Araztegiaren lanak azken txanpan daude, eta aurten bukatuko dira

Leire Kortabarria 2010ko urt. 29a, 11:01
Epeleko araztegia, Deba ibaiaren saneamendu sarearen giltzarria, aurreikusitako epeen barruan egongo da bukatuta eta lanean: aurten bukatuko dira obrak, eta proba epealdi baten ondoren, obren arduradunek diote 2011ko apirilean hasiko dela lanean araztegia.

Azken txanpan sartuta, azpiegitura ikusgarria da dagoeneko Arrasate sarreran, autobideko biribilgunearen alboan, ibai aldera. Espainiako Ingurumen Ministerioak hartu zuen araztegia egiteko ardura, interes orokorreko lanak zirela aitortuta, eta 2007an hasi ziren lanak; orduko hartan, epeak beteko zituela agindu zuen Madrilek, eta halaxe izango da, dena ondo bidean. UTE EDAR Epele enpresak dihardu lanak egiten, Espainiako Ingurumen Ministerioaren mende dagoen Kantauriko Ur Konfederazioaren erakundearen ardurapean. Bukatuta dagoenean, Gipuzkoako Urek izango dute araztegiaren ardura.

Epeleko araztegia

Azken asteotan, proiektuari aldaketa bat egin diote arduradunek: Oñatiko urak araztegiraino ekartzeko aurreikusita zegoen 2.007 metroko tunela, Arrandiburu mendia zeharkatzen; horren partez, ura bultzatuko duten bi hodi egingo dituzte, mendia inguratzen. "Tunelak konplikazio gehiago zekartzan: batetik, obra egiteko; eta bestetik, martxan jarri ondoren, esplotazio aldetik. Batez ere, segurtasun arazoak ematen zituen", azaltzen dute obren arduradunek. Aldaketa hori ontzat eman zuen Arrasateko Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak, abenduan. Gainera, ez du lehengo 32 milioi euroko aurrekontua handituko. Oñatiko ura hodietatik bideratzeko beste obra txiki bat egin beharko da Zubillagan: ura ponpatzeko putzu bat.

Epeleko araztegia

Obren arduradunen esanetan, hoditeria hori martxoan hasiko dira egiten. Hori ez beste kolektore guztiak konektatuta daude, eta araztegia izango denaren atzealdean batzen dira, lur azpian. Lotune horretaraino eramango dituzte hodi haiek ere.

Bestalde, Espainiako Ministerioak 400-500 metro inguruko bidegorri zati bat egingo du hoditeriak markatutako bidea jarraituta, eta haien gainetik. Bidegorria ibaiarekiko paraleloa izango da. Lokatza eta hodi artean, baina dagoeneko badabil forma hartzen ere.

Dagoeneko hobeto dago

Epelek Eskoriatza, Aretxabaleta, Arrasate eta Oñatiko urak hartuko ditu. Horien kolektore sarea eginda dago, eta 2008az geroztik martxan dago ere Debagoieneko beste araztegia, txikiagoa, Bergarako Mekolalde auzoan, Eusko Jaurlaritzak egina.

Epeleko araztegia

Epelekoa izango da Deba ibai osoko saneamendu sarea biribilduko duen azpiegitura. Deba arro erdialdean, Apraizko araztegia dago, Elgoibarren, eta behealdean, Debakoa eta Mutrikukoa. Sarea osatzeko, falta da Soraluze eta Apraitzen arteko lotura egitea.
Geratzen dena geratuta, orain daukagun Deba ibaia ez da orain bost urte geneukan berbera, ezta gutxiago ere; zerbaitetan igarri beharko da saneamendu sarea bukatzekotan egote hori: "Dagoeneko igartzen da, bai. Goitik dator gaizki, Epelera arte, hain zuzen; baina Bergara aldean, ikusten da hobekuntza; arrain gehiago ere badabil", dira Felix Izko Foru Aldundiko Uraren Kontrol eta Kalitate Unitatearen buruaren hitzak. Gaineratzen duenez, "iturburutik, goitik, oso lastatua, oso kaltetua dator ura, Oñati, Eskoriatza eta Aretxabaleta aldetik, eta Epeleko araztegia martxan jartzen denean, izugarrizko aurrerapausoa egingo da, hobekuntza handia igarriko dugu", gaineratzen du Izkok. Gero, "bigarren buelta bat" egin beharko da, sarea "auzoetara, poligonoetara… ailegatu dadin".

Araztegiak ez dira nahikoa, ordea, biztanleriak kontzientzia hartzen ez badu, eta horretan ere badugu zertaz poztu, Izkori kasu eginda: "Industrian ere asko hobetu dela ikusi dugu. Industrietatik metalak, zianuroak eta antzekoak isuri ohi dira uretara; bada, azken urteotan, industriak ere kontzientzia hartu du, eta askok ura eurek tratatzeko gailuak ipini dituzte". Aldundiko aditu horrek azaltzen duenez, "industria batzuek Gipuzkoako Urek baimentzen duten sistema batzuk dituzte; beste batzuetan, zuzenean saneamendu sarearekin konektatzen dira sistema horiek. Arazoa da industrietan erabiltzen dituzten metal batzuek uraren tratamendu prozesuak gerarazi egiten dituztela; bada, Urek eta udalek horretarako irizpide batzuk dituzte". Uraren Kontrol eta Kalitate Unitatea Deba ibaiaren uraren kalitatea azaltzen duen txostena prestatzen dabil, eta martxorako gertu izango da.

Pentsatzekoa da txosten horrek berretsiko duela adituaren iritzi ona, eta Debak apurka-apurka gainetik kendu ahal izango duela Euskadiko zikinena izatearen ospe txarra.
ikusgarria eta konplexua

Epeleko araztegia azpiegitura ikusgarria da, eta oso konplexua. 11 ur depositu ditu, dagoeneko bukaerako ukituen ostean izango duten itxura dutenak. Solairu bakarra izango du, eta 25.000 m2 inguruko hedadura hartuko du. Hainbat eraikin eta depositu izango ditu. Depositu edo gordailu horietan batuko da ura, hainbat tratamendu ematen zaizkion bitartean. Prozesu biologiko batzuen bitartez, urari fosfatoak, nitratoak, materia organikoa… kenduko dizkiote, ibaira ahalik eta garbien bueltatu ahal izateko. Segundoko 848 litro prozesatzeko ahalmena izango du. Sei lagunek jardungo dute araztegian.
Bestetik, lokatza prozesatzeko atal bat ere egongo da: lokatza tratatzeak energia emango du, eta hori araztegia elikatzeko aprobetxatuko da. Epeleko araztegiak hortik lortuko du energia, neurri baten, behintzat; "beharra baldin balego, behar duen energia guztia hortik atera ahal izango luke", azaltzen dute arduradunek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak