administrari laguntzaile batek osatuko dute lan taldea.

Gurutzetako ospitalea aitzindari

Etxeko ospitalizazio zerbitzua duela 25 urte ipini zuten martxan Bilboko Gurutzetako ospitalean. Ordutik, zerbitzuak eskaintzen dituen kalitatea eta bideragarritasuna medio, hainbat izan dira zerbitzua martxan ipintzearen aldeko apustua egin duten ospitaleak. Datorren ekainaren 2tik aurrera, Debagoieneko ospitaleak ere eskainiko du etxeko ospitalizazioa eta Debagoieneko zortzi herrietan eta Aramaion eskainiko du zerbitzua.

Abantailak

Etxeko ospitalizazio zerbitzuak duen helburu nagusia, gaixoari ahalik eta traturik egokiena ematea da. Hain zuzen ere, zerbitzu horrek, ospitaleratzean hainbat abantaila eskaintzen ditu:

  • ospitalizazioak eragin ditzakeen kalte psikologikoak ekiditen ditu eta baita ospitalean hartu daitezkeen infekzioak ere.
  • Gaixoa ez da nahasten leku aldaketaren eraginez, gaixoa etxean atendituko delako.
  • Profesionalen, gaixoen eta zaintzaileen arteko harremana estuagoa eta beroagoa da.

Zerbitzuaz baliatu ahalko diren gaixoak dira ospitalean ingresatu behar direnak baina arreta edo zainketa intentsiborik behar ez dutenak.

Eguneko 24 ordutan

Zerbitzua eguneko 24 ordutan eskainiko da. Goizez eta arratsaldez gaixoen etxeetara joango dira zerbitzua osatzen duten lan taldeko profesionalak eta gauez, SOS Deiakeko profesionalek izango dute gaixoak beharra izanez gero, hura artatzeko ardura. Horregatik, gauez joaten den sendagileak, gaixoaren historial klinikoa izan dezan, etxean beti utziko dute haren eboluzioa eta historiala erakusten duten informazio orriak.

Ospitaleko lanak

Bestetik, Debagoieneko ospitaleko lanei dagokienez, ospitaleko zuzendari Jose Luis Angulok adierazi du, lanak martxa onean doazela eta 2010erako proiektua amaitua egongo dela aurreikusten dutela. Horrekin batera adierazi du, eraikina berritzeaz gainera, zerbitzu berriak ere eskainiko dituztela. Hasteko, urologia zerbitzua ezarriko dute oraingo urtean eta urrian, UVI mobila ere izango du ospitaleak.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak