Arrasaten manifestazioa egingo dute Emakumeen Nazioarteko eguna dela-eta

Jon Berezibar 2007ko mar. 7a, 17:52
Arrasaten 19:00etan egingo da Martxoaren 8ko manifestazioa. Eskoriatzan txokolatada egingo dute eta Bergaran hitzaldia egongo da.

Emakumeen lorpen ekonomiko, sozial eta politikoak ospatzeko deia da martxoaren 8koa. Egun honetan, agerikotasun berezia izaten dute emakumeen Giza-Eskubideen aldeko borrokek ardura gizarte osoari zabaltzeko helburuarekin. Geurean ere, aldarrikapen deiei helduta manifestazioa egongo da Arrasaten 19:00etan Seberotik hasita. Aurtengo lema Zu ere beharrezkoa zara! da. Manifestazioan, urtero moduan, komunikatua irakurriko dute eta ostean askaria egongo da udaletxeko arkupeetan.

Emakumeen Nazioarteko Egunak emakumea historiako eragile moduan aldarrikatu gura du, gizartean gizonaren pare esku hartuaz. Gaiak mila aurpegi izan ditzake eta gureko blogariek ere heldu diote egunari. Kaleko seinaleak izan dituzte hizpide, adibidez, Sustatu.com-en. Elena Lakak adibidea gertura ekarri du hainbat azalpen emanez. Bergarako seinale sexisten adibideak ematen ditu. Goio Aranaren SuperBai blogean ere gaurko prestatutako kartela erakusten da. Hala ere, euskal blog komunitatean jarduera gutxi nabari da oraindik.

Hala ere, egunak oihartzun zabala izaten du mundu mailan eta hiriburu guztietan erantzun ohi zaio deiari. Interneten ere ez da gutxiagorako eguna eta hainbat blog eta gune feministen bildumatxoa ere egin dugu:

Historia apur bat

Horrelakoetan gertatu ohi den moduan ospakizunaren hasierari buruzko iritzi bateratasunik ez dago. Batzuk, mendeak eta mendeak begirtada atzera bota eta Aristofanesen Lysistrata bera jartzen dute lehen sustatzaile moduan. Gaur egungo aldarriekin, baina, sufragisten borrokak du lotura. Gotzone Eluk jaso moduan.

Egitaraua

Arrasateko manifestazioa ibarreko ekitaldi nagusia bada ere, hitzaldiak egongo dira beste herrietan:

Bergara: hitzaldia, Emakumearen egoera munduko herri ezberdinetan, gaztetxean 19:30an.
Eskoriatza: txokolatada Inkernun 18:30an.
Oñati: kontzentrazioa 19:00etan Foruen plazan eta ostean afaria.
Arrasate: hezkidetzari buruzko erakusketa, hilaren 9ra arte, Kultura Etxean 17:00etatik 20:00tara.

Era berean, joan den eguenetik emakume zinemagileei buruzko film sorta antolatu dute zine klubean. Gaur, 20:30tan, Julia Solomonoffen Ahizpak filma egongo da.

Zapatuan, azoka

Dagoeneko ohitura bihurtu da Arrasaten sasoi honetako emakume baserritarren azoka. Zapatuarako egin dute hitzordua emakume baserritar eta artisauek, guztira 60 saltoki ipiniko dituzte Biterin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak