Ander Elortondo: "Animatu software librea erabiltzera; errazagoa da, eta euskaldunagoa"

Iker Barandiaran 2009ko urr. 22a, 18:39
Debagoieneko Mankomunitateko egoitzan hartu gaitu Ander Elortondok (Arrasate, 1967). Librezale.org taldeko kide da Elortondo, eta talde horren gainean eta orokorrean software librearen gainean egin dugu berba. Mankomunitatean hasi dira software librearekin lanean.

Librezale.org euskara informatikaren munduan bultzatzea helburu duen lantalde irekia da, plaza irekia, eta horrekin batera software librearen alde egiten dute. Software librea eskuratu ondoren, erabili, kopiatu, aztertu, moldatu eta banatu egin daitekeen softwarea da. Hain zuzen, Microsoft moduko multinazionalek dituzten interesekin talka egiten duen mugimendua.

Software librearen defendatzailea da Librezale.org taldea, eta bertako kide zara. Has gaitezen Librezale.org taldea zer den azaltzen.
Norbaitek ondo azaldu zuen moduan, Librezale.org plaza ireki bat da, eta plaza horretan euskaltzale asko batzen gara informatikaren eta teknologia berrien inguruan euskara bultzatzeko.

Software librearen aldekoak zarete. Ze ezaugarri bete behar ditu software batek libre izateko?
Wikipediak dio software libreak hurrengo lau eskubide hauek betetzen dituela: helburua edozein dela ere exekutatu ahal izatea; aztertu eta aldatu ahal izatea; kopiatu eta hobetu ahal izatea; eta hobekuntza horiek publiko egin ahal izatea, komunitatearen onurarako.

Eta zergatik egon software librearen alde?
Software librea balio etiko batzuetan oinarritzen den elkarlan bide bat da, egiten diren aurrerapenak elkarbanatzeko asmoa duena. Alde teknologikotik ere badu bere arrazoia, frogatuta dagoelako elkarlanean egiten diren garapenak hobeak eta azkarragoak direla. Softwarearen kodeak mundu osoak eskuragarri baditu, mundu osoak egin dezake akatsak bilatzeko ahalegina eta errazago egiten dira hobekuntzak. Eta azkenik, euskaldun garen neurrian ere garrantzitsua da software librearen alde egiteko.

Zergatik?
Euskaldunok ez gara nahikoa masa kritiko programa informatikoak egiten dituzten multinazionalei euren lanak euskaraz egiteko eskatzeko. Inongo enpresa multinazionalek ez du egingo gogoz horrelako lanik. Eta, dirulaguntza bidez programa hori euskarara itzuliz gero, software pribatua den neurrian, itzulpen horren jabetza programan txertatzen da eta programaren jabea geratzen da itzulpen horren jabetzarekin. Eta horrek ez dio euskarari zabalkunderik ematen.

Eta adibide bera software librean erabiliz gero?
Software librean kodea elkar banatu egiten denez, programa horretan egiten diren hobekuntza edo itzulpenak atzetik datorrenak ere jasoko ditu, eta, neurri berean, itzulpen horiek erabilgarri izango dira beste software batean. Hala, lehen esan dugun arrazoi teknologikoari esker, software libreak sustatzen du elkarlana, elkarbanatzea, zabalkunde askoz ere azkarragoa, eta baita hobea ere.

Software horien itzulpenak berrerabili egiten direla aipatu duzu.

Hori da. Adibidez, Gnome, openoffice.org eta Firefox programak itzulita daude euskarara eta gaur egun badaude programa informatikoak itzulpen memoriak kudeatzen dituztenak.
Hala, nik gaur programa berri bat itzuli behar badut, aurretik eginda dauden itzulpen guztiak kargatu egingo ditut ordenagailuan eta termino berdinak dituzten berbak programak automatikoki itzuliko ditu. Lan mordoa aurreratzen da horrela, eta, aurreko itzulpenak ondo eginda badaude, bermatzen ari gara programa berriaren itzulpena ere ondo egongo dela.

Geroago eta gehiago dira software librearen alde daudenak, eta hura erabiltzen dutenak.

Bai, olatua geroago eta handiagoa da; besteak beste, jendea lehen aipatutako balio etikoen alde dagoelako. Horren adibide da Jaurlaritzak Eskola 2.0 programa abian jarri duenean egin duen apustua. Gazteek hartu behar dituzten ordenagailu eramangarriak Windows programarekin zetozen, baina software librearen aldeko mugimenduak lortu egin du hori aldatzea.

Gainera, gazte horiek hasieratik ohituko dira software libreekin lan egiten.
Bai baina hor badago uste bat ez dena zuzena; alegia, software librea erabiltzea zailagoa dela; eta hori ez da horrela. Aldaketa guztiek ahalegin bat eskatzen dute, bistakoa da hori.
Egin diren azterketek erakusten dute errazagoa dela Linux (software librea) erabiltzea Windows erabiltzea baino. Garapen bidean dauden lurraldeetara joan eta gazteei Linux eta Windows sistema eragileak dituzten ordenagailuak eman dizkiete, eta umeak errazago ibili dira Linuxekin. Eta ahaztu birusak, ordenagailua blokeatzea... erabiltzaileen %90endako hobe da software libredun ordenagailuak erabiltzea, pribatudunak baino.

Batzuek esaten dute hainbat programa ez daudela software librean.

Erabiltzaileen %90ek ordenagailua erabiltzen dute Interneten ibiltzeko, posta erabiltzeko, ofimatika programekin jarduteko eta norberak egindako argazkiak kudeatzeko. Horiek errazago eta hobeto egiten dira Linuxen Windowsen baino. Autocad erabili nahi duenak, medikuntzako ez dakit ze programa... baliteke horiendako Linux ez izatea aproposena, ados, baina gutxiengoa dira.

Gainera, askotan behar ez ditugun programen baliokideak nahi izaten ditugu software librean, beste programa batzuk aproposagoak direnean. Adibidez, argazkietan oinarrizko ukituak egin eta gure albumak osatzeko ez dugu Photoshop behar.

Esandako moduan, baina, aldatzeko ahalegina egin behar da.

Bai, baina hori ere poliki-poliki egin behar da, migrazioa ez dadila buruhauste bilakatu. Lehenengo egin daitekeena da Windows barruan software libreko programak erabili. Ondoren, sistema eragile moduan ordenagailuak aukera ematen du Windows eta Linux batera instalatzeko, eta guk aukera dezakegu egun batean bata edo bestea erabili. Eta, Windowsen beharrik ez daukagula ikusten dugunean, Linux bakarrik erabili.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak