AHTren lanak geldirik daude zenbait lekutan, diru faltagatik

Leire Kortabarria 2010ko urr. 4a, 13:59
Abiadura Handiko Trena bi abiadurako bihurtu da: Eusko Jaurlaritzaren ardurapean dagoen tartea abiadura bizian doa, eta hori ikusten da Bergaran eta Antzuolan. Baina martxa geldoaren adibideak ere baditugu, Espainiako Sustapen Ministerioak Adif bere enpresa publikoaren bitartez egiten diharduen tarteetan; hau da, Arrasate, Eskoriatza eta Aramaio ukitzen dituzten tarteetan.

Eusko Jaurlaritzaren zatia

Eusko Jaurlaritzaren ardurapean dagoen tartea abiadura bizian doa, eta hori ikusten da Bergaran eta Antzuolan; bi herriok lotzen dituen tramuaren lanak ekainean hasi ziren eta martxa onean doaz aurrera, bai Bergaran, Kukubason, bai Antzuolan, Goizper atzean. Eusko Jaurlaritzarendako "erabateko lehentasuna" da AHT, Lopez lehendakariak berak esanda; eta joan den astean, beste bi tarte lizitatzera atera zituen: Antzuola eta Ezkio-Itsaso II Ekialdea, bata, 133 milioi euroko lizitazio aurrekontuarekin eta 63 hilabeteko exekuzio-epearekin; eta Bergara-Bergara, bestea, 100 milioiko lizitazio aurrekontuarekin eta 63 hilabeteko exekuzio epearekin. Eta Eusko Trenbide Sareak jakinarazi duenez, hemendik urte bukaerara arte Tolosa-Hernialde, Andoain-Urnieta, Antzuola-Ezkio-Itsaso Mendebaldea eta Urnieta-Hernani tramuak adjudikatzea eta horietan lanak hastea da asmoa.

Hori, Eusko Jaurlaritza kupo bidez egiten dabilen tramuei dagokienez; Gipuzkoako zati handiena, hain zuzen. 

Espainiako Sustapen Ministerioaren zatia

Baina martxa geldoaren adibideak ere baditugu, Espainiako Sustapen Ministerioak Adif bere enpresa publikoaren bitartez egiten diharduen tarteetan; hau da, Arrasate, Eskoriatza eta Aramaio ukitzen dituzten tarteetan. 

Eskoriatzan, lanak ia guztiz geldi daude; Marin elizateko tunel luzean lehen 24 orduz lan egiten zuten, orain egunez txanda baten besterik ez. Eskoriatzako tartean lehen txandatan zebiltzan 200etik gora langiletik zortzi langilera bakarrik pasatu dira. Marinen eraiki dituzten zutabe erraldoiek, AP-1eko egiturak txiki uzten dituztenak, isolamendu eta bakardade itxura ematen dute. Inguratzen eta babesten zituzten aldamioak eta plataformak kendu egin dituzte. "Orain paseatu eta guzti egin daiteke; lehen ezinezkoa zen, kamioiak gora eta behera zebiltzalako egun osoan", esaten du Mazmelako auzo-alkate eta lurjabeak batzen dituen Onbide elkarteko Juan Carlos Belokik.
Diru falta da egoera horren zergatia, eta hala onartu zuen Espainiako Gobernuko ordezkari Mikel Cabiecesek 2011ko aurrekontuen berri eman zuenean, atzo, eguena: Espainiako Gobernuak 135 milioi inbertituko du euskal Y-an, aurten baino %38 gutxiago. Baina ez du modu ofizialean konfirmatu lanak geldi daudenik, eta esan du Adifek ez duela "aldatu enpresekiko dituen kontratuak, eta esandako epeak bete egin beharko dira". Bestalde, Lopez lehendakariak esan du gobernu zentralari eskatu diotela bere tramuetan "murrizketarik ez egiteko".

Herritarrek hauxe diote: "Urte hasieran igarri genuen martxa txikiagoan zebiltzala, eta konfirmatu egin da; enpresak eta langileak beste obra batzuetara joan dira; bat Zamorara joan zen joan den astean. Diru gehiagorik ez dagoela esan ziguten", esaten du Belokik. Obrak finantzatzeko, enpresek ordaintzen dituzte lanak, zatika, eta Adifek lan jakin bat bukatuta dagoela zertifikatu behar du, Sustapen Ministerioak enpresa horiei ordain diezaien; eta horrek egin du huts, hain zuzen, Adifek obrak zertifikatzeari utzi egin diola: "Enpresa eraikitzaileetako ordezkari batek esan zigun egindako obren %20 bakarrik zertifikatzen zizkiela orain Adifek".

Marinen da bereziki nabarmen lanak geldi daudela. Izan ere, AHTren lanen nukleo garrantzitsu bat da elizate hori: hara ailegatzen da Albertiako tunela (4,8 km), bi ahokoa, Legutio-Eskoriatza tartean; eta Maringo biaduktua (482 m), auzoko GI-3343 errepide gainetik pasatzen dena ere hantxe egingo dute. 17 eta 60 metro arteko zortzi zutabek eutsiko dute zubia.

Bada, denbora batean, behintzat, zubi horren eskeletoa bakarrik ikusi ahal izango da: "Sustapenekoek eurek ere ez dakite zenbat denbora emango duten geldi: urtebete, bi urte… Nik esango nuke bi urtean, gutxienez, egongo direla geldi", da Juan Carlos Belokiren kalkulua. Horrenbestez, zaila izango da AHT 2016. urterako bukatuta egotea.

Induspe, amaitzeke

Mazmelan ere giro lasaia antzematen da, nahiz eta AHT oso aurreratuta egon. Han dago Induspeko tunela (2.224 m), irailean inauguratu zutena. Baina horrek ez du esan nahi tunela bukatuta dagoenik: "Irailean, tunelaren goiko aldea zulatzen bukatu zuten. Falta da beheko aldea; hiru metroko altuera kendu behar dute, drainatzeak egin, estaldurak, hormigonatzea…", esaten du obra horien atari-atarian bizi den Juan Carlos Belokik. Tunel hori 2.000 metro inguru luze da. "Luzerako lana da, urtebetetik gora", esaten digu.
Baina han langilerik ez da ikusten, eta makinak ere geldi daude, edo beste obra batzuk egitera joan dira enpresak. Topograforen bat, zaintzaileren bat… horiek bakarrik gelditzen dira.

Mazmelako auzoan zuten hormigoi planta nagusia guztiz gelditu zuten irailaren 27an, eta han daude geldirik hormigoia banatzeko erabiltzen zituzten bost kamioiak, txoferrik gabe. Lanak berriz hasten direnean, ezin izango dira obrak utzi ziren puntutik jarraitu; orain kentzen ibili diren egitura guztiak berriz muntatu beharko dituzte, adibidez.

Errepidea egiten, batik bat

Eskoriatza-Aramaio eta Aramaio-Arrasate tarteetan ere lanak motelago doaz. Aramaioren kasua berezia da, han AHTren lanek zartatutako lurretan luizia gertatu zelako urtarril bukaeran, orduko eurite gogorren ondorioz. Errepide nagusia itxita geratu zen, eta Adif hori konpontzen dabil. Edozelan ere, Asier Agirre alkatearen hitzetan, "maiatza ezkero, AHTren lanetan mugimendu txikiagoa ikusten da". Esaten duenez, batez ere, tunelean –Induspekoa– gelditzen dira langile batzuk. Gaineratzen duenez, hala ere, Udalari ez diote "ezer ere" esan bide ofizialetatik.

Hala ere, Aramaioko lanak ere nahiko aurreratuta daude: hala gertatzen da biaduktuaren obrekin –A-2620 errepidearen gainetik doana–. Eta badaude oraingoz egin ez daitezkeen lan batzuk ere: esate baterako, tunelaren trenbideak ez dituzte oraindik ipiniko. Komentario ofizialen faltan, usteak dira nagusi: "Entzun dugu tunela itxi egingo dutela, beste tramu batzuetako lanak egin ahal izateko", esaten du lurjabe batek.
Arrasaten ere gauza bera gertatzen da: Udalatx barrenetik pasatuko den tunela (3.160 m) zulatzen azaroan hasi ziren eta inguruko bizilagunek diote "polikiago" dabiltzala, egunez bakarrik eta domeketan atseden hartuta. Hala ere, Etxebarriko tunela (312 m) egiten urtarrilean hasiko direla esan dute langileek.

"Buka ditzatela lanak"

Eta, oraingoz, euren lurretan eta etxe inguruetan giro lasaia duten arren, ez da gustuko egoera, Onbideko Juan Carlos Belokik dioen moduan: "Guk nahi duguna da lanekin aurrera jarrai dezatela eta lehenbailehen buka dezatela trena, inguruak ahalik eta ondoen utz ditzaten berriz".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak