Aste bukaerako kultura agenda

Maider Arregi 2009ko uzt. 17a, 10:58
Aste bukaera gainean dugu eta ekintzaz beteta datorkigu. Udarekin batera jai eta ospakizunekin non nahi disfrutatzeko aukera dugu; besteak beste, Antzuolan herriko jaiak ospatzen dihardute eta Arrasaten Maala Errebaleko jaiak ospatuko dituzte. Debagoieneko herrietan, estilo askotako musikaz, antzerkiaz, erakusketaz, ikuskizunez edota dantzaz gozatzeko aukera izango da. Hemen duzue agenda osoa:

Musika

bergara
> Bill Lyerly estatubatuarraren
kontzertua gaur gauean Espoloian
Ostiral musikalak egitarauarekin jarraituz, Bill Lyerlyren beteranoaren emanaldia gaur, egubakoitza, Espoloiko kioskoan, 22:30ean. Ipar Karolinan (AEB) jaioa, Lyerlyk 30 urte daramatza musikan eta Too Hurt to Cry diskoa atera berri du.

eskoriatza
> Alain Giroux & J.L. Mahjun zapatuan,
Errekan Gora egitarauri hasiera emanez
Alain Giroux & J. L. Mahjun bikotearen kontzertua izango da bihar, zapatua, Azkoaga Enea hotelean, 23:00etan. Blues, boogie-woogie, jazz eta rock-and-rollaren mugetan dabil bikotea. Errekan Gora jaialdiaren lehen hitzordua da biharkoa.

arrasate
> The Sastre gaur Etxosten
Orioko taldearen emanaldia.
Gaur, egubakoitza, Etxoste tabernan, 19:00etan.

arrasate
> Punk kontzertua gaur gauean gaztetxean
Material Rechazado eta Fight To Life Arrasateko taldeekin; Estricalla (Euskal Herria-Kantabria); eta Blitztraktor (Alemania).
Gaur, egubakoitza, gaztetxean, 22:00etan.

aretxabaleta
> Nealta Folla eta No Hope taldeekin kontzertua
Nealta Follak diskoa aurkeztuko du.
Bihar, zapatua, Urbaltz tabernan, 19:00etan.

Bergara
> Udal Musika Bandaren kontzertua domekan
Udal Musika Bandaren Santa Marinako jaietako kontzertua. Honako pieza hauek eskainiko dituzte: Gallito (Lope), Euskeria (San Miguel), Waltz nº2 (Shostakovitz), Oregon (De Haan) eta The girls of Jobim (Jobim).
Domekan, hilaren 19an, Udal Pilotalekuan, 12:30ean. Aurretik, 11:00etan, Bandak kalejira egingo du.

Jaiak

antzuola
> Mairuaren Alarde berritua zapatuan
Berritasunez beteta dator aurtengo Mairuaren Alardea. Besteak beste, musikak eta dantzak protagonismo handia izango dute, eszenografia ere indartuko dute, alardea Antiguako ermitara eta Eguzki auzora iritsiko da eta Mairua Abderraman III.a bezala azalduko da karakterizatuta. 180 lagunek hartuko dute parte biharko antzezpenean. Antolatzaileek ez dute nobedade guztiak aurreratu nahi izan, sorpresa gehienak zapatura arte mantenduta.
Bihar, zapatua, 19:00etan.

Antzerkia

aretxabaleta
> 'A-tuti-ple' antzezlana domeka
arratsaldean Zaraia aretoan
Tutik ere Producciones taldearen eskutik, A-tuti-ple antzezlana izango da domekan Zaraia aretoan, 19:30ean. Umorea hitzen, mimikaren, musikaren edo magiaren bitartez. Hiru aktorek hartzen dute parte. Sarrerak, 5 eurotan.

Erakusketak


eskoriatza
> Felix Likiniano Herizi eskainitako erakusketa Ibarraundin
Eskoriatzako familia bateko semea, Likinianoren bizitzako pasarte adierazgarrienak eta haren sormen     lan batzuk batzen ditu erakusketak.
Ibarraundi museoan, irailera arte. Aste barruan  zabalik, astelehenetik egubakoitzera 09:00etatik 14:00etara.

bergara
> Txiki Agirre 'Keixeta'-ren margo erakusketa
Artista zumaiarrak formatu askotariko hainbat lan jarri ditu ikusgai.
Domekara arte, uztailaren 19ra arte Barrenkaleko Aroztegi aretoan. Martitzenetik egubakoitzera: 18:00-20:30. Zapatuetan: 12:00-14:00 eta 18:00-20:30. Domeka eta jaiegunetan: 12:00-14:00.


bergara
> Virginia Loperaren margoak Nahikarin

Formatu ertaineko 10 bat lan zintzilikatu ditu Virginia Loperak. Gasteizkoa da eta ibilbide luzea egin du dagoeneko margolaritzan.

Uztailaren bukaerara arte izango da erakusketa zabalik.

Ikastaroak

Arrasate
> Yoga eskolak Arrasaten, goizez eta arratsaldez
Txindoki dorrean (Bañez Doktorea 1). Astelehen eta eguaztenetan 09:30etik 11:00etara eta martitzen eta eguenetan 19:00etatik 20:30era izaten dira yoga eskolak.
Argibide gehiago:  635 71 06 16 (Maite) edo 943 78 31 26 (Ana).

Aretxabaleta
> Landare medizinalak
Daniel Perez adituak emango du ikastaroa, uztailaren 20an, 22an eta 24an, 11:00etatik 13:00etara. Doaneko ikastaroa da.
Argibide gehiago Arkupe kultur etxean.

Lehiaketak


Lekeitio
> Euskal Zine eta Bideo Bilera Lekeition
Edozein bideo sortzaile har dezake parte. Lanak DVD formatuan aurkeztu beharko dira, euskaraz. Lanak entregatzeko epea irailaren 11ra arte dago zabalik.
Argibideak 94 624 34 82 telefonoan edo www.bideobilera.com webgunean eskura daitezke.

bergara
> Azokako paretarako grafiti lehiaketa
Udaleko Kultura sailak grafiti lehiaketa deitu du. Lehiaketa honen helburua da Bergarako azokan hutsik dagoen 7,05 m (horizontalean) x 8,22 m (bertikalean) neurriko pareta margotzea. Horretarako antolatu dute grafiti lehiaketa, eta lehiaketara aurkeztutako lan guztien artean, epaimahaiak aukeratutako grafitia margotuko dute grafiti horren egileek Bergarako azokako paretan. Lehiaketan 2009an gutxienez 16 urte beteko dituzten debagoiendarrek edo Debagoieneko ikastetxeetan edo unibertsitateetan ikasten dutenek hartu ahal izango dute parte, bakarka nahiz taldeka. Teknika librea izango da, eta gaia, berriz, Bergarako azoka edo azokako produktuak. 5. Grafitiaren zirriborroa 34 zm x 29 zm neurrian aurkeztu beharko da, formatu bertikalean, eta euskarri gogor baten gainean. Era berean, lana CD batean ere aurkeztu beharko da. Proiektu irabazleak 500 euroko diru saria jasoko du.
Lanak Bergarako Kultura Etxean aurkeztuko dira, uztailaren 27ko 13:00ak baino lehen. Argibide gehiago kultura etxean edo 943 77 91 59 telefono zenbakian.

oñati
> Paperezko hegazki lehiaketak gaur eta bihar, Gaztelekuan
Gaur, egubakoitza, Gaztelekuko topalekuan, 17:00etan. 12-18 urte bitartekoei zuzenduta. Interneten aurki daitezkeen hainbat gune eta forotara sarbidea erraztuko zaie partaideei, hegazki modelo egokia aurkitu eta eurek paperez egin ahal dezaten. Lehiaketan hegazkinek egingo duten hegaldiaren luzera, airean emango duten denbora eta diseinua bera ere kontuan hartuko dira. Bihar, zapatua, 8-11 urte bitarteko gaztetxoei zuzendutako lehiaketa egongo da, 17:00etan.
Argibide gehiago Oñatiko gaztelekuan, 943 71 82 57 telefonoan.

debagoiena
> Zugaz Bideo eta Argazki Lehiaketa
Zugaz.com-ek martxan jarri du Zugaz Bideo eta Argazki Lehiaketa eta jasotako argazki zein bideo guztien arteko onenarentzat Eroski hipermerkatuak emandako Wii bat oparituko dute. Azarora artean Zugazera igotako argazkiak eta bideoak hartuko dira kontua. Argazkiaren titulua euskaraz egon beharko da
Argibideak ondoko webgunean: http://goiena.net/blogak/kantari/

bergara
> Mus eta tute txapelketa Santa Marinako jaien barruan
Txapelketaren bigarren ekitaldia antolatu dute Kayak eta Aralar tabernek. Zapatuan eta domekan jokatuko da, 16:30ean.
Izenematea orduerdi lehenago itxiko dute. Sari bikainak irabazleendako.

deba
> Tene Mujika beka, historia hurbilaz idazteko
Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak, Euskal Herriko historia hurbilaren ezagutza zabaltzeko eta gure literatura aberasteko asmoz, V. Tene Mujika beka sortu dute, 6.000 euroko diru-laguntza emango duena. Gure herriaren azken 50-60 urteetan izandako pertsona, talde, gertakari edo mugimenduren bati buruzko liburuak egiteko proiektuak aurkez litezke (adibidez: biografiak, kronikak, erreportajeak, saiakerak, elkarrizketak, ikerketak...); lanak jatorrizkoa eta euskaraz sortua izan beharko du.
Proiektuak, datorren abenduaren 1era arte bidal litezke helbide honetara:        Tene Mujika Beka, Debako Udaletxea, 20820 Deba. Interesatuek o: 943 19 28 40∫ telefonoan jaso ditzakete argibide gehiago.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak