Aste bukaerako kultura agenda

Maider Arregi 2010ko ots. 12a, 10:32
Mozorro festaz gozatzeko aukera egongo da Debagoieneko herrietan aste bukaera osoan zehar. Egitarau zabala prestatu dute eta jai giro koloretsuan disfrutatuko da edonon. Jarraian duzue musika, antzerki edota bestelako ekintzen gaineko informazioa:

Musika

arrasate
> Bastards on Paradise eta
Fight to Life taldeak
Bastards on Paradise eta Fight to Life taldeek kontzertua egingo dute. 6 euro da.
Gaur, egubakoitza, 3 Aretoan, 23:00etan.


bergara
> Flamin Gaupasing Brothers taldearen kontzertua
Flamin Gaupasing Brothers taldeak blues emanaldia egingo du Kai tabernan.
Gaur, egubakoitza, 23:00etan.

aretxabaleta
> Or2tan eta Grupo San Juan
aretxabaletarrek kontzertua egingo dute
Pop, rock, folk… estiloko doinuak entzuteko aukera izango da Or2tan eta Grupo San Juan talde aretxabaletarren eskutik, gaur, egubakoitza, Arkupen, 22:30ean. Sarrera, debalde. Argazkian, Grupo San Juaneko Igor San Juan.

Antzerkia

oñati, arrasate
> 'Xabinaitor' antzezlan dibertigarria egingo dute 'Wazemank'-eko aktoreek
Xabinaitor antzezlaneko protagonista neska euskaldunak salbatzeko superbotereak dituela konturatuko den mutila da. Gaur, egubakoitza, Oñatin, Santa Anan, 22:30; etzi, domeka, Arrasateko Amaia antzokian, 19:30.

aretxabaleta
> 'Show collage' umeendako ikuskizuna egingo dute
Rosa Maria Martinezek Show collage izeneko umeendako ikuskizuna eskainiko du. 3-8 urte arteko umeendako da.
Bihar, zapatua, Arkupe kultura etxeko liburutegian, 11:30ean.

Ikuskizunak

bergara

> 'Irrien lagunak', Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna

Irrien lagunak izeneko ikuskizunarekin etorriko dira Pirritx eta Porrotx pailazoak eta Marimotots euren laguna Bergarako pilotalekura, etzi, domeka,  16:00etan. Txarteldegia 15:00etan irekiko dute, eta 290 sarrera izango dira salgai.


oñati
> 'Jostailugilea' ipuin musikatua aurkeztuko dute 90 umek
Oñatiko Ganbara Txikitxoak eta Bergarako Orfeoi Txikiak –90 neska-mutikok– Josu Elberdinen Jostailugilea ipuin musikatua antzeztuko dute, bi emanalditan. Aitor Biainek zuzenduko ditu.
Etzi, domeka, Santa Ana aretoan, 17:30, 19:30.

Erakusketak

bergara
> Aratusteetako kartelak
Kartel lehiaketara aurkeztutako lanak daude ikusgai.
Kultura etxean otsailaren 19ra arte, astelehenetik egubakoitzera, 18:00etatik 20:00etara.

bergara

> Inauterietako elementu tradizionalak, erakusketan
Enza taldearen eskutik, Inauterien gaineko erakusketa dago egunotan Aroztegin. Euskal Herrian barrena dauden Inauterietako pertsonaiak daude: Miel Otxin, Maskaradetako protagonistak... Horrekin batera, euskal tradizioko beste hainbat elementu ere badaude erakusketan: mozorroak, zintzarriak, animalien larruak... eta espiritu txarrak uxatzeko eta animalia eta uztak babesteko erabili izan diren beste hainbat.
Aroztegi aretoan, martitzenetik egubakoitzera, 18:00-20:30; zapatuetan, 12:00-14:00 eta 18:00-20:30; eta domeketan, 12:00-14:00.

arrasate

> Birziklatutako zaborrarekin egindako sormen lanak
Zaborreria izeneko erakusketa ibiltaria dago egunotan Kulturateko klaustroan.
Otsailaren 28ra arte.

aretxabaleta
> 'Esklabotza Frankismoan' delako erakusketa 
Esklabotza Frankismoan delako erakusketa bisita daiteke Arkupen. Sarrera
doan da. Zabalik dago astelehenetik zapatura.


bergara

> Nekane Munduateren 17 margolan daude Nahikarin
Otsail bukaerara arte, Nekane Munduate margolari ataundarraren erakusketa dago Nahikari tabernan. Hainbat formatuko 17 margolan dira, gres, egurra, margo akrilikoak, argizariak… erabiliaz egindakoak. Gaiak dira natura, mitologia, paisaia atenporalak eta giza-parajeak.
Otsail osoan, Masterreka kaleko Nahikari tabernan.

oñati, eskoriatza
> 'Bizitzeko tokiak, pertsonentzako tokiak' erakusketa
Natura 2000 Sareak antolatuta, Bizitzeko tokiak, pertsonentzako tokiak izeneko erakusketa dago Oñatiko kultura etxean etzira, domekara arte. Eskoriatzan, berriz, hilaren 17tik 21era izango da, Ibarraundi museoan. Eskoriatzan, gainera, erakusketa aurkezteko hitzaldia egingo du Leire Betetak eguenean, hilak 18, hori ere Ibarraundin, 19:00etan. Oñatin, kultura etxeko erakusketa aretoan, egunero, 17:00etatik 20:00etara; Eskoriatzan, Ibarraundi museoan, 11:00-14:00 eta 16:30-20:30 ordutegian.

Ikastaroak

bergara
> Antzerki ikastaroa emango du Aitziber Garmendiak
Bergarako musika eskolak antzerki tailerra antolatu du, eta izenematea zabalik dago otsailaren 23ra arte. Ikastaroa otsailaren 27tik martxoaren 27ra arte izango da, zapatuetan (10:00-13:00). Musika eskolako ikasle eta bazkideek 35 euro ordaindu beharko dute matrikula; gainerakoek, 50. Argibide gehiagorako edo izena emateko: 943 76 57 80 edo idazkaritza@bme.e.telefonica.net.

bergara
> Hainbat ikastaro iragarri ditu Bizikasik
Defentsa pertsonaleko ikastaroa, otsailaren 22tik martxoaren 31ra, astelehen eta eguaztenetan 17:30etik 19:00etara; web orrien ikastaroa martxoaren 15etik 30era, astelehenetik eguenera, 16:00etatik 18:00etara; oinarrizko informatika, 22tik martxoaren 31ra, astelehenetik ostegunera, 15:00etik 17:30era; arrisku handiko elikagaien manipulazioa, martxoan.
Argibideak: 943 76 93 94 (Miren) edo info@bizikasi.com helbidean.

arrasate
> Biodantza jardunaldia egiteko aukera, doan
Arrasaten, martxoaren 3an, 10:00-12:00, biodantza ate irekien jardunaldia egingo dute, doakoa. Yoga elkartearen Altamirako lokalean izango da.
Argibideak: 626 66 12 92 (Mentxu).

aretxabaleta

> Dantza afrokaribearrak Jaiki elkartearen eskutik
Martitzenero, 19:30etik 21:00etara, kuartel zaharrean. Ekainera arte.
Izenematea 653 70 50 68 telefonoan edo jaikielkartea@ayahoo.es helbidean.

arrasate
> Zeramika ikastaroa antolatu dute, hasiberriendako
Zeramika hasiera ikastaroa antolatu du Loixe zeramika elkarteak. Martxotik irailera arte izango da, eta eskolak izango dira eguaztenetan. Gaztetxoek (6-12 urte) 20 euro ordaindu beharko dute hilero, eta eskolak 18:00etatik 19:00etara izango dituzte; 13 urte edo gorakoek 30 euro ordaindu beharko dute hilero, eta eskolak 19:30etik 21:30era izango dira eurendako. Loixeren lokaletan izango dira eskolak, Loli Pinedo Gasteiz irakaslearekin.
Argibide gehiago edo izenematea, Gazte Bulegoan (943 25 25 65).

arrasate
> Gazteendako larrugintza ikastaroa, Txatxilipurdirekin
Martxoko eguaztenetan, 18:00etatik 20:00etara, larrugintza ikastaroa izango da Musakolako gaztetxokoan. 17 urtetik beherakoentzako izango da ikastaroa eta Ainara Kortabarria arrasatearra izango da berau bideratuko duena. Ikastaroaren prezioa 3 eurokoa izango da eta gerturatzen diren gazteek material guztia eskura izango dute.
Izena emateko, joan Txatxilipurdira edo Gazte Bulegora, edo deitu 943 79 54 46 telefono zenbakira.

aretxabaleta
> Flamenko dantza ikastaroa otsailaren 26tik aurrera
Flamenko dantza ikastaroa, Jaiki elkartearekin. Otsailaren 26an eta martxoaren 5ean, 12an eta 26an, 18:00etatik 20:00etara.
Argibideak: 653 70 50 68 edo jaikielkartea@yahoo.es helbidean.

arrasate
> Emakumeendako Jabetze Eskola, abian
Emakumeen ekarpenak berreskuratzeko eta baloratzeko; elkarrengandik ikasteko; harremanak bultzatzeko; pertsonalki eta kolektibo modura indartzeko... Horretarako gunea izan nahi du Jabetze Eskolak. Emakumeak euskal kulturan eta jendartean, otsailaren 25etik; Grafikoki esparru publikoa aktibatzen, martxoaren 12tik; eta Jostailu erotikoen tailerra, otsailaren 19an eta 26an.
Argibideak Emakume Txokoan, 943 79 41 39 telefono zenbakian.

Bestelakoak

aretxabaleta
> Mozorroak eta festa giroa izango dira etzi, Aratuste-domeka
Aretxabaletarrendako jai handiak dira Aratusteak, eta aurten ere koadrilek hartuko dituzte herriko kaleak euren mozorro desfilearekin (12:00). Herri bazkaria egingo dute Iturrigorri frontoian (14:30), eta onenek saria jasoko dute (18:30). Udalak bost sari banatuko ditu 16 urtetik gorakoendako, eta beste bost, adin horretatik beherakoendako.
Ekitaldiak izango dira egun osoan, 10:00etatik hasi eta iluntzera arte: txistulariak, dantzaldia, txaranga…

elgeta
> Garagardo-dastatze jardunaldia egingo dute Espaloian
Garagardo-dastatzea egongo da Espaloia kafe antzokian, San Miguel etxearen eskutik.
Eguenean, hilak 18, Espaloia antzokian, 19:30ean hasita.

arrasate
> Musakolan izango da Txatxilipurdiren ludoteka ibiltaria
Txatxilipurdi elkarteak Musakola auzoko San Antolin herri eskolako eraikin txiki urdinean ipiniko du bere ludoteka ibiltaria oraingo aste bukaeran.
Aurten, gainera, berrikuntza bat egin dute antolatzaileek: lehenengo bi orduetan, 3-12 urte artekoek hezitzaileekin parte hartu ahal izango dute ludotekan, baina azkeneko orduan guraso edo heldu baten laguntza beharko dute parte hartzeko.
Bihar, zapatua, San Antolin herri eskolaren eraikin txikian izango dira, 11:00-14:00.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak