Ainhoa Agirreazaldegi bigarren Leitzako final laurdenean

Irati Agirreazaldegi 2009ko urr. 11a, 02:28
Leitzan jokatu da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako bigarren final laurdena. Taula gainean lehenengo kantatu duen Ainhoa Agirreazaldegi bertsolari elgetarrarekin batera jardun dute Ibon Ajuriak, Etxahun Lekuek, Iñigo Olaetxeak, Xabier Sukiak eta Iñigo Manzisidor Mantxik. Saio txukunaren ostean, Ainhoa Agirreazaldegi bigarren izan da eta Etxahun Lekue, lehena izanik, zuzenean sailkatu da hurrengo faserako.

Fauna txiki bat ipini du bertsotan Agirreazaldegik bere agurrean eta jardun du hartzaren indarrez kantatzen, otsoen pare beldur apur bat ematen, sugea moduan bertsoak borobiltzen edo gainontzekoei zirika, izan ere, esan du izan zitekeela “arkakusoa beste bost hauen potrotan”. Saioa Leitzan izanik harri jasotzaileen edo perretxikoen aipamenik ere ez da falta izan agurretan.

Saio puntuagarriekin hasi eta zortziko nagusian jardun dute bertsolariek hasteko. Ainhoa Agirreazaldegik Ibon Ajuriarekin batera alaba mutilarekin muxuka ikusi duen bikotearen paperean aritu da. Lehenengo bertsoaldia izanik txukuna izan da, berotze kontuak aipatu dituzte baina saioa ez da hain une gorira iritsi.

Ehiztari arteko mendizaleen ahotik kantatu dute Lekuek eta Olaetxeak. Sukia eta Mantxiren saioa izan da zortziko nagusiko txalotuena. Euren enpresako 12 langilek bere buruaz beste egin dutela esan die akziodunei gai jartzaileak. Nagusi zorrotzaren papera hartu du Mantxik eta Sukiak leunago kantatu du, baina elkarri erantzunez eta paperak galdu gabe, izan ere, paper enpresa batean kokatu dute euren burua eta hitz joko politak entzun dira horren harira.

Txikian umorea

Zortziko txikiari ekin diote gero. Umoretik erraz jotzeko gaiak ipini dizkiete eta bide horretatik jotzen saiatu dira. Mantxiren eta Ainhoa Agirreazaldegiren bertsoaldiak txalo zaparrada jaso du eta baita jendea barrez ipini ere. Autoan edanda doazela-eta alkoholemia kontrola ikusita errepide bazterrean geratu eta musuka hastea proposatu dio batek besteari. Zortziko nagusiko jardunari tiratu eta Mantxik halaxe bota dio Ainhoari: “Goxo emango dizut, ez jarri kolokan; zure alaba bezain goxoa naiz hortan”. Ainhoak amaitu du bertsoaldia esanez, “muxuz ase ditzagun tristurak ta penak; bihotzeko mozkorrak baitira onenak”.

Puntuari erantzuna motel

Hiruna punturi erantzun behar izan diete gero bertsolariek, baina saioak apur bat behera egin du orduan; Etxahun Lekuerenak eta Mantxirenak izan dira beharbada aipatzeko modukoak.

Hamarreko txikian gai serioagoetarako bidea ipini die gai jartzaileak. Ainhoa Agirreazaldegiri Iñigo Olaetxearekin aritzea egokitu zaio. Gurasoak zahartuta dituzten anai-arreben paperean jarri eta zaintzeko txandak egitean Iñigo inoiz ez dagoela libre esan diete. Agirreazaldegik bere paperean txukun bete du bertsoaldia; gainontzekoak bezala kutsu serioa edo sentimentala emanez. Mantxik eta Etxahunek ere maitasun gaiak izan dituzte baina umore ukitu txikia ere eman diote saioari.

Kartzela

Kartzelakoa izan da azken lana eta honakoa zuten gaia: diru asko eskaini dizute, baina ez zaude prest.

Alokairuan haurdun izatea eskaini dioten emakumearen paperean jarri da Ainhoa gay eta lesbianek haurrak izateko duten eskubidea nolabait aldarrikatuz; Ibon Ajuriak Ozeano Indikora joateko gobernuak eskaintza egin dion erreskateko sorosle moduan jardun du; lagunak salatzearen truke dirua eskaini diotenaren ahotik kantatu du Etxahun Lekuek, baita txalo mordoa jaso ere; bide beretik jardun du Olaetxeak ere, salatari izateko eskaintza egin diotela esan baitu; Krisi garaian gauden honetan finikitoa sinatzeko esan dioten langile moduan aritu da Sukia enpresariei esanez, “noiz kristo ikasi behar duzue, gu ez garela makinak”; Mantxik Lekue eta Olaetxearen bide antzerakoa hartu eta lagunak salatzea eskaini diotela esan du honek ere.

Puntuazioa

Epaimahaikoek euren lanak amaitu bitartean agurra kantatu dute bertsolariek eta lagunak, familiakoak, bertso eskolakoak zein entzuleak eskertzeko baliatu dute aukera.
Saioa amaituta honakoa izan da emaitza:

  • Etxahun Lekue: 643 puntu
  • Ainhoa Agirreazaldegi: 634 puntu
  • Iñigo Manzisidor Mantxi: 621,5 puntu
  • Xabier Sukia: 604 puntu
  • Ibon Ajuria: 598,5 puntu
  • Iñigo Olaetxea: 575 puntu


Ainhoa Agirreazaldegi gustura zen egindako lanarekin saio ostean eta kantuan beretik jardun duelako pozik. Orain, gainontzeko final laurdenak jokatu zain egon beharko du aurrera egiten duen ala ez jakiteko.

Bergaran finalerdia

Gaur Leitzan lehenengo izan den Etxahun Lekue azaroaren 7an Bergaran jokatuko den finalerdian izango da Aitor Mendiluze eta Maialen Lujanbiorekin batera. Uztaritzeko final laurdenean lehen tokia lortzen duenak ere jardungo du Bergaran, baita puntuazioaren arabera laugarren eta zortzigarrenak ere.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak